Joan eduki nagusira

zoom Laetolik argitaletxearen “El pensamiento dualista” liburuaren azala.

Laetolik argitaletxearen “El pensamiento dualista” liburuaren azala.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta LaetolI argitaletxeakEl pensamiento dualista. Ideologías, creencias, fanatismo” liburua argitaratu dute. “Las dos culturas” bildumaren barneko zabalkuntzako lan horrek ikuspuntu kritiko eta filosofiko batetik heltzen dio gai honi, eta azterketa sozial eta politikoa egiten du. Liburuaren egileak, Francisco J. Rubia  Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Medikuntzako katedradun emerituak, duela gutxi aurkeztu zuen bere lana Espainiako Medikuntzako Errege Akademia Nazionalean (Madrilen).

Lanean azaltzen den bezala, pentsamendu bitar edo dualistak termino antitetiko edo kontrakoetan aztertzen du mundua: zuria/beltza, argia/iluntasuna, gorputza/arima, garuna/adimena. Egilearen arabera, pentsamendu mota hori “ideologien nahiz sinesmenen eta fanatismoaren ezaugarri bat da (liburuaren azpititulua osatzen duten hiru elementuak), eta oso ondorio kaltegarriak izan ohi ditu: seguru aski gizakiak izan ditzakeen pentsaera moten artean ez dago bat ere horrenbeste biktima eragin dituenik”.

Egileak errealitatea interpretatzeko modu horri egiten dion kritikan sakontzen du: “Nire lehen liburuaren sarreran, pentsamendu dualista edo bitarrarekin betidanik izan dudan interesa aipatu nuen; izan ere, pentsamendu hori oso bizirik egon zen XX. mendean suntsitzaileenak izan ziren ideologia politikoetan: Alemaniako ideologia nazionalsozialistan eta Sobietar Batasuneko ideologia marxista-leninista-estalinistan. Bien ondorioz milioika lagun hil ziren, eta ideologien zorigaiztoko boterearen adibidetzat har daitezke”. “Gainera, gaur egungo terrorismo jihadistak berriz ere azaleratu du fenomeno hauetan sakontzeko premia, gure bizitzari zuzenean eragiten baitiote eta nazioarteko politika asaldatzen baitute”, esan du.

Egilearen CV laburra

Francisco J. Rubiak (Malaga, 1938) Medikuntza ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta Düsseldorf-eko Unibertsitatean. Nerbio-sistemaren fisiologian espezializatu zen, eta berrogei urtetik gora aritu da esparru horretan lanean. Berrehun argitalpen baino gehiago egin ditu.

Gaur egun, Unibertsitate Konplutentseko Medikuntza Fakultateko katedradun emeritua da. Liburu hauek idatzi ditu, besteak beste:  El cerebro nos engaña (Taurus, 2007), El sexo del cerebro (Taurus, 2007), El fantasma de la libertad (Crítica, 2009), ¿Qué sabes de tu cerebro? (Temas de Hoy, 2012), La conexión divina (Booket, 2014) eta El cerebro espiritual (Fragmenta, 2015).