Joan eduki nagusira

zoom Ikasleetako batzuk, bi berotegietako baten aurrean. Zutik, ezkerretik eskuinera: Íñigo Barberena (ikaslea), Inmaculada Farran (irakaslea), David Gómez (ikaslea), Sergio García (ikaslea), Asier Ruiz (ikaslea), Irene García (ikaslea), Iñaki Irigoyen (ikaslea) eta Manuel Chocarro (langile teknikoa). Makurtuta, ezkerretik eskuinera: José Ángel Navarro (ikaslea), Jorge Fernández (ikaslea) eta Miguel Salvador (ikaslea).

Ikasleetako batzuk, bi berotegietako baten aurrean. Zutik, ezkerretik eskuinera: Íñigo Barberena (ikaslea), Inmaculada Farran (irakaslea), David Gómez (ikaslea), Sergio García (ikaslea), Asier Ruiz (ikaslea), Irene García (ikaslea), Iñaki Irigoyen (ikaslea) eta Manuel Chocarro (langile teknikoa). Makurtuta, ezkerretik eskuinera: José Ángel Navarro (ikaslea), Jorge Fernández (ikaslea) eta Miguel Salvador (ikaslea).

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) hogei ikasle inguruk zerbitzu eginez ikasteko esperientzia bat jarri dute martxan Paris 365 jantoki soziala apirilean eta maiatzean astero barazkiz hornitzeko. Barazkiak Unibertsitateko Praktiketarako eta Nekazaritza Ikerketarako Etxaldeko bi berotegitan lantzen dira, zeinek 720 metro karratuko azalera hartzen baitute Iruñeko Arrosadiko campusean bertan. Etxaldeko langile teknikoak arduratu dira ekimena koordinatzeaz, hain zuzen Manuel Chocarro Martín, Josepe Irigarai Gil eta Juan José Urdiáin Asensio.

Proiektuan Paris 365 jantoki sozialarekin lankidetzan aritzeko proposamena Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren aurreko zuzendaritza-taldearena izan zen. Zerbitzu eginez ikasteko prestakuntza-proposamena ikasketa akademikoei garrantzi sozial handiagoa emateko bide bat da, eta unibertsitateko titulazio guztietan curriculumerako edukiak garatzeko aukera ematen du. Horrek dakarren berrikuntza nagusia ikasleen prestakuntza akademikoa inguruaren egiazko beharren testuinguruan antolatzea da; horrela, ikasleen erantzukizun soziala lantzen da, herritar aktibo gisa jarduteko prestatuz.

Baratze solidario hori modu boluntarioan landu dute Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduko Baratzeko Laboreak irakasgaiko ikasleek, zeinek Inmaculada Farran Blanch baitute irakasle, hau da, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko Landare Ekoizpena jakintza-arloko irakasle eta IMAB institutuko ikertzailea (Institute for Multidisciplinary Applied Biology - Diziplina Anitzeko Biologia Aplikaturako Institutua).

Barazki asko eta kalitate onekoak

Proiektu hori gauzatzeko, NIGMETek 360 metro karratuko bi berotegi laga dizkie ikasleei Iruñeko Arrosadiko campuseko Praktiketarako eta Nekazaritza Ikerketarako Etxaldean. Irakasgai bakoitzean jasotzen dituzten eskolez aparte, ikasleek, taldetan banatuta, proiektu bat egin behar izan dute Paris 365 jantokiaren barazki-premia ahalik eta denbora luzeenean asetzeko, eta konpromisoa hartu dute astero kalitate jakin bateko produktuen kantitate jakin bat emateko. Ikasleek laboreak landatu dituzte, uztaren plangintza egin dute, eta, azken fasean, apiriletik maiatzera bitarte, uzta bildu dute.