Joan eduki nagusira

zoom Paz Francés, liburuaren egilea.

Paz Francés, liburuaren egilea.

Paz Francés Lecumberri Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Zuzenbide Saileko irakasle eta ikertzaileak liburu bat idatzi du, Diana Restrepo Rodríguezekin lankidetzan, non espetxeak abolitu daitezkeela defendatzen duen, zigorraren kontzeptua bera ezbaian jarriz. Diana Restrepo Rodríguez Cali-n (Kolonbian) dagoen San Buenaventura Unibertsitateko irakaslea da eta “¿Se puede terminar con la prisión? Críticas y alternativas al sistema penal” da Catarata argitaletxearekin kaleratu duten liburuaren izenburua.

Egileek, abolizionistatzat jotzen duten beren liburuan, “XXI. mendeko gai politiko nagusietako bat segurtasuna dela” diote. “Irrika horri erantzuteko, disuasio metodo edo zentzabide gisa zigorra erabiltzea defendatzen duen joera hedatu da. Hori hala izanik ere, baliabide horrek itzal asko ditu eta sektore sozial eta akademikoetan asko dira haren kontra daudenak”. Hori dela eta, argitalpenaren xedea da “beste ikuspegi batzuetatik aztertzea gatazkei ematen dizkiegun erantzun penalen inguruko dilemak, ikuspegi abolizionista huts batetik abiatuta”, azaldu dute.

 Gai hori gaur egun pil-pilean dago; izan ere, nabarmendu dutenez, “espetxealdi iraunkor berrikusgarriari egindako kritikek, herritarren segurtasuna babesteko legearen onespenak edo beste jokabide mota batzuen kriminalizazioak bidea ireki dute espetxea abolitzeko tesiek eragin nabarmena izan dezaten azken urteetako eztabaida sozialean. Tesi horiek 60ko eta 70eko hamarkadetan garatu ziren iparraldeko herrialdeetan batez ere”.

Abolizionismoaren historia eta beste justizia mota bateranzko trantsizioa

Liburuak, bere sei kapituluetan, abolizionismoaren eta zigorraren kulturaren historia jasotzen du, eta, orobat, zigor penalak patriarkatuarekin duen lotura, alde batetik, eta kapitalismoarekin duena, bestetik. Era berean, kontrol sozialarekin loturiko beste erakunde batzuk aztertzen ditu (gai honetan erreferente bilakatu den Michael Foucault pentsalari frantsesaren tesiei jarraikiz), hala nola psikiatria zentroa, familia edo eskola.

Azkenik, liburuak “El camino hacia lugares más justos. Al encuentro de la abolición” izeneko kapituluan argitzen du abolizioaren xedea ez dela espetxeratzearen ordezko aukerak proposatzea, baizik eta espetxeak deuseztatzea, besterik ez. Horretarako, egileek aipatzen dute “zibilizazioa erabat aldatu” beharra dagoela, eta horrek eraldaketa sozialak nahiz pertsonalak eskatzen dituela, “gatazka penalei zigorretik urrun dauden logiketatik heltzeko”.