Joan eduki nagusira

zoom Janaina Rodrigues, NUPeko doktore berria.

Janaina Rodrigues, NUPeko doktore berria.

Sistema oso produktiboetako etorkizuneko nekazaritzak “neutraltasun nitrogenaturantz” egin behar ditu urratsak, NUPen duela gutxi defendatutako tesi baten arabera. Kontzeptu berri bat da, nekazaritzako laboreetan ingurunearekiko erreaktiboa den nitrogenoaren galera murriztu beharra indartzen duena (nitratoa, amoniakoa edo nitrogeno oxidoa). Erronka horri erantzun nahi dio Janaina María Rodrigues Dos Santos ingeniari kimikoak egindako ikerketak. Ikerketaren izenburua hau da: “Evaluación del efecto de los inhibidores de la nitrificación derivados de dimetilpirazol y la nutrición amoniacal sobre la fisiología de las plantas”. Pedro Aparicio Tejo (NUP) eta Carmen González Murua (Euskal Herriko Unibertsitatea) katedradunek zuzendu dute tesia, bai eta Berta Lasa Larreak ere (NUP).

Bere doktoretza-tesiaren edukia azaltzeko, ikertzaileak lehenbizi nabarmendu du nitrifikazio-inhibitzaileak (NI) dituzten ongarriak garatzeko joera dagoela egun. Landareek sortutako produktu biologikoak izan daitezke edo ongarriei gehitzen zaizkien sintesi kimikoko substantziak. Lehenbizi aipatutako substantzia biologikoak bezala, mikroorganismo nitrifikatzaileen hazkundea inhibitzeko gai dira, eta laboreen nitrogeno galeraren murrizketa sustatzen dute.

Testuinguru honetan, tesiaren egileak aipatzen duenez, duela zenbait hamarkada hasi ziren erabiltzen nekazaritzan sintesi kimikoaren bidez sorturiko inhibitzaileak, eta nekazaritzako sistemen nitrogeno galerak murrizteko garatu dituzte (nitrato lixibiatua eta nitrogeno oxidoen igorpena), eta laboreei aplikatutako ongarrien nitrogenoaren erabileraren eraginkortasuna handiagotzen da. “Egun, diziandiamida (DCD) eta 3,4-dimetilpirazol fosfatoa (DMPP) dira merkaturatutako NI erabilienak eta ikertuenak. Produktu berri bat garatu dute duela gutxi, azido 2- (N-3,4-dimetil-1H-pirazol-1-il) sukzinikoa (DMPSA). Dimetilpirazolaren taldekoa da. DMPPren eraginkortasunaren antzekoa badu ere, gaur arte azterketa gutxi egin dira molekula berri horri buruz eta oraindik ez dago erabat garbi zein den bere jokamoldea”, azpimarratu du ikertzaileak.

Zehazki, doktoretza-tesi honetan, dimetilpirazoletik eratorritako NIek eta nutrizio amoniakalak landareen fisiologian duten eragina aztertu du egileak, inhibitzaileen erabilerak lurrean erabilgarri dauden nitrogeno formen presentzia aldatu eta amonio gehiago baitakar.

Ilarrean eta espinakan aztertzeko eta ikertzeko metodo berria

Tesi honetan, landareetan nitrifikazioaren inhibitzaile berrirako (DMPSA) azterketa egiteko metodo berri bat garatu da. “Dimetilpirazoletik eratorritako bi NIak, DMPP eta DMPSA, errotik xurgatu eta landarearen aireko zatira transloka badaitezke ere, landa-eremuan ia aurkitu ezin diren DMPPren dosi handietan baino ez diete erasaten landareei”, esan du ikertzaileak. Azaltzen duenez, DMPPek landarearen prozesu fisiologiko eta metabolikoetan zein eragin duen aztertze aldera, ikerketa bat egin zen tresna molekularrekin (transkriptomikoa eta proteomikoa) eta ikerketa fisiologikoak erabili ziren  ikerketa osatzeko, inhibitzailearen eragina izan dezaketen landareen mekanismo eta ibilbide fisiologikoak hobekiago ezagutzearren.

“NIak direla-eta lurzoruan amonio gehiago metatzen da denbora-tarte luzeagoan, amoniako oinarriko ongarriak aplikatu eta gero, eta, hortaz, NO3- eta NH4+ ratio diferenteek ilar eta espinaka landareetan duten eraginaren azterketa bat egin dugu, landare horiek nutrizio amoniakalarekiko toleranteak eta sentikorrak diren espezieen erakusgarri baitira”. “Egiaztatu dugu ehunek duten amonio mailari eustea faktore garrantzitsua dela landareetako iturri nitrogrenatuarekiko tolerantziari emandako erantzunean”, ondorioztatu du ikertzaileak.

Tesiaren egilearen curriculum laburra

Janaina Rodrigues Ingeniaritza Kimikoan lizentziatua da Manauseko Hezkuntza Zentro Luterarrean (CEULM-ULBRA-Brasil), MBA Proiektuetan Fundação Getúlio Vargas-en (FGV-Brasil) eta, gero, Ingeniaritza Kimikoko, Prozesuko eta Produktuko Masterra egin zuen Portoko Unibertsitateko Ingeniaritza  Fakultatean (FEUP-Portugal).

Bere doktoretza-tesia egin bitartean, Lisboako Unibertsitateko Zientzien Fakultatean egin zuen bere ikerketen parte bat, eta, horrenbestez, bere doktoretzak Nazioarteko Aipamena du. Egun, doktoretza ondoko kontratu bat dauka Amazoniako Ikerketen Institutu Nazionalarekin (INPA-Brasil).