Manuel Fernández Escalada Geologian eta Ingurumen Zientzietan lizentziadunak bere doktoretza-tesia irakurri berri du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP): “Aminoazidoen biosintesirako herbiziden eta haien nahaste jasangarrien ekintza fisiologikoa glifosatoaren aurrean sentikorrak nahiz erresistenteak diren Amaranthus palmeri belar txarretan”. Ikerketa-lan horrek Mercedes Royuela Hernando eta Ana Zabalza Aznárez izan ditu zuzendari, eta, nazioarteko aipamenaz gainera, kalifikaziorik altuena jaso du, hots, bikain “cum laude”.
Ikertzaileak azaldu duenez, munduan gehien erabiltzen den herbizida da glifosatoa, oso eraginkorra baita herbizida orokor gisa (hau da, belar txar guztiak kontrolatzeko), bereziki glifosatoei kalte egiten ez dien labore genetikoki eraldatuak agertu zirenez geroztik. Hain zuzen, tesiaren egilearen esanetan, Amerikako laborariak gehien kezkatzen dituen belar txarretako bat “Amaranthus palmeri” izenekoa da, eta, azken hamahiru urteetan egiaztatu denez, landare horren gero eta populazio gehiago dira erresistenteak glifosato herbizidaren aurrean.
Testuinguru horretan, tesiak zenbait alderdi fisiologiko berri deskribatzen ditu glisofatoaren aurrean erresistentea den belar txar horren populazio baten ezaugarrien artean, eta argitara eman du nola jokatzen duen herbizida horrek sentikorrak nahiz erresistenteak diren landareetan bai bakarrik eta bai belar txarren kontrako imazamox substantziarekin konbinatuta aplikatzen denean. Azken horri dagokionez, lanaren emaitzek erakutsi dute nolabaiteko aurkakotasuna dagoela bi substantzien artean, eta horrek adierazten du “dosiak ez direla murriztu behar nahastea soroan aplikatzen denean”.
Herbiziden garrantzia nekazaritzako ekoizpenean
Tesiaren egileak azaldu duenez, azken mendean nekazaritzako ekoizpena handituz joan da mundu osoan lanerako tekniken hobekuntzari esker. “Ekoizpenaren hazkunde hori lortzeko tresnarik garrantzitsuenetako bat herbizidak izan ziren, belar txarrak hiltzen baitituzte laboreei baliabide naturalak ken ez diezazkieten”, azaldu du.
“Egungo joera erabilera integratuarena da, eta horrek dibertsifikazio handiagoa dakar kontrolerako neurriei dagokienez, horietan herbiziden erabilerak garrantzizkoa izaten jarraitzen baitu hainbat laboreren kasuan”. “Hala ere, herbizida gehiegi eta modu desegokian erabiltzearen ondorioz, belar txarren populazio batzuk erresistente bilakatu dira, eta hori gero eta problema handiagoa izan da azken 30 urteetan mundu osoko nekazarientzat”, adierazi du.
Testuinguru horretan, ikertzaileak zehaztu duenez, lanaren helburu orokorra “glisofatoak eragindako ondorio fisiologikoak ebaluatzea izan da, hain zuzen belar txar horren populazio sentikorretan nahiz erresistenteetan heriotza eragiten dutenak, eta, funtsean, aztergai izan dugu zer ondorio dituen glifosatoaren bidezko tratamenduak aminoazido aromatikoen eta aminoazido adarkatuen bilakabidean”. “Horretarako, Ipar Carolinako bi populazio erabili genituen (Estatu Batuak). Edukiontzi batean hazi genituen, kontrolpeko baldintzetan eta glifosatoarekin ihinztatuz, eta laginak hartu genituen gero analisiak egiteko”, azaldu du tesiaren egileak.
Ikertzailearen curriculum laburra
Manuel Fernández Escalada lizentziaduna da bai Geologian (Zaragozako Unibertsitatea, 2009) bai Ingurumen Zientzietan (Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala, 2012). Gainera, Ingurumen Agrobiologiako Masterra egin zuen (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2013), eta gaur egun Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterra egiten ari da NUPen.
Manuel Fernández Escaladak nazioarteko hiru argitalpen egin ditu, baita beste bederatzi ekarpen ere, hala nola posterrak eta ahozko aurkezpenak. Bere doktoretza-tesiak Espaniako Malherbologia Elkartearen urteko saria jaso du.
Doktoretzari dagokionez, ikerketa-egonaldi bat egin zuen Coloradoko Estatu Unibertsitateko Todd Gaines laborategian (Fort Collins, Colorado), Amaranthus palmeri belar txarren populazioak glifosatoarekin tratatzearen ondorioak aztertzeko helburuz. Saiakuntza horien emaitzak doktoretza-tesian jaso zituen.