Nerea de Acha Morrás telekomunikazio ingeniariak (Nazar, Nafarroa, 1989) bere doktoretza-tesia irakurri du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Tesian oxigeno gaseosoa neurtzeko zuntz optikozko zenbait sentsore lumineszente garatu ditu. Horretarako, zenbait gainestaldura fabrikatu eta inplementatu ditu eskala nanometrikoan, “Layer-by-Layer nanoassembly” teknika erabiliz (geruzaz geruza nanomihiztatzeko teknika da edo LbL teknika, ingelesez dituensiglen arabera). Ikerketaren bidez sentsibilitate eta bereizmen oso handiko gailuak lortu ditu ikertzaileak, eta horiei esker % 0,1era gehienez iristen diren eta neurtzean erantzute laburreko aldiak dituzten oxigeno kontzentrazioen aldaketak monitorizatzen dira. Sentsore horiei esker leku jakin batzuetan metatutako oxigenoa kontrola daiteke osasunerako arriskuak saihesteko. Esaterako, leize, haitzulo, upategi edo beste leku itxi batzuetan, non oxigeno kontzentrazioa kritikoa baita.
Kanpoko ingurunean aldaketak detektatzen dituen eta erregistratu edo neurtu daitezkeen seinale bihurtzen dituen gailua da sentsorea. Lumineszentzian oinarritutako zuntz optikozko sentsoreak erabili ditu Nerea de Acha Morrásek ikerketa lan honetan. “Lumineszentzia honetan datza: material batek energia xurgatu eta argi modura isurtzen du gero —azaldu du ikertzaileak. Bere doktoretza-tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa izan du nazioarteko aipamenarekin—. Kasu honetan, oxigeno kontzentrazioa neurtu nahi zenez, gasarekiko sentikorra zen molekula luminiszente bat erabili zen: molekulak igorritako argia itzaltzen duenez oxigenoak, bere kontzentrazioa igorritako argiaren intentsitatea neurtuz monitoriza daiteke”.
Nanoeskalako fabrikazioa
Sentsoreak fabrikatzeko, Nerea de Acha Morrásek geruzaz geruzako nanomihiztatzeko teknika erabili zuen. “Bere ezaugagarri nagusia da aurkako karga duten materialak jalkitzen dituela geruzaz geruza”. “Teknika horri esker, fabrikatutako egituren parametroak kontrola daitezke eskala nanometrikoan, hala nola lodiera, zimurtasuna, porositatea eta iragazkortasuna. Horretaz gainera, parametro horiek oxigeno sentsoreen propietateak zehazten dituzte. Hortaz, propietateak zehaztasun handiz alda daitezke. Halaber, lehenengo aldia da oxigenoa monitorizatzeko erabilitako molekula bat jalkitzen dela nanoegitura batean teknika hori erabiliz”, esan du ikertzaileak. Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko bi irakaslek zuzendu dute doktoretza-tesia: Francisco Javier Arregui San Martín katedradunak eta César Elosúa Aguado irakasleak, NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak biak ere.
Teknika horri esker “oxigenoarekiko sentikorra den adierazlearen banaketa alda daiteke, nanoegitura horien barruan, eta bere sentikortasunean aldaketak egitea ahalbidetzen du horrek: alde batetik, adierazlearen homogeneotasuna nanoegituran gehiago edo gutxiago banatzetzen bada, sentikortasun handiagoko edo txikiagoko sentsoreak lortzen dira hurrenez hurren”, Nerea de Acharen arabera. “Bestetik, teknika horren bidez, material sentikorraren geruzen arteko distantzia doitu daiteke, halako eran non lumineszentziaren autoitzaltzea edo ‘self-quenching’ izenaz ezagutua den fenomenoa saihets baitaiteke. Adierazlearen molekulen arteko distantzia oso txikia denean gertatzen da, nanometro unitatetakoa”, esan du amaitzeko.
Curriculum laburra
Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologietako Doktoretza egin baino lehen, Nerea de Achak Telekomunikazio Ingeniaritza egin zuen NUPen. Titulazio horrekin, Telekomunikazio-ingeniarien Nafar Elkarteak Ikasketen amaierako proiektu hoberenari emandako 2. Saria eskuratu zuen. Doktoretza-tesia egin bitartean, bost hilabeteko egonaldia egin zuen Nottinghameko Unibertsitateko (Erresuma Batuko) Optikako eta Fotonikako ikerketa taldean.
Nerea de Achak zortzi artikulu argitaratu ditu eragin-indize handiko nazioarteko zenbait aldizkaritan eta hamasei ekarpen nazioko eta nazioarteko zenbait biltzarretan. Horretaz gainera, zazpi ikerketa proiektutan parte hartu du: horietako bi Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatuak; lau, Nafarroako Gobernuak finantzatuak, eta zazpigarrena enpresekin teknologia transferitzeko proiektu bat izan da.