Joan eduki nagusira

zoom Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko ikasle eta ikertzaileak, NUPeko liburutegian. Zutik, ezkerretik eskuinera: Aránzazu Jurío, Iñaki Echeverría eta Laura De Miguel. Eserita, zentzu berean: Amaia Antón, Leyre Catalán eta Alberto Berrueta. Pedro Soler eta Ángela Vivo falta dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko ikasle eta ikertzaileak, NUPeko liburutegian. Zutik, ezkerretik eskuinera: Aránzazu Jurío, Iñaki Echeverría eta Laura De Miguel. Eserita, zentzu berean: Amaia Antón, Leyre Catalán eta Alberto Berrueta. Pedro Soler eta Ángela Vivo falta dira.

Nafarroako Foru Komunitateko bi unibertsitate presentzialetako zortzi ikasle eta ikertzaile gaztek, hots, Nafarroako Unibertsitate Publikokoek (NUP) eta Nafarroako Unibertsitatekoek (UNAV), zientziari buruzko hitzaldi laburrez osatutako ikuskizun bat egingo dute ostiralean, maiatzak 24, “PreNaukas Universidad” izenburupean. Zientzia zabaltzeko topaketa hori Iruñeko Planetarioan egingo da, 19:30ean, eta sarrera librea izango da jende guztiarentzat. Hizlarien artean, nabarmentzekoa da Iñaki Echeverría Huarte Nafarroako Unibertsitateko Fisikako eta Matematika Aplikatuko Doktoretzako ikaslea, hark irabazi baitzuen joan den astean Espainiako FameLab monologo zientifikoen nazioarteko zazpigarren lehiaketa, zeina Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) eta British Council erakundeak antolatzen baitute, ‘la Caixa’ren Gizarte Obrarekin lankidetzan.

Jarduera hori, gainera, “Naukas Pamplona: beste munduak” ekitaldiaren atariko moduko bat izango da. Zientzia ikuskizun hori maiatzaren 25ean izango da, larunbatean, nafar hiriburuko Baluarte biltzar jauregi eta auditorioan, eta hainbat hitzaldi labur bilduko ditu, betiere zientzia zabaltzeko asmoz eta eszeptizismoa eta umorea tartekatuz musikarekin, magiarekin eta poesiarekin. Ekitaldiak Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso du, baita NUPen, Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Museoaren, Iruñeko Planetarioaren eta Planeta STEM proiektuaren laguntza ere. Sarrera librea izango da aretoa bete arte, eta programa osoa Naukas-en webgunean dago kontsultatzeko.

Ikertzaile gazteen hitzaldiak

“PreNaukas Universidad” ikuskizunari dagokionez, bi unibertsitateetako bakoitzak lau ikasle ikertzailerekin hartuko du parte. Hain zuzen, NUPen aldetik Alberto Berrueta Irigoyen, Leyre Catalán Ros, Laura De Miguel Turullols eta Aránzazu Jurío Munárriz izango dira (guztiak Smart Cities Institutuko ikertzaileak); eta Nafarroako Unibertsitatearen aldetik, berriz, Amaia Antón Alcalde Biologiako Graduko ikaslea, Pedro Soler Lloréns Mikrobiologiako doktorea, Ángela Vivo Luján Medikuntzako Graduko ikaslea eta lehen aipatutako Iñaki Echeverría.

Alberto Berrueta Industria Ingeniaritzako doktoreak (NUP) baterien arloko azken aurrerapausoen berri emango du “Pilak kargaturik” izeneko hitzaldian, kontuan izanik metatze-sistema horiek beharrezkoak direla energia berriztagarrien eremuan. Bestalde, Leyre Catalán Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologietako programako doktoregaiak (NUP) geotermiak ematen dituen aukerak aurkeztuko ditu “Geotermia: janaria prestatu ala elektrizitatea sortuko dugu?” monologoan. Energia garbi horrek Lanzarote kanariar uharte bolkanikoko lur azpiko tenperatura altuak baliatzen ditu elektrizitatea sortzeko.

Laura De Miguel Matematikako doktorearen erakusketak (NUP) “Hiru mezu, bakar batean” du izenburua, eta esteganografiaren erabilerak azalduko ditu. Kriptografiaren adar horrek aukera ematen du, adibidez, mezu bat irudi digital batean ezkutatzeko. Horretaz gain, Aránzazu Jurío Ingeniaritza Informatikoko doktorea (NUP) zientziaren eta teknologiaren arloko aurrerapenak eginagatik merezi duten aitorpena jaso ez duten emakumeen inguruan arituko da “Emakume zientzialariak” izeneko hitzaldian.

Nafarroako Unibertsitatearen kasuan, Amaia Antónek maitasunaren, nerbio-sistemaren eta sistema endokrinoaren arteko lotura zein den jakinaraziko du “Neurona maiteminduak” hitzaldian. Bestalde, Iñaki Echeverríak FameLab lehiaketa irabazteko balio izan zion monologoa errepikatuko du, “Utz iezadazu ateratzen” izenekoa, oztopoek gizakien eta animalien larrialdietako mugimenduetan nola eragiten duten aztertzen duena.

Pedro Soler doktorearen kasuan, “Txerri-izurri afrikarra: pandemia birala animalien munduan” monologoak txerrien gaixotasun biral bat izango du hizpide: birala, jende guztiaren ahoan dagoelako, baita birikoa delako ere. Ángela Vivoren hitzaldiak, “Honetan dira antzekoak medikuntza eta musika” izenekoak, giza fisiologiaren ikuspuntutik aztertuko du zergatik zen beharrezkoa “Sabelarekin arnastu behar duzu” esaten zuen musika-irakasle hari kasu egitea.

“PreNaukas Universidad” ikuskizunaren hiru bultzatzaileak arituko dira ekitaldiaren buru: Javier Armentia Fructuoso Iruñeko Planetarioaren koordinatzailea, Ignacio López-Goñi Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Museoaren zuzendaria eta Joaquín Sevilla Moróder NUPeko Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Katedraren arduraduna.