Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) tituludun bat eta bi ikasle elikagai berritzaileak bilatzen dituen Ecotrophelia España Sarien finalerako sailkatu dira. Talde horrek kafe disolbagarri bat aurkeztu du eta betaglukanozko prestakin batekin nahasi du osasun kardiobaskularra babesteko. Betaglukanoa jatorri begetala duen zuntz bat da. Lehiaketan Unibertsitateko ikasleek elikagai berri bat sortu behar dute, bi baldintza beteko dituena: berritzailea izatea bere faseetako edozeinetan eta ingurumen irizpide bati erantzutea.
Taldeko kideak honako hauek dira: Irene Albero Elorza (Iruñea, 1992) —ekainean Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradua lortu zuen eta lanean ari da Kingston Upon Hull-eko Nomad Foods multinazionalean (Erresuma Batuan)—, haren anaia Guillermo Albero Elorza (Iruñea, 1999), —Administrazioko eta Zuzendaritzako Gradua ikasten ari da— eta Álvaro Maestre Pérez (Iruñea, 1996) —Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako graduduna eta Elikagaien Industriako Teknologiako eta Kalitateko Masterreko ikaslea—.
Zuntz osasungarri bat
Produktuak daraman zuntza, betaglukanoa alegia, “polisakarido mota bat da, almidoia bezala. Zenbait zerealetan, bakterioetan eta onddoen zelula-paretetan egoten da, eta nekazaritzako elikagaien industrian erabiltzen da elikagaiei testura emateko” adierazi du Álvaro Maestrek. “Hala ere, egiaztatu da zerealetatik datorren betaglukanoak odoleko kolesterol maila gutxiagotu eta kontrolatzen duela, eta, orobat, azukre maila erregulatzen laguntzen duela. Nazioarteko erakunde batzuek baieztatu dute propietate hori; esaterako EFSA europarrak –European Food Safety Authority– eta FDA estatubatuarrak –Food and Drugs Administration–. Pentsatu dugu zerealen betaglukanoa kafeari gehitzea egunero hartzen den produktu bat delako, dauzkan propietate antioxidatzaileak gorabehera; horrela, ez da beste elikagai edo osagarri batzuk sartu beharrik kolesterol 'txarra' jaisteko", azaldu du ikasleak.
Finalista izan den proiektuaren oinarria da aipatutako zuntza kafe disolbagarria egiteko prozesuan gehitzea. “Alabaina, badira beste bi modu gehitzeko: zuzenean kafeari botaz, edo kafea duen eta likidoan disolbatzen den betaglukanozko xafla malgu bat sortuz, bilgarri baten moduan erabiltzeko, te poltsa bat balitz bezala. Kafearen fabrikazio prozesuan gehitzeak duen abantaila da prozesu horretako etapak aprobetxatzen direla”, gaineratu du Irene Alberok.
Goi tentsioa daukatenentzako kafea
Produktu berria egokia litzateke, baita ere, goi tentsioa daukaten pertsonentzat, zeren "kolesterol maila handia daukatenek goi tentsioa ere izaten dute, eta haientzat kafeina gehiegi kontsumitzea ez da komenigarria, baina hori erraz saihesten ahal da betaglukanoa gehituz kafe deskafeinatuari". “Are gehiago, kafeak dituen antioxidatzaile naturalak onuragarriak dira kolesterol maila handia nahiz goi tentsioa dutenentzat, baita gehiegizko pisua eta glukosa maila handia dutenentzat ere; esan behar baita hiru egoerak elkarrekin lotuta daudela”, adierazi du Álvaro Maestrek.
NUPeko Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuko (IS-FOOD) Remedios Marín Arroyo eta Ramo Barrena Figueroa ikertzaileak ari zaizkie aholku ematen finalean bere produktua aurkeztuko duen taldeko kideei. Finala maiatzaren 23an izanen da, ostegunarekin, Alicia Fundazioaren egoitzan (Manresa, Bartzelona), eta, bertan, epaimahaikideek aukera izanen dute aipatutako kafea dastatzeko. Elikagaien eta Edarien Industrien Espainiako Federazioak antolatzen du (FIAB) Ecotrophelia lehiaketaren fase nazionala. Talde irabazlea Europako edizioan lehiatuko da. Europako finala urrian izanen da, Kolonian (Alemania).
Proiektuak sari bat jaso zuen joan den urtean
“Cuore di Caffè” izeneko proiektu hau irabazle izan zen joan den urteko ekainean egin ziren Pascual StartUp Sarietako 3. edizioan, “Etorkizuneko ekintzaileak” kategorian. Calidad Pascual elikagaien enpresak antolatzen du sariketa hori, unibertsitateko ikasleen artean ekintzailetza eta enpresen sorkuntza sustatzeko. Unibertsitateko ikasleen ehun bat proposamen aurkeztu ziren lehiaketara. Hauek izan ziren proiektu honek jasotako sariak: “job shadowing”-eko sei saio (edo lanbidea behatzeko aldiak) Calidad Pascual enpresako zuzendariekin; beste saio bat, IBMko teknikariekin; prestakuntza ikastaro bat, negozio plan bat nola egin ikasteko; eta sariketako babesleek egindako beste opari batzuk.
Gainera, 2017ko edizioan, NUPeko sei ikaslek bigarren postua lortu zuten Ecotrophelia España Sarien finalean. Ikasle horiek une horretan Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako eta Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako graduak egiten ari ziren Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIGMET), eta garagardo-ogi bat aurkeztu zuten lehiaketara. Lehiaketan lortutako bigarren postu horri esker, Fernando Ázqueta Iriarte, María Castillejo Agós, Javier Gil Huarte, Amaia Guembe Lapuente, Uxue Satrústegui Martínez eta Zaida Sesma Arizcuren ikasleek 1.500 euro eskuratu zituzten. Valentziako Unibertsitate Politeknikoak irabazi zuen txapelketa, beganoentzako tarta batekin, eta egileek 3.000 euroko saria lortu zuten.