Joan eduki nagusira

zoom Bismil Ali Ali, NUPeko doktore berria.

Bismil Ali Ali, NUPeko doktore berria.

Nafarroako larrialdi sistemak “arreta ona” ematen die traumatismo larriak dituzten gaixoei eta bere errendimendua Europako, hala nola, Alemaniako larrialdi traumatikoetarako laguntza dispositiboenarekin pareka daiteke. Bismil Ali Ali medikuaren (Sialkot, Pakistan, 1984) doktoretza-tesiaren ondorioetako bat da hori. Doktoretza-tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurria da (NUP). Nolanahi ere, ikertzaileak hau iradokitzen du: “Beharrezkoa da etengabe aztertzea nola jokatzen dugun traumatizatutako gaixoarekin, haren arreta nola hobetu jakiteko”.

“Trauma une jakin bateko aldaketa fisiologiko eta egiturazko aldaketa da, lesio itxurakoa, kanpoko energia-iturri batek gorputz batek hura jasateko eta gainditzeko duen gaitasunak baino eragin handiagoa duenean nozitzen duena —azaldu du Bismil Alik. Bere tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du eta nazioarteko aipamena du—. Beraz, traumak larritasunaren espektro zabala hartzen du barruan: kalte txiki batetik hiltzeko arriskua daukan egoera batera. Traumaren barruan sartzen dira nahita edo nahi gabe egindako lesioak: trafiko istripuak, erorikoak, arma zuriz egindako zauriak, su-armaz egindakoak, etab.”.

Nolanahi ere, trauma larria “osasun arazo larri bat da, diziplina anitzeko ikuspegia eskatzen duena, honako arreta hauek ematea baitakar: larrialdietako mediku arreta, medikuntza intentsibokoa, traumatologiakoa, errehabilitaziokoa, etab.”, Bismil Aliren arabera. Medikuak azpimarratzen duenez “traumaren arretaren kalitatea hobetzeko edozein ahaleginek jarraipena egitea eskatzen du”. “Monitorizazioa egiteko, trauma erregistroak erabiltzen dira, eta osasuneko langileentzat lagungarri izan daitezke tratamenduaren emaitzak analizatzeko”, gehitu du.

Hori dela eta, trauma erregistroak, medikuaren iritzian, “tresna erabilgarriak dira gaixoen arreta ebaluatzeko eta hobetzeko beste batzuekin konparatuz”. “Espainian, datuak mugatuak dira nazio mailan, eta ezarritako traumatismo erregistro gehienak eskualde edo probintzia mailakoak dira. Esaterako: Nafarroako Trauma Larriaren Erregistroa”, esan du Bismil Ali Alik. Hauek zuzendu dute bere doktoretza-tesia: Tomás Belzunegui Otano (NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasle elkartua eta Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdietako eta Ospiraleratzeko zuzendariordea) eta Diego Reyero Díez (ZIU mugikorreko medikua eta Osasunbideko geldialdi kardiorrespiratorioko kodearen arretako arduraduna).

Erregistro estandarizatua

Nafarroako Trauma Larriaren Erregistroaren fidagarritasuna frogatzea zen doktoretza-tesiaren xedea. Erregistroa 2010ean sortu zuen Osasunbideak. “Erregistroak datu demografikoak, ospitaleratzearen aurreko informazioa, ospitaleratzearen tratamenduari buruzko datuak eta emaitza jasotzen ditu modu estandarizatuan, europar gomendioen arabera —esan du—. Datuen bilketa estandarizatuari esker, gaixo politraumatizatuari  herrian, eskualdean, nazioan edo nazioartean emandako arreta konpara daiteke”. 

Nolanahi ere, traumaren erregistroen fidagarritasuna datuen kalitatearen araberakoa da. “Nafarroako Trauma Larriaren Erregistroko datuen kalitatearen ebaluazioak, datuen osotasunari eta kasuen konkordantziari dagokienez, erakusten du datu fidagarriak eta kalitate handikoak dituela, baina profil oso zehatzekoa den eta erregistroan jasota ez dagoen gaixo kopuru handi samar bat ere badago. Baztertutakoek lesio espezifikoaren profil bat zuten, erregistroan agertzeko irizpideak betetzen bazituzten ere. Askotan, adineko gaixoak ziren, sarri emakumeak, komorbilitateak eta garuneko lesio mugatua dutenak. Hori dela-eta, neurriak hartu beharko lirateke gaixo horiek ebaluatzeko erregistro espezifikoak sortzeko”, azaldu du.

Erantzuteko denbora

Bismil Alik ospitale aurreko erantzuteko denborek gaixo politraumatizatuen biziraupenari dagokionez duten eragina ere aztertu zuen Nafarroako Larrialdi Sistemak emandako osasun laguntzaren kalitatea egiaztatzeko. “Nafarroako larrialdi sistemak artatutako gaixo politraumatizatuen heriotza-tasan eragina daukate adinak eta traumak eragindako kaltearen intentsitateak —ziurtatu du—. Ospitale aurreko erantzuteko denborak nahikoa onak dira eragin esanguratsurik izan ez dezaten”.

Nafarroako datuen eta Alemaniakoen arteko konparaketa bat ere bazeukan doktoretza-tesiak. “Nafarroan artatu dituzten lesio larriko gaixoen emaitza orokor doitua Alemaniakoarekin konpara daiteke. Nolanahi ere, ospitale aurreko mailan eta ospitale mailan hobekuntzak behar dira Nafarroako arreta traumatologikoaren kalitatea handitzeko. Esaterako, Nafarroan ditugun ospitale aurreko erantzuteko denborak hobetu daitezke helikopteroa gehiago erabiliz gero, gaixoen % 5ekin erabiltzen baita bakarrik bitarteko hori. Ospitalearen  ikuspegitik, Nafarroan ordenagailu bidezko tomografia axiala (OTA) egiteko denborak hobetu daitezke eskanerra suspertzeko boxetik gertuago jarrita, eta horrek lehen operazioa egiteko behar den denbora murriztuko luke”, esan du amaitzeko.

Curriculum laburra

NUPen doktoretza titulua lortu baino lehen, Bismil Ali Medikuntzan lizentziatu zen Zaragozako Unibertsitatean. Gero Familiako eta Komunitateko Medikuntzako espezialitatea lortu zuen Nafarroako Irakaskuntza Unitatean. Unitate horretan egindako prestakuntza-aldian presentzia fisikoko guardiak egin zituen Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdi Zerbitzuan (Foru Komunitateko politraumatizatuei arreta emateko erreferentzia zentroa). Aldi berean, prestakuntza jaso zuen bizi-euskarri aurreratuan eta gaixo politraumatizatuaren arretako bizi-euskarri aurreratuan, bai ospitale aurreko ikuspegitik, bai ospitaleko ikuspegitik.

Doktoretza-tesia egiten ari zela, Bismil Alik hiru hilabeteko ikerketa egonaldia egin zuen Rolf Lefering irakaslearekin Koloniako (Alemania) Witten-Herdecke Unibertsitateko Ikerketa Institutuan (IFOM). Horretaz gainera, doktoretza-tesiak Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuaren ikerketa laguntza bat eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza aurreko laguntza bat jaso zituen.

Bismil Alik hamar ikerketa artikulu kaleratu ditu argitalpen zientifikoetan eta biltzarretan hogei komunikazio. Horretaz gainera, Gaixo Politraumatizatuen Ikerketa Taldeko kidea da. Taldea Navarrabiomeden (Nafarroako Gobernuaren eta NUPen ikerketa biomedikoko zentroa) eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuan erroldatuta dago (IdiSNA). Talde horrek lankidetzan dihardu Alemaniako, Finlandiako eta Herbehereetako ikertzaile taldeekin. Gaixo politraumatizatuen ikerketan eta gaixo horien arreta hobetzeko zereginetan espezializatuta daude talde horiek.

2017ko otsailaz geroztik, Bismil Alik larrialdietako mediku dago Carloweko (Irlanda) Caredoc Larrialdi Zerbitzuan.