Javier Samanes Pascual (Iruñea, 1990) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Smart Cities institutuko ikertzailea da (ISC), eta itsasoan instalatutako turbina eolikoetarako potentzia-bihurgailu mota bat diseinatu du, sare elektrikoarekiko konexioaren efizientzia eta egonkortasuna hobetzen duena. Haize-sorgailuek sare elektrikora isurtzen dute sortutako energia, ikertzailearen doktoretza-tesiak jasotzen duenez. Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu du doktoretza-tesia. Erredundantziaren aldeko apustua eginez, teknologiak haize-sorgailuen ekipoen mantentze-kostuak murrizten ditu.
“Potentzia-bihurgailuak kontrolatzen du makinak, kasu honetan itsasoko haize-sorgailuak edo turbina eolikoak, sortutako potentzia elektrikoa. Horretaz gainera, sortutako energia jasotzen duen sare elektrikoaren baldintzetara egokitzen du —esan du doktoretza-tesiaren egileak. Tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du—. Nolanahi ere, ekipo horiek mugak dituzte erabil dezaketen gehienezko korronteari dagokionez. Bihurgailuak osatzen dituzten erdieroaleek sartutako murrizketak dira”.
Hori dela-eta, ikerketaren egileak potentzia-bihurgailuak paraleloan erabili zituen. “Zenbait bihurgailu paraleloan jarriz, bihurgailuak erabil dezakeen korrontea areagotzen da, eta egungo haize-sorgailuek eskatutako korronte mailak lortzen dira horrela —esan du Javier Samanesek. NUPeko Ingeniaritza Elektrikoa, Potentzia Elektronika eta Energia Berriztagarriak ikerketa taldeko kidea da ikertzailea (INGEPER)—. Ez da ahaztu behar itsasoan instalatutako turbina eolikoen potentzia, “offshore” energia eoliko izenekoan, modu jarraituan handitu dela azken urteetan, eta egun hamar-hamabi megawatten balio-tarteko potentziak ditu. Potentzia maila horiek behe-tentsioan sortzen dira, 690 voltetan, eta horrek korronte maila handiak direla esan nahi du”.
Hobekuntzak mantentze-lanetan, egonkortasunean eta efizientzian
Horretaz gainera, ikertzailearen arabera, bihurgailuak paraleloan erabiltzeak onura gehigarri bat eskaintzen du: erredundantzia. “Zenbait ekipo paraleloan jartzen badira, haietako batek huts egiten badu, turbinari potentzia txikiagoan funtzionarazten ahal zaio. Ezaugarri hori bereziki garrantzitsua da “offshore” energia eolikoan, mantentzea baita energia gehien garestitzen duten alderdietako bat, eginkizun horretarako itsasontziak behar baitira”, erantsi du ikertzaileak. Bere doktoretza-tesia Eugenio Gubía Villabonak zuzendu du (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakaslea eta ISC Institutuko ikertzailea).
Premisa horietatik abiatuz, Javier Samanesek lau megawatteko bihurgailu modular bat diseinatu du. Bihurgailu hori paraleloan jar daiteke behar den guztietan, turbina eolikoaren potentziaren arabera. “Bihurtzeko egitura horretarako, kontrolerako estrategia berriak proposatu ditut, energia eolikoak egun dituen erronka nagusietako biri aurre egitea ahalbidetzen dutenak: energia sare ahuletan integratzea eta efizientzia hobetzea”, adierazi du.
Azaltzen duenez, energia eolikoaren hastapenetan, haize-sorgailuek “potentzia txikiagoa zuten, eta herrialde garatuetako sare indartsuetara konektatzen ziren”. “Denborak aurrera egin ahala, parke eolikoen tamaina handitu egin da, eta sare ahulagoak dituzten herrialdeetan instalatu da energia eolikoa. Esaterako: garapen bidean dauden herrialdeetan edo uharteetan. Horrek erronka berriak ekarri ditu egonkortasunaren ikuspegitik. Erronka horiek gainditzeko, kontrolerako bi estrategia proposatu ditut tesian. Estrategia horiek egonkortasuna eta erantzun dinamikoa hobetu ez ezik, ekipoaren kostua murriztu ere egiten dute, osagai pasiboak kentzen baitituzte. Osagai horiek erabiltzen ez badira, galderak txikiagotzen dira, eta sistema efizienteago bat lortzen da”, ondorioztatu du.
Curriculum laburra
Javier Samanesek Industria Ingeniaritzako titulua lortu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2014an, Virginia Tech Unibertsitatean (Estatu Batuetan) sei hilabeteko egonaldia egin eta gero. Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalean egin zuen ikasketen amaierako proiektua (CENER). Gero, ikasketa hauek egin zituen erakunde akademiko berean: Masterra Energia Berriztagarrietan: Sorkuntza Elektrikoa. 2015ean Ingeniaritza Elektrikoa, Potentzia Elektronika eta Energia Berriztagarriak ikerketa taldean hasi zen (INGEPER). Luis Marroyo Palomo ikertzaileak zuzentzen du ikerketa taldea.
Doktoretza-tesia egin bitartean, ikerketa-egonaldia egin zuen Center for Power Electronics Systems ikerketa zentroan (CPES). Zentroa Virginia Tech Unibertsitatekoa da, eta potentzia-elektronikaren esparruan mundu mailan puntan dago.
Sistema eolikoetarako potentzia-bihurgailuetan jartzen du arreta bere ikerketak; zehazki, efizientziaren eta kontrolaren hobekuntzan, energia berriztagarriak sare elektrikoan integratzea ahalbidetzeko.
Bere ikerketa lanaren emaitza dira aldizkari zientifikoetan eta nazioarteko biltzarretan argitaratutako artikuluak, eta bai finantzabide pribatua, bai publikoa duten ikerketa proiektuetako parte-hartzea.
Aperna ikasleen elkartearen sortzaileetako bat ere bada (Nafarroan Energia Berriztagarriak Sustatzeko Elkartea). NUPeko Energia Berriztagarrien Katedrarekin lotuta dago. Elkarte horretako lehendakariordea eta diruzaina izan da. Entitate hori sortu zenetik, energia berriztagarriak sustatzera orientatutako hainbat dibulgazio jardueratan parte hartu du. NUPek antolatutako energia berriztagarriei buruzko nazioarteko ikastaroetan mintegiak eman ditu.