Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Unibertsitatearen Eguna ospatu du gaur, apirilak 12. Ekitaldi instituzional bat egin da Liburutegiko ikasketa gelan, eta 200 lagun bildu dira bertan. Gizartearekiko Lotura Plana ezagutarazi da ekitaldi honetan. Unibertsitateak bere ingurunearekin duen harremana hobetzea da planaren xedea. Horretarako, Unibertsitateak ekintza batzuk garatu nahi ditu, bere lidergoa sendotuko dutenak zenbait esparrutan. Esaterako: ikerketan, jakintzaren transferentzian edo dibulgazioan. Ekintza horiek Pharus UPNA proiektuaren inguruan biltzen dira, eta xede hau dute: unibertsitateko komunitateko kideen eta ikasle ohien erakundearekiko kidetza sentimendua indartzea, bai eta nafar gizarte zibilarekin, erakundeekin eta enpresekin interakzio handiagoa sortzea ere.
Alfonso Carlosena NUPeko errektoreak aurkeztutako lan horretaz gainera, lau hitzaldi ere ematen dituzte ekitaldi instituzionalean. Unibertsitateko irakasleek datorren munduari buruzko ikuspegia eman dute jakintza-arlo diferenteetatik: “Adimen artifiziala: iraultza”, Humberto Bustinceren eskutik; “Utopia eta distopia ekonomikoak”, Mar Rubiok azalduak; “Zoriontasuna egungo gizartean”, Javier Fernández Montalvoren eskutik; eta “Gizentasun eta diabetes epidemia”, Idoya Labayenen eskutik. Joaquín Sevilla Unibertsitateko Jakintzaren Dibulgazioko arduradunak aurkeztu du ekitaldia, eta ondoren bisita gidatua egin da “En abierto/Zabalik” erakusketara. Erakusketa Arrosadiko gune diferenteetan dago.
Alfonso Carlosena errektoreak bere hitzaldian esan du Lotura Plana “proiektu partekatu” bat dela, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere ingurunearekin duen “lotura areagotzeko” xedea duena gizartearen mesedetan. Carlosenak esan du “gizartea gidatuko duen ezagutzaren itsasargia” izan behar duela NUPek, baina ez “iritsi ezina den talaia”, baizik eta gizarteari modu batera edo bestera parte hartzeko aukera emango dion “topagunea”.
Ezagutzaren itsasargia
Aipatu denez, NUPek Nafarroan ezagutzaren arloan eredu den erakunde publiko gisa duen izaera sendotu eta bultzatu nahi du Lotura Planak. Unibertsitateak 32 urtez egin du lan hori, eta 3.000 erakunde baino gehiagorekin jardun du lankidetzan irakaskuntzako, ikerketako eta hedapeneko ekimenen bidez. Gizartearekin partekatzen duen proiektua indartu nahi du, bai eta gizartearen balioak irakaskuntza erakundearen xedearekin lerrokatu ere.
Unibertsitatearen eta bere ingurunearen arteko harreman hori dagoeneko garatzen da zenbait ekintzaren bidez. Esaterako: katedrak, praktikak enpresetan, A3U programa, Mentoretza Seniorra programa, ikerketaren transferentzia, Unibertsitateko kalitatearen enbaxadorearen kargua sortzea, kultura ekimenak, eta dibulgazio zientifikokoak, besteak beste. Orain, hau da planaren xedea: lankidetza horien eragina indartzea eraginkorragoak eta ikusgarriagoak izan daitezen, bai eta lankidetza hori hobetzea lortuko duten beste batzuk indartzea ere.
Lotura Planak atal bat dauka A3U programako kideei buruzkoa (ikasle ohiak eta adiskideak). Horien bidez harremana sendotu nahi du Unibertsitateak proposamen pertsonalizatuak eta haien interesentzat erakargarriak diren jarduera eta zerbitzu diferenteetarako sarbide irekia eskainiz. Hala, proiektu parte-hartzaileak sortzeko premia nabarmentzen da, erakundeko taldeen eta dagoeneko harremanetan dauden kanpoko eragileen arteko lotura areagotzearren, ezagutza partekatua sortzeko.
“En abierto/Zabalik” erakusketa
“En abierto/Zabalik” erakusteko material multzo bat da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren funtsa jaso nahi duena. Zientziaren eta teknologiaren museoa eta ezagutzaren bilakaera gorpuzten duten piezak daude barruan. Ezagutza da unibertsitateko jardueraren lehengai nagusia. Panelak eta ikus-entzunezkoak ere badaude, eta NUPek antolakunde gisa dituen jarduera-datuak jasotzen dituzte: egresatu kopurua, ingurunearekin oso lotuta dauden ikerketa kontratuena, edo enpresen sorrerari edo proiektuei buruzkoa.
Material multzo hori guztia Arrosadiko campuseko gune diferenteetan dago banatuta. Nahieran ibil daiteke campus irekian, eta erakusketa honen bidez gardentasun handiagoa izango du, bertan egunero egiten den jarduera esplizituki erakutsiko baitu.