Joan eduki nagusira

zoom Aplikazioa sortu duen ikerketa-taldea. Ezkerretik eskuinera:

Aplikazioa sortu duen ikerketa-taldea. Ezkerretik eskuinera:

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Estatistika Espazialeko ikerketa-taldeak SSTCDapp izeneko aplikazioa diseinatu du, minbiziagatik eta beste gaixotasun kroniko batzuengatik hiltzeko arriskuaren espazio-denbora patroiak zenbatesteko aukera ematen duena, baita gehiegizko arriskua duten eskualdeak detektatzeko ere. Ikerketa-talde hori InaMat Material Aurreratuen Ikerketa Institutuaren barnean dago, eta ikertzaile hauek osatzen dute: Lola Ugarte katedradunak, eta Tomás Goicoa eta Aritz Adin irakasleek, denak ere Unibertsitateko Estatistika, Informatika eta Matematika Sailekoak.

Ikertzaileek azaldu dutenez, gaixotasunen irudikapen kartografikoa taldearen ikerketa-lerro nagusietako bat da, baina helburua ez da soilik beste metodologia estatistiko bat garatzea; aitzitik, epidemiologiaren eta osasun publikoaren esparruko bestelako erabiltzaileentzat ere erabilgarria izatea nahi da, adituak izan zein ez. Nabarmendu beharra dago 2018ko urtarrilaren 15etik 2019ko otsailaren 16ra 41 herrialdetako 205 erabiltzailek eman dutela izena aplikazioa erabiltzeko (bost kontinenteetako unibertsitateak, osasun etxeak eta enpresak barne hartzen dituzten 169 erakundetakoak).

Aplikazioak espazio-denbora interakzio mota desberdinak barne hartzen dituzten eredu autorregresiboak erabiltzen ditu, eta aukera ematen du arriskuaren espazio-denbora patroia zehazki zenbatesteko. Aplikazioa sortzeko, R-ren shiny paketea erabili dute (erabilera libreko software estatistikoa).  Kalkulu guztiak NUPen ostatatuta dagoen urruneko zerbitzari indartsu batean egiten dira. Gainera, aplikazioan sartuz gero, aukera dago mahaigaineko bertsioa deskargatzeko, beharrezkoa balitz ereduak lokalean exekutatu ahal izateko.

Arriskuak mapan irudikatzea

Gaixotasunen irudikapen kartografikoa (ingelesez, “disease mapping”) epidemiologiaren eta osasun publikoaren esparruan interes handia duen ikerketa lerro bat da. Ikerketa arlo honen helburu nagusia tresna berriak lortzea da minbiziaren eta beste gaixotasun batzuen intzidentziaren eta heriotza-tasaren espazio-denbora patroiak zenbatetsi ahal izateko, bai eta gehiegizko arriskua duten eskualdeak detektatzea ere, horrek aukera ematen baitu osasunaren arloan izan daitezkeen desparekotasunak agerian jartzeko, osasun agintariek haiek arintzeko neurri egokiak hartu ahal ditzaten. “Izan ere, Osasun Publikoari buruzko Lege Orokorrean ezarritako printzipio nagusietako bat ekitatearena da, hots, osasunean eragina duten politika, plan eta programek arlo horretako gizarte-desparekotasunen murrizketa sustatu behar dutela dioen printzipioa”, azaldu dute ikerketa-taldeko kideek.

Era berean, minbiziaren intzidentziaren eta heriotza-tasaren espazio-denbora patroiak xeheki aztertzeak aukera ematen du ikertutako gaixotasunaren etiologiari (kausei) buruzko hipotesi berriak sortzeko, eta laguntzen du beste arrisku faktore batzuk aurkitzen. “Kontuan izan behar da banakako faktoreak ez direla aski izaten minbiziaren eta bestelako gaixotasun kronikoen kausak guztiz ulertzeko. Horiez gain, norbanakoa bizi den testuinguruko beste faktore batzuk hartu behar dira aintzat, hala nola ohiturak, dieta edo kutsadura”. “Bestalde, nabarmendu beharra dago minbizi mota askotako arrisku faktore ezagunek kasuen ehuneko txiki bat baino ez dutela azaltzen, eta, hartara, arriskuaren patroi geografikoak denboran izan duen bilakaera aztertzea funtsezko bihurtzen da”, argitu dute ikertzaileek.

Intzidentzia mapetan aztertzea. Historia

Gutxienez bi mende dira intzidentzia eta heriotza kasuak mapetan irudikatzen direla. XIX. mendearen erdialdean, John Snow doktoreak mapetan irudikatu zituen Londreseko kolera kasuak, eta lortu zuen kasuen gorakada hain azkarraren zergatia aurkitzea: Broad Streeteko ur-ponpa bat kutsatua zegoen. Garai hartako Londreseko osasun agintariei jakinarazi zitzaien, eta, ur-iturria moztu ondoren, kolera kasuek nabarmenki egin zuten behera.

Gaur egun mapetan, kasuak irudikatzeaz gain (kontuan izan behar baita arriskuan dagoen populazioa), arriskuak edo tasak ere irudikatzen dira, eredu gero eta sofistikatuagoak baliatuz haiek kalkulatzeko, arriskuak zenbatesteko neurri klasikoak —hala nola heriotza-tasa estandarizatuaren arrazoia— gainditzen dituztenak.