Joan eduki nagusira

zoom Agintariak eta irakasleak, NUPeko Arrosadiko campusean (Iruñean), Diplomaren 10. urteurrena ospatzeko ekitaldian.

Agintariak eta irakasleak, NUPeko Arrosadiko campusean (Iruñean), Diplomaren 10. urteurrena ospatzeko ekitaldian.

Hamar urte pasatu dira Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) Ijitoen Komunitatearekiko Esku-hartze Sozialeko Unibertsitate Hedapeneko Diploma online irakasten hasi zenetik, eta Espainiako hainbat autonomia-erkidegotako eta besteko 344 lagunek eskuratu dute orduz geroztik. Titulu berekiaren hamargarren urteurrena ospatzeko, ekitaldi bat egin zen atzo, maiatzaren 23an (osteguna), Iruñeko Arrosadiko campusean. Unibertsitate - Gizarte Fundazioak kudeatzen du diploma, Secretariado Gitano Fundazioarekin sinatutako hitzarmen bati eta Osasuneko, Kontsumoko eta Ongizate Sozialeko Ministerioaren laguntza ekonomikoari esker.

Ekitaldian, hiru erakunde horietako ordezkariak izan ziren. NUPen aldetik, Alfonso Carlosena errektoreaz gainera, José María Uribe Oyarbide diplomaren zuzendariak eta Nerea Zugasti Mutilva koordinatzaileak hartu zuten parte; Secretariado Gitano Fundazioaren aldetik, berriz, Isidro Rodríguez Hernández zuzendari nagusiak; eta Osasuneko, Kontsumoko eta Ongizate Sozialeko Ministerioaren aldetik, M.ª Dolores Ruiz Bautista Programa Sozialen zuzendariorde nagusiak. Aurreko urteetan tituluan lan egiten zuten beste batzuk ere etorri ziren: Miguel Laparra Navarro, diplomaren zuzendari ohia eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako oraingo lehendakariordea, Javier Arza Porras diplomaren koordinatzaile ohia, eta Fernando Rey Martínez diplomaren irakasle ohia eta Gaztela-Leongo Juntako Hezkuntzako oraingo kontseilaria.

Ijitoak gizarteratzeko estrategiak

Europako gutxiengo etniko nagusia da ijitoen komunitatea, eta berdintasunik ezak eta diskriminazioak gehien eragindako taldeetako bat. Hori dela eta, Europako Batzordeak Ijitoak Gizarteratzeko Estrategia Nazionalen Europako Esparrua onetsi zuen 2011n. Era berean, Espainiak estrategia nazional propioa onetsi zuen 2012-2020 denboraldirako, eta zenbait autonomia-erkidegok ere badute ijitoak gizarteratzeko plan estrategiko bat.

“Estrategia horiek guztiak gauzatzeko, ordea, ezinbestekoa da prestakuntza espezializatua duten profesionalak izatea, ikasketa horiek eginda ijitoen diskriminazioa desagerrarazteko eta desparekotasunak murrizteko programak eta zerbitzuak kudeatzen ikasten baitute” —esan zuen José María Uribe Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleak—.

Asmo horrekin jarri zuten martxan 2009an NUPen Espezializazio Diploma Esku-hartze Sozialean Ijitoen Komunitatearekin. Online metodologia du oinarri, horrek titulua eskuratzeko aukera ematen baitie Espainiako beste autonomia-erkidego batzuetan bizi diren ikasleei eta lanean ari direnei. “Diploma honek gaur egun prestakuntza-eskaintzarik ez duen arlo batean jarduteko trebatzen ditu profesionalak, hau da, ijitoen komunitatean esku hartzeko, eta, zehazki, ijitoen gaitasun profesionalak eta, batik bat, emakumeenak hobetzeko. Ikasturte guztietan, ikasle gehienak emakumeak izan dira; 2010., 2013. eta 2015. ikasturteetan, adibidez, matrikulatutako ikasleen % 80 emakumeak ziren”, ekarri du gogora Nerea Zugasti Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleak. Gainera, “hasierako urteetan baino gazteagoak dira orain matrikulatzeko probabilitate handieneko ijitoak, eta prestakuntza hobea dute”, esan du koordinatzaileak.

Urteurrena ospatzeko ekitaldian, titulazioaren hamar urteetako ebaluazio txostena eman zuten ezagutzera. “Titulua eskuratu dutenei inkesta bat egin zaie, eta haien % 77k esan dute diplomak ondorio onak edo oso onak izan dituela beren gaitasun profesionalak hobetzeko. Izan ere, nabarmen handitu da arlo sozialeko lanpostuetan kontratu mugagabeak eskuratu dituzten ijitoen kopurua; diploma eskuratu ondoren, haien % 60k lortu du halako lanpostu bat. Era berean, handitu egin da maila ertaineko ardurako lanpostuak eta zuzendaritzakoak lortu dituzten ijitoen kopurua ere”, esan du Nerea Zugastik.

Inkestaren emaitzen arabera, hamar urteotan titulazioan ibili diren ikasleek gehien estimatu dutena aurrez aurreko topaketak, sortu den sarea, ikastaroaren antolamendua eta irakasleak dira.

Urteurrena ospatzeko ekitaldian, Secretariado Gitano Fundazioak kanpaina berri bat aurkeztu zuen, “Lección gitana” izenekoa. Horren bidez, ijitoen komunitatea egiaz nolakoa den eman nahi dute ezagutzera, bazterketaren eta bereizkeriaren kontra borrokatzeko. Azken buruan, argitara eman nahi da ijitoen historia, orain arte ikusgaitz bihurtu dena.

Saio presentziala asteburu honetan

Diplomaren 10. edizio honetako 33 lagunek, Espainiako bederatzi autonomia-erkidegotatik etorriak, ikastaroaren bigarren saio presentziala egingo dute gaur, maiatzaren 24an (ostirala), eta bihar, maiatzaren 25ean (larunbata), NUPeko Arrosadiko campusean.

Izan ere, ikastaroa online egiten bada ere, bi saio presentzial ere egiten dira: bat, urtarrilean, Madrilen, eta, bestea, maiatzean, Iruñeko Arrosadiko campusean. Saio horietan, modulu teorikoetan landutako gaietan sakontzen dute ikasleek elkarrekin gogoeta eginez. Horretaz gainera, ikasketa amaierako lana ere bultzatzen da, zeina ikasle guztiek egin behar baitute.

Saio presentzialean irakasle arituko dira, NUPeko titulu berekiaren arduradunez eta Javier Arza irakasleaz gainera, Pedro Aguilera Cortés politilogo eta Europako politika sozialetan espezializatutako aholkularia eta Humberto García González-Gordon Secretariado Gitano Fundazioko Ekintza Instituzionaleko eta Lurralde Garapeneko zuzendariordea.

Topaketan, Andaluziako, Aragoiko, Gaztela-Mantxako, Kataluniako, Valentziako, Extremadurako, Galiziako, Madrilgo eta Nafarroako ikasleak elkartuko dira, eta Iruñeko Udalean egingo diete harrera.

Hurrengo ikasturtean Ijitoen Komunitatearekiko Esku-hartze Sozialeko Unibertsitate Hedapeneko Diploma online ikasi nahi izanez gero, eman izena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean. Izena emateko epea 2019ko maiatzaren 31n bukatuko da.