Joan eduki nagusira

zoom Ikasle batzuk NUPen.

Ikasle batzuk NUPen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 41 titulu bereki eskaini ditu 2019-2020 ikasturterako, eta ia bikoiztu egin du joan den ikasturteko eskaintza, orduan 27 titulu bereki eskaini baitzituen. Horien barnean, master titulu berekiak, espezializazio eta aditu diplomak, eta unibertsitate zabalpeneko beste diploma edo egiaztagiri batzuk daude.

Eskaintzak Unibertsitateko jakintza-arlo guztiak hartzen ditu. Nabarmentzekoak dira Kultura Zientifikoko Masterra, osorik onlineko formatuan emanen dena, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan (moduluka ere egin daiteke), bai eta beste batzuk ere, hala nola Unibertsitateko Aditua Hezkuntza Holistikoan, Unibertsitateko Aditua Ariketa Fisikoan eta Osasunean, Unibertsitateko Aditua Nafarroako Zuzenbide Zibilean edo Unibertsitateko Aditua Familia Enpresaren Kudeaketan. Eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

Bestalde, gogoratu beharra dago graduarekin loturik egin daitezkeen titulu berekien eskaintza. Horien artean, hurrengo ikasturteko berritasun bat Zibersegurtasuneko eta Hacking Etikoko Espezializazio Diploma da, Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko eta Ingeniaritza Informatikoko Unibertsitate Masterreko ikasleei zuzendua dagoena, bai eta unibertsitatetik kanpoko profesionalei ere. Badira beste berritasun batzuk, horien artean: Unibertsitateko Aditua Kiroleko Lesioen ondoko Berregokitzapenean eta Unibertsitateko Aditua Haurdunaren Zoru Pelbikoaren Zainketan eta Jarduera Fisikorako Trantsizioan, biak ere Fisioterapiako ikasleei zuzenduak.

Azkenik, aipatu beharra dago aurtengo ikasturtean 800 ikasletik gora ari direla NUPen titulu bereki bat egiten, eta aurreko ikasturteko ikasleen pertzepzioa positiboa izan zela; izan ere, balioespen inkestetan jasotako datuen arabera, ikasleen gogobetetasun maila eskuratutako prestakuntzarekin 10etik 8,5 puntukoa izan zen batez beste. Era berean, nabarmendu beharra dago 11 ikastaro formatu erdipresentzialean edo osorik online eginen direla. Aukera horren eskaria gero eta handiagoa da, oso erakargarria baita batez ere jardunean dauden profesionalentzat.

Prestakuntza eskaintzaren helburuak eta ezaugarriak

Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatzen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskaintzen dituen titulu bereki gehienak. Prestakuntza eskaintza horrek bi helburu ditu: batetik, unibertsitateko tituludunen gaitasunak eta trebetasunak sustatzea eta profesionalen eguneratzea bultzatzea lan merkatuan sar daitezen, edo beren titulazioari egokitutako lanpostu bat eskura dezaten; eta, bestetik, enpresek eta administrazioek beren beharretara egokitutako pertsonal kualifikatua eduki dezatela.

Horretaz gainera, titulu berekietako ikasleek zenbait abantaila dituzte, hala nola enplegu kualifikatuaren poltsarako sarbidea, lan orientaziorako unibertsitateko zerbitzua, enpresa eta erakundeetan prestakuntza-praktikak egiteko aukera, eta zenbait zerbitzu eta deskontu izateko aukera (hizkuntza ikastaroak, kirolak, Liburutegirako sarbidea, e.a.).

Unibertsitate zabalpeneko diploma egiteko, ez da aurretiaz unibertsitateko titulaziorik behar; bai, ordea, master tituluak, eta espezializazio eta aditu diplomak egiteko. Nolanahi ere, zilegi da ikastaroetako gaiekin lotutako profesionalak onartzea, aldez aurretik ikasketa horiek egin ez badituzte ere. Kreditu kopuruari dagokionez ere, desberdintasun batzuk daude. Masterraren kreditu kopurua 60tik 120ra bitartekoa da; espezializazio diplomarena, 30etik 59ra bitartekoa; eta adituarena, 15etik 29ra bitartekoa; unibertsitate zabalpeneko diplomak, berriz, 30 kreditu ditu gutxienez ere.