Hurrengo ostegunean, maiatzaren 9an, “Heriotza Duin baterako Elkarrizketak” jardunaldiaren seigarren edizioa egingo da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Honako hau da jardunaldiaren izenburua: “Bizi baino lehen hil. Heriotza haurtzaroan”. Nafarroako Derecho a Morir Dignamente (DMD) elkarteak antolatu du topaketa, Unibertsitatearekin lankidetzan. Sarioko Fernando Remacha aretoan egingo da, Iruñeko Arrosadiko campusean, 16:30etik aurrera, eta sarrera librea izango da.
Jardunaldiak baino lehen, “Heriotza ilustratua” erakusketa inauguratuko da 12:00etan, Sario eraikineko atalondoan. Erakusketarekin batera, lantegi didaktiko bat egingo da Imanol Aguirre Arriaga Unibertsitateko irakaslearen eskutik. Erakusketa NUPeko Kultura Proiektuen deialdian aukeratu dute aurtengo ikasturtean, eta maiatzaren 30era arte libreki bisitatzeko aukera izango da.
Arratsaldean, 16:30ean, jardunaldien irekiera-ekitaldia egingo da Eloísa Ramírez Vaquero NUPeko Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordearen eta Manuel Eciolaza Carballo Nafarroako DMDren lehendakariaren eskutik. Jarraian, lehen ponentzia egingo da, eta Nafarroako onkologia pediatrikoaren egoera eta haurren heriotza-tasa aztertuko ditu. Kasu horretan, Javier Molina Garicano pediatrak eta Raquel Sáenz Mendía Unibertsitateko Osasun Zientzien Saileko irakasleak esku hartuko dute.
Heriotza gestazionala eta haurren eutanasia
Jardunaldiari jarraipena emango zaio 17:30etik aurrera mahai-inguru honen bidez: “Itxaropenetik saminera, jaioberrien eta haurren heriotza gestazionalaren humanizazioa”. Honako hauek parte hartuko dute jardunaldian: Soraya Hernández Moscoso (Bartzelonako Sant Joan de Déu Ospitaleko Zainketa Aringarri Pediatrikoetako Unitateko gizarte-langilea), Lourdes Morales Garofalo (ADANOko bazkidea, Haur Onkologikoei Laguntzeko Elkartea), Rakel Besora García (“El hueco de mi vientre” sarea) eta Isabel Azpilicueta Domeño. Pilar García Castellano NUPeko irakaslea da moderatzailea.
Azkenik, Heleen Weyers Herbehereetako Groningeneko Unibertsitateko irakasle eta Zuzenbidearen Soziologiako doktore denak esku hartuko du haurren eutanasiak Belgikan eta Herbehereetan duen egoera azaltzeko. Jardunaldiari amaiera emango diote José María Uribe Oyarbide NUPeko irakaslearen eta Manuel Eciolaza Carballo Nafarroako DMDren lehendakarien hitzaldiek.