Antonio López (eskuinean), lehenagoko beste sari nazional bat jasotzen Francisco Javier Calleja IEEEren Espainiako zuzendaritza-taldeko kidearen eskutik.
Zirkuitu eta Sistema Elektronikoen Nazioarteko Elkarteak –zeina IEEEren parte da (Ingeniari Elektrikoen eta Elektronikoen Institutua) eta 150 herrialde baino gehiagotan presente dago– sari bat eman dio Antonio López Martín Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedradun (NUP) eta Smart Cities institutuko ikertzaileari (ISC). Irakasleak elkartearen Espainiako presidente gisa gauzatu duen lana aitortu du sari horrek, baita erakunde hori nabarmendu ere Europak, Asiak eta Afrikak osatzen duten eskualde geografikoko elkarte nazionalen artetik. Hau izan da Espainiak nazioarteko aintzatespen hori jaso duen lehenbiziko aldia. Saria maiatzaren 24an emango diote Sapporo hirian (Japonia), elkarteak antolatutako nazioarteko kongresu nagusian.
Antonio López elkartearen Espainiako presidentea da 2017az geroztik. Bere agintaldian antolatutako jarduerei eta aurrekontuaren erabilerari dagokienez, lehentasuna ematen ari zaio ingeniaritzan ordezkaritza txikia duten arloak sustatzeari, hala nola emakumeak eta graduatu berri diren gazteak. 2018an, maila nazionalean saritu zuten, Lópezek zuzentzen duen elkartea nabarmendu baitzuten IEEEk Espainian dauzkan 26en artetik.
IEEE institutua 1884. urtean fundatu zen, eta munduko erakunde tekniko-profesionalik handiena bilakatu da, 160 herrialde baino gehiagotako 420.000 kidetik gora biltzen baititu. Erakunde hori erreferente da ingeniaritzaren eremu askotan (elektrikoa, elektronikoa, aeroespaziala, biomedikoa, telekomunikazioetakoa, etab.). Halaber, hura da estandar gehien garatzen dituen erakundea (1.300 aktibo baino gehiago, horien artean wifia), baita ingeniaritzako informazio teknikoaren iturri nagusia ere; izan ere, eremu horretan egiten diren lanen % 30 argitaratzen du IEEEk mundu mailan. Haren barnean, nabarmena da Zirkuitu eta Sistema Elektronikoen Nazioarteko Elkartea, bai kide kopuruarengatik eta bai jardueraren bolumenarengatik.
Saridunaren curriculum laburra
Antonio López Martín (Iruñea, 1972) Telekomunikazio ingeniaria da (1995). Doktoretza NUPen egin zuen (1999), eta Doktoretzako Aparteko Saria eman zioten. Seinalearen Teoriaren eta Komunikazioen katedraduna da NUPen 2011z geroztik, eta ohorezko irakasle atxikia New Mexico State Universityn (NMSU, AEB) 2001az geroztik. Kudeaketako karguei dagokienez, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariordea izan da (2008-2014), eta NUPeko Smart Cities institutukoa ere bai (2015-2017). Gainera, Komunikazioa, Seinaleak eta Mikrouhinak ikerketa-taldearen burua da 2012az geroztik.
Ikerketako egonaldiak egin ditu Espainiako Astronomia Zentroan (1995), Zuricheko Eskola Politekniko Federaleko (Suitza) Institute for Signal and Information Processing institutuan (1997) eta New Mexico State Universityko VLSI Lab and NASA Center for Autonomous Control Engineering zentroan (hamar egonaldi 1996tik 2012ra). Bestalde, hainbat sari irabazi ditu, hauek besteak beste: Berrikuntza Teknologikoaren Talgo Saria (2012), Urteko Ingeniari Nafar Onenaren Saria (2008), Nafarroako Kutxaren Ikerketa Saria (2007) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia eta Teknologiaren arloko Gaztearen Saria (2007).
Antonio López editore laguntzailea da nazioarteko zortzi aldizkaritan eta batzorde teknikoko kide nazioarteko 45 biltzarretan. Era berean, 400 bat artikulu idatzi ditu talde-lanean zenbait liburutan, aldizkaritan eta nazioarteko biltzarretan, eta nazioarteko sei patenteren egileetako bat da. Erakunde publikoetarako eta enpresetarako 55 ikerketa-proiektutan hartu du parte, eta liderra izan da horietako 20tan.
Antonio López Martínen ikergai nagusia zirkuitu integratuen diseinua eta haririk gabeko komunikazioak dira.