Joan eduki nagusira

zoom Ikasle bat NireIkasgelategiaren webgunea kontsultatzen.

Ikasle bat NireIkasgelategiaren webgunea kontsultatzen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) NireIkasgelategia zerbitzuak 10 urte bete ditu, 2009an hasi baitzen martxan. Erreferentziazko plataforma da Unibertsitateko komunitateko kide guztientzat, hau da, ikasle, irakasle, ikertzaile eta administrazioko eta zerbitzuetako langileentzat, tresna lagungarria baita irakasteko, ikertzeko eta lanak elkarlanean egiteko. 2018-2019 ikasturtean, hiru milioi bisita baino gehiago izan ditu (24 bat milioi web orritan). Plataforma horretan, 2.500 irakasgai baino gehiago kudeatzen dira, eta 1.925 azterketa inguru egin zituzten ikasleek 2018an; zenbaitetan, 300 lagunek aldi berean.

Horretaz gainera, 72 koordinaziogune, 4.893 lankidetza-proiektu eta 529 komunitate biltzen ditu ikasturte honetan. Bestalde, nabarmentzekoa da 2019ko martxoan 5.102 erabiltzaile konektatu zirela batez beste NireIkasgelategira, baita 6.647 lagun ere une jakin batzuetan. Hilabete horretan, 397.363 bisita izan zituen guztira plataformak, hots, egunean 12.818 bisita batez beste (hilaren 11n, 18.957). Bisitek 7 minutu eta 36 segundo irauten dute batez beste, eta horietako bakoitzean 8,3 ekintza exekutatzen ditu erabiltzaileak normalean. Azkenik, bisiten % 98,4 Espainiatik egiten badira ere, 65 herrialdetako erabiltzaileak konektatu dira NireIkasgelategira azken ikasturtean.

Plataforman, NUPen eskaintza akademikoko irakasgai guztiak daude, irakasten dena kudeatzeko eta haren segimendua egiteko balio du, bai eta haren kalitatea egiaztatzeko ere. Bestetik, baliagarria da ikasleekin komunikatzeko prozesuetan laguntzeko, eta titulazioetako eta ikastegietako irakasleak koordinatzeko. Orain, 5 milioi fitxategi inguru daude hor biltegiratuak. Azken hiru urteetan, beste web zerbitzu batzuk ere integratu dira: ikasleen lanen plagioa kontrolatzeko tresna bat, irakasgaien bibliografia formatu elektronikoan eskuratzeko modua eta bideokonferentzia zerbitzu bat.

Software librea eta NireIkasgelategiaren historiaren mugarriak

NireIkasgelategia kode irekiko software batean oinarrituta dago, Sakai izenekoan. Mundu osoko unibertsitateetako programatzaileen komunitateak garatu du, AEBetako informatikariek bereziki, eta kalkulatzen da hura garatzeak milioi bat dolar baino gehiagoko kostua izan duela. Plataforma garatzeko, nazioarteko komunitateko programatzaileekin elkarlan estuan aritu da azken hamar urteetan Sakai darabilten Espainiako unibertsitateen komunitatea –Valentziako Unibertsitate Politeknikoak, Murtziako eta Lleidako unibertsitateek, Errioxako Nazioarteko Unibertsitateak, Murtziako Unibertsitate Katolikoak eta NUPek osatua–, eta Latinoamerikako hainbat unibertsitateren erreferente da.

David Benito Pertusa NUPeko Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiko (HBGMI) zuzendariak honela laburtu ditu martxan jarri zenetik NireIkasgelategia zerbitzuak izan dituen une garrantzitsuenak: “hiru gauza hauek azpimarratuko nituzke NireIkasgelategiaren historian: lehenik, 2004an aitzindaria izan zela NUP Interneteko gune batean eskaintza akademikoaren irakasgai guztiak sartzen; bigarrenik, 2009an berritzailea izan zela NireIkasgelategia Unibertsitateko komunitateko kide guztientzako lan tresna kolaboratibo eta sare sozial gisa martxan jarrita; eta, hirugarrenik, 2019an plataforma moderno eta ahaltsua dugula, Unibertsitatearen jardun akademikoan erabat integratua, eta etengabe aldatzen dugula teknologikoaren aurrerabideari eta erabiltzaileen feedbackari esker. Horrenbestez, gure esker ona adierazi nahi diegu erabiltzaile guztiei hamar urte hauetan izandako parte-hartzeagatik”.