Joan eduki nagusira

zoom Javier Fernández-Montalvo NUPeko irakaslea, Gail Gilchrist Londresko King’s College-ko ikertzailearekin.

Javier Fernández-Montalvo NUPeko irakaslea, Gail Gilchrist Londresko King’s College-ko ikertzailearekin.

Javier Fernández-Montalvo Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Saileko Psikopatologiako irakasle titularrak adikzioei eta indarkeriari buruz taldean egindako ikerketen emaitza nagusiak ezagutzera eman ditu Londresko King’s College-n (Erresuma Batua), Europan prestakuntza biomedikoa ematen duen unibertsitate-ikastegi handienean. Psikologia Klinikoa eta Psikopatologia du izena, hain zuzen, Javier Fernández-Montalvok zuzentzen duen ikerketa-taldeak. Britainiar hiriburuan adierazi duenez, adikzioren baten ondorioz arazoak dituztelako tratamendu eske joaten diren eta bizitzan gertaera indarkeriazko edo traumatikoren bat pairatu duten pazienteek (eraso psikologiko, fisiko edo sexual moduan, batik bat) “probabilitate handiagoa dute tratamendua bertan behera uzteko edo adikzioan berriz erortzeko”. Haren iritziz, faktore hauek sortzen dute terapiak huts egiteko arriskua: kontsumoan mendekotasun larriagoa izatea, droga-adikzioari lotutako arazo gehiago edukitzea eta aurretik jasandako indarkeriaren ondorioak ez identifikatzea.

NUPeko ikertzailea Londresko King’s College-n izan zen bere taldearen ikerketa aurkezten, britainiar erakundeko Psikiatriako, Psikologiako eta Neurozientzietako Institutuko Adikzioen Saileko Gail Gilchrist ikertzaileak gonbidaturik. Hantxe, Javier Fernández-Montalvok “Addictions and violence: clinical implications” (“Adikzioak eta indarkeria: inplikazio klinikoak”) izeneko hitzaldia eman zuen, Londresko King’s College-ko ikertzaile-talde handi baten aurrean. Disertazioan, adikzioen eta indarkeriaren arteko erlazioari buruzko ezagutza errepasatu zuen lehenik, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan zuzentzen duen ikerketa-taldeak orain arte lortu dituen emaitza nagusiak laburtu zituen gero.

Zehazki, Javier Fernández-Montalvok adierazi zuenez, adikzioren baten ondorioz arazoak dituztelako tratamendu eske joaten diren pazienteen % 40 inguruk pairatu du gertaera indarkeriazko edo traumatikoren bat bizitzan. Oro har herritarrengan izaten den tasa (herritarren % 25, gutxi gorabehera) baino askoz altuagoa da hori, eta eragin zuzena du pertsona horiekin egiten den esku-hartze klinikoan. “Gure ikerketen emaitzek erakusten dute adikzio baten ondorioz, batik bat alkohol- edo kokaina-adikzioaren ondorioz, tratamendua jasotzen ari den paziente batek indarkeria-arazoren bat badu, erasotzaile zein biktima izan, tratamendua zaildu egiten dela, eta terapiak huts egiteko arriskua ekartzen duela —azaldu zuen ikertzaileak Londresko King’s College-n—.

Indarkeriaren ondorio psikologikoak

Fernández-Montalvoren ustez, pertsona horiek “ez dute asmatu indarkeriazko erasoek eragin dizkieten ondorio psikologikoak gainditzen, eta, zenbait urte geroago, laguntza eske joaten dira kontsultara substantziaren batekiko kontrola, dela alkoholarekiko, dela kokainarekiko, dela automedikazioarekiko kontrola, galdu dutelako”. “Bestalde, bizipen traumatikoak izan dituzten paziente horiek mendekotasun larriagoa izan ohi dute, eta droga-adikzioari lotutako arazo gehiago —esan zuen Javier Fernández-Montalvok Londresko King’s College-n—. Egin ditugun ikerketa guztietan, bat datoz emaitzak: adikzioren bat duten pazienteen artean, emakumezko askoz gehiagok izan dute bizipen traumatikoren bat bizitzan. Datuak kezkagarriak dira; izan ere, arazo hori kontuan hartzen ez bada eta prozesu teraupetikoan pazienteekin behar bezala tratatzen ez bada, nabarmen handitzen da tratamenduak porrot egiteko arriskua, dela tratamendua goiz uzteagatik, dela adikzioan berriz erortzen direlako”.

Alde horretatik, Javier Fernández-Montalvok ikerketa-proiektu bat aurkeztu zuen britainiar erakundean, hain zuzen bere taldea garatzen ari dena detektatzeko nork jasan dituen tratu txarrak Nafarroako Gizakia Helburu Fundazioan adikzioren bat dutelako tratamenduan dauden gaixoen artetik; izan ere, droga-mendekotasunaren azpian ezkutuan gelditzen den problematika bat da hori. Esku hartzeko programa espezifiko horrek Espainiako Gobernuaren finantzaketa jaso du, eta, haren bidez, laguntza eman nahi zaie pazienteei tratu txarren ondorio traumatikoak gaindi ditzaten.

Javier Fernández-Montalvok gidatzen duen Psikologia Klinikoa eta Psikopatologia taldearen egitasmoa hau da: “adikzioak tratatzeko programetan, zorrotz ebaluatzea zenbateraino den eraginkorra esku-hartze integratu bat biktimizazio kasuetarako; Espainian, baina, orain arte ez da halakorik egin”.

Javier Fenández-Montalvok Londresen adierazi duenez, proiektua bukatzen dutenerako (2021ean, aurreikuspenen arabera), ikertzaileek espero dute ordurako zehazki jakitea norainokoa den adikzioagatik tratamenduan egonik tratu txarrak jasaten dituztenen arazoa eta zer behar espezifiko dituzten paziente horiek. Gainera, tratamendu integratu bat eduki nahi dute erabilgarri, ebaluatu ondoren eraginkorra dela egiaztatu den tratamendu bat, eta, azkenik, jakin nahi dute zer aldagaik behar duten arreta handiagoa azken prozesu horretan.