Joan eduki nagusira

zoom Paz Francés Lecumberri, prentsaurrekoan.

Paz Francés Lecumberri, prentsaurrekoan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Zuzenbide Sailaren bidez, eta presoen aldeko Salhaketa Nafarroa elkarteak Espetxe Ikasketei buruzko XIII. Jardunaldiak antolatu dituzte. 2019ko martxoaren 27an eta 28an egingo dira, “Migratzaileak labirinto penalean eta penitentzialean” gaiaren inguruan. Bi urtez behin izaten dira jardunaldiak, sarrera librea eta doakoa da, eta Sario eraikineko 04. ikasgelan izango dira 17:00etatik 19:30era (Arrosadiko campusean, Iruñean). Jardunaldietako hizlariei eta edukiei buruzko informazio guztia NUPen webgunean dago kontsultatzeko.

Jardunaldien nondik norakoak Paz Francés Lecumberri NUPeko Zuzenbide Saileko irakasleak zehaztu ditu gaur, martxoaren 21ean (osteguna). Salhaketa Elkarteko kide ere bada, eta esan du topaketaren helburua dela “gogoeta egitea arlo penalaren kontrolpean erori eta espetxean bukatzen duten migratzaileen egoeraz”. Egun bakoitzean, bi adituk hartuko dute parte. Inés Olaizola Nogales NUPeko Zuzenbide Penaleko katedradunak emango die hasiera jardunaldiei, eta Leticia Jericó Ojer NUPeko irakaslea arituko da moderatzaile bigarren saioan.

Sarrera doakoa eta librea, eta, jardunaldietara bertaratu izanaren agiria eskuratu nahi izanez gero, mezu bat bidali behar da hona: jornadasestudiospenitenciarios@gmail.com.

Xehetasunak

Lehenbiziko saioan, Andrés García Berrio Bartzelonako IRÍDIA Centre de Defensa de Drets Humans elkarteko abokatuak hitzaldi hau emango du: “Arrazismoa sistema penalean”. Antolatzaileek esan dutenez, abokatuak aztergai izango ditu “kontrol penalean eta prozesu penalean izaten diren elementu arrazistak: kontrol polizial handiagoa, atxiloketak, tratu txarrak eta torturak jasateko ahulezia berezia, hizkuntzak eragindako zailtasunak prozesu penalean eta espetxeratzea”.

Horren ondoren, Cristina Fernández Bessa Universidade da Coruñako doktoretza ondoko ikertzaile eta Universitat de Barcelonako Observatori del Sistema Penal i els Drets Humans behatokiko kidea mintzatuko da. Haren hitzaldiaren izenburua hauxe da: “Mugikortasun(ik ez)aren generoa: emakume migratzaileak kontrol penalaren eta migraziokoaren aurrean”.  Ikertzaileak esplikatuko du generoak nola baldintzatzen duen migratzaileen mugikortasun fisikoa eta soziala, haren ustez labirinto penalak eta penitentziarioak modu diferentean eragiten baitie emakumeei eta gizonei. “Bai kartzeletan bai atzerritarrak barneratzeko zentroetan (CIE), diskriminatu egiten dituzte emakumeak, eta gizonezkoek baino kondizio okerragoak sufritzen dituzte giltzapean”. “Gainera, arrisku handiagoei egin behar izaten diete aurre mugak gurutzatzean, eta prekarietate handiagoari, lana sexuaren arabera banatzearen ondorioz. Aitzitik, migrazio kontroleko sistemak ez ditu gizonezko herrikideak adina kriminalizatzen eta jazartzen”, zehaztu dute antolatzaileek. 

Bigarren egunean, Cristina Almeida Herrero Salamancako Cáritas Diocesanako abokatuak “Atzerritarrak prozesu penalean eta espetxealdian” izeneko mintzaldia emango du. Zigor Kodean jasotako neurri bat izango du hizpide: delitu baten ondorioz migratzaileak kanporatzeko mekanismoa. Neurri hori zertan oinarritzen den, nola erabiltzen den eta migratzaileak kanporatzeak nolako ondorioak dakarzkien azalduko du besteak beste. Jardunaldien antolatzaileek esan dutenez, “migratzaileak espetxean daudenean zer egoera zaila bizi duten azalduko du, eta prozesu penalak nola eragiten dion haien egoera administratiboari eta, beraz, nola erregularizatzen dituen migratzaileak zigorra bete ondoren”.

Azkenik, espetxean egon diren bi migratzailek beren lekukotasuna emango dute. “Ezinbestekoa iruditzen zaigu errealitatea sufritu dutenek berek kontatzea zer gertatzen den, eta jardunaldiak gune pribilegiatu bihurtu nahiko genituzke gure gizartean ia ahotsik ez dutenei entzuteko”. Azken saio hori Libertad Francés Lecumberri abokatu eta Salhaketa Nafarroako koordinatzaileak zuzenduko du. Bi lekukoei beren bizipenak kontatzen lagunduko die galderak eginez, eta entzuleei ere hitza emango die parte har dezaten.