Joan eduki nagusira

zoom Proiektuan parte hartu duten ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Carlos A. De la Cruz Blas, María Pilar Garde Luque eta Antonio López Martín.

Proiektuan parte hartu duten ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Carlos A. De la Cruz Blas, María Pilar Garde Luque eta Antonio López Martín.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Smart Cities Institutuko (ISC) zenbait ikertzailek, Sevillako Unibertsitatearekin eta Estatu Batuetako Mexiko Berriko Estatu Unibertsitatearekin lankidetzan, garraio adimendunerako edukiontziak garatu dituzte. Horretarako, mikrosentsore integratu berri batzuk erabili dituzte, baita hari gabeko sentsore-sareak ere, kostu txikikoak eta autonomia handikoak, aukera ematen dutenak biltegi horien ingurumen-parametroak monitorizatzeko, tenperatura eta hezetasuna kasu, eta horiek haririk gabe kanpoaldera transmititzeko. Espainiako Gobernuak finantzatutako sistema horrek “onura nabarmenak lortu ditu efizientziari, jasangarritasunari eta segurtasunari dagokienez”, Nafarroako erakunde horretako Antonio López Martín katedradunaren arabera. Teknologia horren landa-saiakerak Sevillako portuan egin dira, Espainiako barnealdeko merkataritza-portu bakarrean, Sevillako Portu Agintaritzaren laguntzari esker.

“Edukiontziaren barrenean erantsitako sentsoreek zenbait parametro antzematen dituzte, hala nola presioa, tenperatura, hezetasuna edo argiaren intentsitatea —azaldu du Antonio López ikertzaileak—. Datu horiek edukiontziaren kanpoaldeko nodora transmititzen dira, eta hark datuok prozesatu eta sarea koordinatzen duen nodora transmititzen ditu. Hala, Logistikako Informazio Sistema Bateratuari helarazten dizkio denbora errealean, kate logistikoko eragile garrantzitsu guztiek erabil ditzaten, hots, bezeroak, zamaketa enpresak eta portuko agintaritzak”.

Edukiontziaren barreneko nodoen eta kanpoaldearen arteko komunikazioa ultrasoinuen bitartez egiten da, eta, horregatik, ez da beharrezkoa edukiontziaren pareta zulatzea. “Gainera, barneko nodoek autonomia energetikoa izan dezatela bilatzen da, beren burua edukiontziaren barreneko energia eskasaz hornitu ahal izan dezaten, bibrazioak edo gradiente termikoak baliatuz”, aipatu du Antonio Lópezek, NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko katedradunak.

Teknologia horren onura nagusiak

zoom Proposatutako sistemaren arkitekturaren diagrama.

Proposatutako sistemaren arkitekturaren diagrama.

Proiektu horretan garatutako sistemak aukera ematen du “garraioa adimentsuagoa eta jasangarriagoa izan eta kate logistikoan hobeki integratua egon dadin, informazio-fluxu eskuragarriagoa lortu baita bezeroak nahi duenean Interneten bidez kontsulta egiteko. Era berean, fidagarriagoa da, gertakariak automatikoki erregistratzen direlako, egiaztagarriagoa, prozesu logistikoaren trazabilitate bikaina lortu baita hasieratik bukaerara, baita egokiagoa ere, kontuan harturik denbora errealean egiten duela lan”, azaldu du Antonio Lópezek.

Horrez gain, segurtasunean ere hobekuntzak egin dira. “Askotan, delituzko ekintzetarako erabiltzen dituzte edukiontziak, drogekin eta pertsonekin trafikatzeko edo animaliak legez kanpo salerosteko, adibidez —adierazi du ikertzaileak—. Proiektuari esker, posible da kargaren ikusgarritasuna hobetzea —jatorrian zigilua jartzen zaionetik helmugan desinstalatzen den arte—, bidean den merkantziaren segurtasuna arriskuan jartzen duten gertakariak automatikoki eta denbora errealean erregistratzea, eta istripuak izateko edo norbait bidegabe sartzeko arriskua murriztea.

Nabarmentzekoa da, halaber, “garraiatutako elementuen osasungarritasunak eta kalitateak hobera egin dutela, eta horrek konfiantza ematen diola kate logistikoaren prozesuari”. “Proiektuak bidea ematen du bai hotz-kateko akatsak eta bai ohiz kanpoko hezetasun-mailak goiz detektatzeko”, erantsi du.

Azkenik, operazio logistikoei dagokienez, ikertzaileak dio “automatizazioa efizienteagoa dela, helmugara iritsi aurretik kontsultatzen baita edukiontzi bakoitzaren informazioa, eta horrek aukera ematen duelako eskuzko prozesurik egin behar ez izateko”.

Parte hartu duten ikertzaileak

zoom Proiektuan diseinatutako teknologia, edukiontzi baten barrenean.

Proiektuan diseinatutako teknologia, edukiontzi baten barrenean.

Antonio López katedradunaz gainera, Carlos A. De la Cruz Blas, José María Algueta Miguel, María Pilar Garde Luque eta Alfonso Carlosena NUPeko ikertzaileek hartu dute parte proiektuan, Nafarroako erakunde akademikoko bi egresaturekin lankidetzan: Jesús Aguado Ruiz eta Coro García Alberdi. Jaime Ramírez-Angulok ere hartu du parte, hots, Estatu Batuetako New Mexico State Universityko ikertzaileak. “Merkantzien edukiontziak garraiatzeko eta maneiatzeko guneei teknologia adimenduna eman nahi izan diegu, aurreko soluzioekin alderatuta jauzi kualitatibo bat lortzearren kostuari eta prestazioei dagokienez —adierazi du Antonio Lópezek—. Horretarako, egun garatze bidean dauden soluzioak behar baino konplexuagoak eta garestiagoak direlako egiaztapena hartu dugu abiapuntutzat; izan ere, sistema jabedunak dira, ez askeak, edukiontzi bakoitzean satelite bidezko konektibitatea dutenak eta egungo informazioaren eta komunikazioaren teknologien ahalmena erabat ustiatzen ez dutenak”.