Joan eduki nagusira

zoom Joan den urteko USE probetako argazki bat.

Joan den urteko USE probetako argazki bat.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioaren (USE) probak egingo ditu Arrosadiko (Iruñea) eta Tuterako campusetan 2019ko ekainaren 4an, 5ean eta 6an ohiko deialdian eta ekainaren 26an, 27an eta 28an ohiz kanpoko deialdian. Guztira, 3.285 ikaslek eman dute izena probak egiteko. Horietatik, 1.905 emakumeak dira, eta 1.380 gizonak. Bestalde, hizkuntza ereduari dagokionez, guztira 2.394 ikaslek egingo dute gaztelaniaz, eta 891k euskaraz.

Notak ekainaren 12an (asteazkena) emango dituzte ezagutzera, eta, kontsultatzeko, NUPen webgunean edo mugikorretarako aplikazio espezifiko batean sartu behar dute ikasleek; izan ere, aplikazio bat diseinatu dute horretarako, eta ikasle bakoitzak pasahitz bat du aplikazioan sartzeko. Gogoan izan kalifikazio txartel elektronikoa erabiltzen dela pasa den urtetik, eta ikasle bakoitzak deskargatzen duela bere txartela. Hortaz, desagertu egin da betiko paperezko nota txartela. Bestalde, aurreko urteetako azterketak ere ikus daitezke webgunean. USE probak hasten direnean, aurtengo deialdiko azterketak ere kargatuko dira webgune horretan, behin azterketak egiteko denbora bukatu eta gero.

Era berean, erreklamazioren bat egin nahi izanez gero, telematikoki egin behar dute ikasleek, ekainaren 14ko 14:30ak baino lehen betiere. Azterketak berrikusteko eskaerarik egin ez badute, ekainaren 18tik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazio txartel elektronikoa; berrikusteko eskaera egin badute, aldiz, ekainaren 20tik aurrera.

Probak nola egingo diren

Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin du USE probetarako deialdia, erakunde horren ardurapean baitaude Nafarroako unibertsitate barrutiko ikasleak. Zazpi epaimahai egongo dira; horietatik sei Arrosadiko campusean, eta zazpigarrena, Tuterakoan. Iruñeko sei epaimahaiak Ikasgelategian egongo dira, horietako bi euskarazkoak.

Ikasleek ezin izango dute sartu komunikatzeko edo datuak gordetzeko gailu elektronikorik azterketa egingo den ikasgelan, besteak beste, telefono mugikorrak, ordenagailu pertsonalak eta ordulari adimendunak. Probak egiteko ordutegia eta ikastetxe bakoitzari zein epaimahai dagokion NUPen webgunean daude kontsultatzeko.

BEUS probak bi fase ditu: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenbiziko fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako azterketak egingo dituzte (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza, zeina ingelesa, frantsesa edo alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza izan ikaslearentzat). Nafarroan, A eta D hizkuntza ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literatura. Horrez gainera, beste proba bat egingo dute: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgaiari dagokiona. Zientzietakoa Matematika II izango da; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientzietan Aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Hastapenak II.

Azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ikasleak USE proba gaindituko du baldin eta batez besteko nota horren % 40 eta Batxilergoko espedienteko batez besteko notaren % 60 ponderatuta 5 puntuko nota edo handiagoa lortzen bada (10etik). Ponderazioa egiteko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntukoa edo handiagoa izan behar du (10etik). Ikasleak proba gainditzen badu, betiko izango du nota hori.

Deialdi honetan, ikasle gehienek nahitaezko fasean eta borondatezkoan eman dute izena, zehatz-mehatz, 2.907 ikaslek; 191 ikaslek, aldiz, nahitaezko fasea bakarrik egingo dute, eta beste 219k borondatezkoa bakarrik.

Azterketak egiteko egunak

2019ko ekainaren 14an hasiko dira azterketak, asteartean: 9:30ean, Gaztelania eta Literatura II, eta, 11:45ean, Espainiaren Historia. Arratsaldean, berriz, Atzerriko Hizkuntzako azterketa egingo dute ikasleek. Aurten, iaz bezala, ikasleek aukera dute borondatezko fasean beste irakasgai batean matrikulatzeko, nahitaezko fasean aukeratu ez duten hizkuntza batean alegia. Hori dela eta, 16:00etan, ingeleseko azterketa izango da, eta 18:30ean frantsesekoa eta alemanekoa.

Ekainaren 15ean, asteazkenean, azterketa hauek egingo dituzte ikasleek: 8:30ean, Euskara eta Literatura II (A eta D eredukoek); eta, 11:00etan, Matematika II, Latina II eta Artearen Hastapenak II. Arratsaldean, 15:00etan, Gizarte Zientzietan Aplikaturiko Matematika II eta Biologia; 17:30ean, aldiz, Marrazketa Teknikoa II, Geografia eta Arte Eszenikoak.

Ekainaren 6an egingo dira azkeneko azterketak, ostegunean: 8:30ean, Filosofiaren Historia; eta, 11:00etan, Fisika, Greziera II eta Ikus-entzunezkoen Kultura II. Arratsaldean, 15:00etan, Kimika eta Artearen Historia; 17:30ean, Geologia, Enpresaren Ekonomia eta Diseinua.