Mikel Bravo Acha Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Komunikazioen Teknologietako doktoreak Europar Batasunaren Marie Sklodowska-Curie ikerketa kontratua lortu du, ReSOLeS “New Reconfigurable Spectrum Optical Fibre Laser Sources” proiektuan hasteko (Zuntz Optikoko Laser-iturri Birkonfiguragarri Berriak). Komunikazio Optikoen ikerketa-taldea ari da proiektu hori garatzen, NUPeko Smart Cities Institutuak (ISC) lagunduta.
ReSOLeS proiektuak 172.932,48 euroko laguntza ekonomikoa du, eta laser-iturri berritzaileak ikertu eta garatzea du xede, hiri adimendunetan aplikatzera bideratutako komunikazio eta sentsoreetan erabiltzeko. NUPeko katedraduna eta ISCko ikertzailea den Manuel López-Amo Sainzek babestu du proiektua.
Marie Sklodowska-Curie banakako kontratuak, hala deitzen direnak Nobel Saria bi aldiz jaso zuen zientzialari frantziar-poloniarraren omenez, Horizonte 2020 Europako ikerketa programaren Zientzia Bikaina atalekoak dira, eta hoberenak diren eta etorkizun handiena duten zientzialarien mugikortasunari laguntzeko asmoa dute. Ikertzaileen ahalmen berritzaile eta sortzailea areagotzea da haien helburua. Beraz, Europa osoko proiektuak lehiatzen dira ebaluazio-prozesu zorrotz batean. “Egia bada ere gaur egun egoera konplexua eta zalantzazkoa dela ikertzaile gazteontzat, kontratu honek aukera eman dit bi urtez itzultzeko Nafarroako Unibertsitate Publikora, Sherbrooke-ko Unibertsitateko Nanoteknologia eta Nanosistemetako Laborategian (Quebec, Kanada) doktoretza ondoko aldi bat egin ondoren”, azaldu du Mikel Bravok.
Argiaren aro berria
Garatuko duen lanaren garrantzia azaltzeko, ikertzaileak Nazio Batuen Biltzar Orokorraren 68. saioan aipatutako esaldia baliatu du, 2015. urtea Argiaren Nazioarteko Urte aldarrikatu zen hartan: “XXI. mendean fotonikaren mende egongo gara, XX. mendean elektronikaren mende egon ginen bezala”. “Ziur aski baieztapen hori topiko bat izanen da, baina ezin da zalantzan jarri fotonikak gaur egungo zibilizazioan duen eragina. Askok dugu zuntz optikoa gure etxean, eta funtzionamenduaren oinarri gisa argia erabiltzen duten sistema ugari ditugu inguruan, hala nola argiztapen elementuak, pantailak, sentsoreak, sorgailu elektrikoak eta beste asko”, adierazi du Mikel Bravok.
Aipatu den bezala, ReSOLeS proiektuak metodo berritzaile bat proposatzen du zuntz optikoan oinarritutako laser mota jakin baten argi-espektroa kontrolatzeko, argi-intentsitatearen aldaketaren bidez. Metodo horrek argi-espektroa kontrolatzeko beste modu bat gehituko du, zenbait aplikaziotan erabiltzen ahalko dena, komunikazioetan eta sentsoreetan esate baterako. Kasu honetan, sistema hau zuntz optikoko sentsoreen sareetan aplikatu nahi da, hiri adimendunetan erabiltzeko.
Gaur egun, NUPeko Komunikazio Optikoen Taldea lankidetzan ari da zenbait enpresarekin (Obysur S.L. eta Asfaltos y Construcciones del Baztán S.A.) eta Iruñeko Udalarekin mota honetako aplikazioetan, ibilgailuen trafikoa monitorizatzeko. Gainera, ikertzaileak berriki ikerketaren hasierako emaitza batzuk aurkeztu zituen Napolin egin zen (Italian) Sentsoreen gaineko Zientziaren Nazioarteko Zazpigarren Sinposioan.
Ikertzailearen curriculum laburra
Mikel Bravo Achak (Deba, Gipuzkoa, 1983) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin zuen zuntz optikoko sentsoreetarako sistema fotonikoei buruzko bere doktoretza-tesia. Gaur egun NUPen egiten du lan Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailaren Komunikazio Optikoen taldeko kide gisa. Halaber, NUPen egin zituen Telekomunikazioko Ingeniaritza Teknikoko eta Komunikazioetako Masterreko ikasketak.
Hogei artikulutik gora idatzi ditu nazioarteko aldizkarietan, beste egile batzuekin batera; bost ekarpen izenpetu ditu nazioko biltzarretan eta hamazazpi nazioarteko biltzarretan. Horietako bitan ikasle batek egindako ekarpen onenaren saria lortu zuen. Bestalde, parte hartu du I+G-ko 6 proiektutan, eta bi ikerketa-egonaldi egin ditu, bata Portoko Unibertsitatean, eta bestea, Londreseko City University-n. Gainera, doktoretza ondoko bi urteko prestakuntza aldia egin du arestian aipatutako Nanoteknologia eta Nanosistemetako Laborategian (LN2), Sherbrooke-ko Unibertsitateko Berrikuntza Teknologikoko Diziplinarteko Institutuan (Quebec, Kanada). Prestakuntza aldi horretan, gidatu gabeko optika integratuan espezializatu zen.
Gainera, irakasle elkartua izan da NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailean, non orain irakasle lankide gisa ari baita Ingeniaritza Graduko ikasleei elektronikarekin loturiko irakasgaiak irakasten.