Joan eduki nagusira

zoom “Huarte de San Juan” aldizkariaren azala.

“Huarte de San Juan” aldizkariaren azala.

Haur eta nerabeen hizkuntzen ikaskuntza eta irakurtzeko zaletasuna dira Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) argitaratzen duen “Huarte de San Juan. Filologia eta hizkuntzaren didaktika” aldizkariko azken zenbakian jorratutako gaiak, besteak beste. Aldizkariak zazpi artikulutan (sei gaztelaniaz eta bat ingelesez) eta aipamen batean bildu ditu gai guztiak. María Camino Bueno Alastuey, Orreaga Ibarra Murillo eta Magdalena Romera Ciria irakasleak dira aldizkariaren zuzendariak, denak ere Unibertsitateko Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailekoak. Aldizkaria dohainik jaso daiteke Unibertsitateko “Academica-e” onlineko erakunde-biltegiaren bitartez.

Argitaratutako artikuluei dagokienez, Consuelo Allué NUPeko ikertzaileak gaitasun metalinguistikoaren garapena aztertu du bere “Desarrollo de la competencia metalingüística en Secundaria mediante la producción de microtextos: el concepto de cambio semántico” izeneko artikuluan. Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko Ainhoa Urzelai Vicentek hizkuntzen arteko eraginean esku hartzen duten faktoreak aztertu ditu bere artikuluan, eta Valdecarroseko hiztun talde baten euskararen ezaugarriak xehatu ditu.

Blogginga, transferentziak eta irakurketaren sustapena

Halaber, Salvador Montaner Villalvak (Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala, UHUN), bere “La producción escrita en inglés mediante el blogging en un entorno de aprendizaje basado en proyectos en bachillerato” artikuluan, agerian jarri du ikasleen idatzizko adierazpenean eta motibazioan gertatzen den bilakaera ingelesezko idazmena garatzeko blogak erabiltzen direnean. Hori aztertzeko, 16 eta 17 urte bitarteko hogeita hamar bat ikasleko lagin bat erabili du. Era berean, Eneko García Úrizek (NUP) aztertu du Iruñean kontaktu egoeretan gaztelaniaren eta euskararen artean gertatzen den transferentzia. Horretarako, hizkuntza profil desberdineko lau gazteren diskurtsoa aztertu du: alde batetik, euskaldun zaharrak diren gizon batena eta emakume batena, eta, bestetik euskaldun berriak diren gizon batena eta emakume batena.

Horiez gain, aldizkariak lan hauek jasotzen ditu: Patricia Zarraluqui Merchán (NUP) Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Masterreko ikasleak egindako lana DBHko laugarren ikasmailako ikasleen azalpenezko testuen ekoizpenari buruz; Deustuko Unibertsitateko Edurne Goikoetxeak, Manolo Reusek, Laura Rodríguezek eta Aitor Arbaizak egindako lana, haurrek eta nerabeek plazerez irakur dezaten sustatzeko Unibertsitateko boluntariotza programari buruz; eta NUPeko Hanne Roothooft irakasleak idatzitako ingelesezko artikulua, “Teachers’ beliefs about oral corrective feedback: a comparison of secondary and adult education” izenburukoa, non ikertzen den Bigarren Hezkuntzako irakasle talde batek eta hizkuntza eskoletako beste batek ahozko zuzenketaren atzeraelikadurari buruz dituzten usteak.

Azkenik, Pamielak argitaratutako “El euskera de ayer y de hoy: variación y contacto” izeneko liburuaren aipamen batek ematen dio amaiera aldizkariari. Orreaga Ibarra NUPeko ikertzailea da liburu horren egilea. Oraingoan aztertu da “nola eragiten duten hiztunek hizkuntzan, baita bilakaera horretan pertsona arteko harremanek duten garrantzia ere. Ildo horretan, liburuan zehar agerian jartzen da gazteen euskararen eta helduenaren artean dagoen aldea”. Aipamenean agerian jartzen denez, “liburua egunerokotasunean murgiltzen da, eta euskararen aniztasuna aztertzen du: euskalkietatik hasi eta hizkuntzaren konbergentzia eta egokitasun prozesuekin buka. Mendez mende euskararekin batera bizi izan diren hizkuntzen eragina aztertzen da, baita hizkuntza batzuek besteetan utzi duten aztarna ere”.