Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Diccionario biográfico del socialismo histórico navarro” obraren beste liburuki bat argitaratu du. 2007an hasi zen Ángel García-Sanz Marcotegui, Unibertsitateko Historia Garaikidean katedraduna, Nafarroako sozialismo historikoaren hiztegi biografikoa idazten Nafarroako mugimendu sozialistako eta UGTko kide izan diren pertsonak gogora ekartzeko. Izan ere, XIX. mendeko azken herenetik XX. mendearen erdialdera jarduera politiko edo sindikalen batean aritu ziren militanteen bizitza azaltzen da obran.
Laugarren liburukia da hau, Ana María González Gilekin elkarlanean idatzia, eta «M» eta «N» letrekin hasten diren seiehun pertsona baino gehiago aipatzen ditu. Liburuki guztiak argitaratzen direnean, hiru mila sozialistaren eta UGTko kideren bizitzaren deskribapenak jasoko dira obra osoan.
“Lana egiteko oztopo nagusia lehen mailako iturririk ez izatea da, zaildu egiten baitu Iruñeko eta Nafarroako herri nagusietako langile erakundeek zer gorabehera zituzten jakitea. Aitzitik, artxiboetako iturri berriei esker (Iruñeko eta Tuterako kartzeletako dokumentazioa eta antzekoak), militante haien bizitzari buruzko alderdi ezezagun asko argitu ditugu”, esan du Ángel García-Sanzek.
Nafarroako langileen aldarrikapenak
Obra idazteko, besteak beste, hemerografia-iturriez baliatu dira historialariak, eta, horien bidez, jakin dute nolako gatazkak izan zituzten Nafarroako garai hartako langileek. Gainera, halako iturriak lagungarriak dira Nafarroa garaikidearen historia soziala beste ikuspegi batetik azaltzeko, eta “horretan lagundu nahi du, hain zuzen, hiztegi honek”, azpimarratu dute idazleek.
Liburuaren arabera, Nafarroako milatik gora langilek Langile Klasearen 1855eko Azalpena sinatu zuten; Iruñekoak izango ziren gehienak segur aski. Gero, aldarrikapenen alde aktiboki militatzen segitu zuten, itxuraz, denbora batean bederen, zeren eta liskar batzuk, jornala igotzeko eskaerak eta grebaren bat izan baitzen 1856-1857 urteetan. Orduan, El Eco de Navarra egunkarian kexa azaldu zuten Nafarroako langileek “halako exijentzia iraultzaileak” zituztelako, zeinak Frantzian baitzuten jatorria eta ordurako ezarrita baitzeuden Bartzelonan eta Espainiako beste hiri batzuetan. Bestalde, El Correo de Navarra egunkariaren arabera, 1863an langile andana bat Trenbidearen Bulegoan elkartu ziren zalapartaka, eta, horren ondorioz, espetxeratu egin zituzten haietako batzuk, azaldu du Ángel García-Sanzek.
“Dudarik gabe, albiste horiek bakanak dira, eta ez ziren oso nabarmenak izan, baina lagungarriak dira internazionalismoaren 1872ko loraldia hobeki ulertzeko; izan ere, hirurehun langile baino gehiago afiliatu ziren urte hartan Lehen Internazionala erakundean”, esan du katedradunak.
“Bestalde, XIX. mendearen azken hamarkadan eta XX. mendearen hasieran egindako grebek hankaz gora jarri zuten Nafarroa probintzia lebitarra eta ohitura patriarkalez gobernatua zelako irudia, eta azaldu egingo luke zergatik zabaldu ziren langile erakundeak azkeneko gerra zibilaren aurretik”, esan du azkenik historialariak.
Ángel García-Sanzen curriculum laburra
Ángel García-Sanz Marcotegui Historia Garaikideko katedraduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta ikerlan asko egin ditu Nafarroako XIX. eta XX. mendeetako historia politikoari eta sozialari buruz. Hauek ditu liburu berrienak: “El fuerismo constitucional y la Diputación de Navarra (1841-1923)”, “La identidad de Navarra. Las razones del navarrismo (1866-1936)”, “Liberales navarros en la primera guerra carlista. Los cuerpos francos y el motín de 1837” eta “Liberales navarros a través de sus textos (1820-1823)”.
Bestalde, Ana María González Gil Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Gizarte eta Kultura Antropologian UHUNen. Halaber, Historia, Espazio eta Ondareko Ikerketa Masterra egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoan.