Energia fotovoltaikoko zentral handien bideragarritasuna eta errendimendua nola hobetu izan du aztergai Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) berriki irakurritako tesi batek. Ikerketaren izenburua “Zentral fotovoltaiko handien portaera automatikoki aztertzeko prozedura aurreratuak” da, eta Mikel Muñoz Escribanok defendatu du, Javier Marcos Álvarez eta Miguel García Solano NUPeko irakasleen gidaritzapean. Kalifikaziorik onena lortu du tesiak: bikain “cum laude”.
Egileak azaldu duenez, energia fotovoltaikoak hazkunde nabarmena izan du azken urteotan, bere prezioaren “beherakada ikusgarria” dela-eta neurri handi batean. “Horregatik esan daiteke teknologia garbia, heldua, fidagarria, sendoa eta ekonomikoki lehiakorra dela une honetan”, adierazi du. “Gaur egungo joera gero eta zentral handiagoak sortzea da, errendimendu handi samarra eta energia-kontsumo txikia dutenak”. Testuinguru horretan, tesiaren helburua zentral horien kalitatea bermatzeko prozedura berriak garatzea da, ordura arte proposatu diren prozeduren gabeziak betetzeko, azpiegitura horien funtzionamendu egokia bermatzeko eta haien errentagarritasuna maximizatzeko.
Horretarako, ikertzaileak bi prozedura proposatu ditu bere tesian: lehenbizikoak zuzen kalkulatzen du egiatan zer potentzia produzitu beharko luketen zentralek eta beren sorgailu bakoitzak operazio-baldintzen arabera; bigarrenak, berriz, automatikoki zehazten du zer potentzia izan behar duten neurri-baldintza estandarretan bai zentral osoak bai hura osatzen duen sorgailu bakoitzak. “Kalkulu horiek doi-doiak izan daitezen, beharrezkoa da operazio-baldintzak zuzen neurtzea, baita sistema behar bezala modelatzea eta datuak egokiro hautatu eta tratatzea ere. Gainera, instalazioa behar bezala modelatzeak beste xede batzuetarako ere balio lezake, esaterako zentral baten produkzioa epe jakin batean zein izango den kalkulatzeko, eguraldiaren aurreikuspenaren datuetatik abiatuta”, adierazi du ikertzaileak.
Ereduaren diseinua, produkzioaren kalkulua, prozedurak eta metodoak
Tesiaren egileak azaldu duenez, produkzioaren lehenbiziko kalkulua fabrikatzaileen datuak erabiliz egin behar da zentrala martxan egon aurretik. “Hala ere, zentral fotovoltaiko batek geroago izaten duen potentzia eredu teoriko horretatik zenbatesten dena baino txikiagoa izan ohi da”, gehitu du ikertzaileak. “Bestalde, instalazio guztietan izaten dira hasiera batean nekez modelatu daitezkeen galerak, hala nola moduluetan pilatzen den zikinkeriarengatik, sufritzen duten degradazioarengatik edo denboran zehar ager daitezkeen arazoengatik”, nabarmendu du. Hori guztia dela-eta, “neurri-baldintza estandarretan potentzia zehazteko eredu bat garatu dute, eta kalkulu horrek, produkzio-itxaropena hobeki zehazteko baliagarria izateaz gainera, eremu fotovoltaikoaren degradazioa aztertzeko ere balioko du, bai eta monitorizazio-sistemak jaso ez dituen akatsak detektatzeko ere”, nabarmendu du.
Garatutako prozedura eta metodo guztiak, tesiko ondorioekin batera, garai batean zentral fotovoltaikorik handienak izan zirenetako bitan aztertu eta baliozkotu dituzte: Amarelejako zentrala (Portugal), Acciona Energía eta Mitsubishi Corporation etxeena, eta Tuterako zentral fotovoltaikoa (Nafarroa), Accionarena dena % 100ean.
Tesiaren egilearen curriculum laburra
Mikel Muñoz Escribanok Industria Ingeniaritzako lizentziatura egin zuen 2009an, eta Energia Berriztagarrietako Unibertsitate Masterra (Sorkuntza Elektrikoa) 2012an, NUPen biak. Gaur egun produkzio fotovoltaikoko teknikari arduradun dihardu Acciona Energía enpresan.
Bere ikerketa dela medio, NUPekin lankidetzan aritu da Espainiako eta Europako zenbait ikerketa-programatan. Halaber, praktiketako irakasle eta karrera amaierako zenbait proiekturen zuzendari aritu da energia berriztagarrien arloan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan betiere.
Bere doktoretza-tesiaren emaitzak nazioarteko hiru aldizkari zientifikotan eta nazioarteko lau kongresutan argitaratu dira, eta, era berean, tesi horrek gradu amaierako hiru lan eragin ditu.