Iruñeko Civicanen egiten ari diren Idazkaritza Nagusien XXV. CRUE Jardunaldiak. Parte-hartzaileen familia argazkia.
Berrogeita zazpi unibertsitate publiko eta pribatutako Idazkaritza Nagusietan lan egiten duten laurogeita hamar lagun bilduko dira Iruñean gaur (apirilak 11, osteguna) eta bihar (apirilak 12, ostirala), Idazkaritza Nagusien CRUE Jardunaldien XXV. edizioaren karietara. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatutako topaketak erakunde horien eguneroko jardunari eragiten dioten gai juridikoak ditu aztergai, hala nola gardentasun politikak, datuen babesa, bizikidetza araubidea eta negoziazio kolektiboak.
Mintegia gaur inauguratu dute Iruñeko Civicanen Alfonso Carlosenak —NUPeko errektoreak—, José Antonio Mayoral Murillok —CRUE-Idazkaritza Nagusiak elkarteko lehendakari eta Zaragozako Unibertsitateko errektore denak—, eta Nekane Oroz Bretónek —Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak—.
“Programak oso gai garrantzitsuak planteatzen ditu, nabarmenki zeharkakoak direnak —esan du NUPeko idazkari nagusia eta Zuzenbide Saileko katedraduna den Inés Olaizola Nogalesek—. Badira kezkatzen gaituzten zenbait gai, besteak beste, datuen babesa, negoziazio kolektiboak edo bizikidetza araubidea, eta haiei erantzun argi eta bateratu bat eman beharrean gaude. Ildo horretan, jardunaldiek aukera ematen digute gure ikuspuntuak eta esperientzia azaltzeko, eta hori, zalantzarik gabe, aberasgarria da guztiontzat”.
Proiekzioa duten topaketak
Mintegiaren inaugurazioa Civicanen. Ezkerretik eskuinera: José Antonio Mayoral, CRUE-Idazkaritza Nagusiak elkarteko lehendakaria eta Zaragozako Unibertsitateko errektorea; Alfonso Carlosena, NUPeko errektorea; eta Nekane Oroz, Nafarroako Gobernuko zuzendari nagusia.
CRUE (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) 1994. urtean eratu zen, eta Espainiako 76 unibertsitatek osatzen dute (50 publikoak dira, eta 26 pribatuak). Erakunde horren gobernu-organo gorena Batzar Nagusia da. Arlokako batzordeek hari aholku ematen diote, eta, orobat, erakunde guztietarako interesekoak diren sareko jarduerak sustatzen dituzte. Arlokako batzorde horietako bat Crue-Idazkaritza Nagusiak izenekoa da, 2000. urtean eratua eta Espainiako unibertsitateetako idazkari nagusiek osatua. Haren eskumeneko esparruen artean askotariko gaiak daude, esate baterako, administrazio elektronikoa, jabetza intelektuala, gardentasun politikak, gobernamendua, eta unibertsitateetako esparru juridikoarekin zerikusia duen guztia.
Hain zuzen, unibertsitateko gardentasuna da gaur Iruñean eginen den bilerako aztergai nagusia. Programak gai hauek hartzen ditu: datuen babesarekin eta gardentasunarekin loturiko jardunbide egokien gida baten aurkezpena; politika horiek eta Gardentasunari buruzko Legearen ondorioz informazioa emateko betebeharrak ebaluatzeko ereduen azterketa; eta mahai-inguru bat, “Gardentasunaren eta datuen babesaren arteko lerro fina” izenekoa, non partaideetako bat Martín Razquin Lizarraga izanen den, NUPeko Zuzenbide Saileko zuzendaria eta Administrazio Zuzenbideko katedraduna.
Bihar, ostirala, gai hauei buruzko saioak eginen dira: negoziazio kolektiboa eta unibertsitateko gobernua, eta unibertsitateen Segurtasuneko Eskema Nazionalerako egokitzapena, hark ezartzen baitu administrazio publikoek jarraitu beharreko segurtasun politika baliabide elektronikoak erabiltzeari eta informazioa babesteari dagokienez.
Bileraren programa osoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean dago kontsultatzeko.