Joan eduki nagusira

zoom Maite Martínez Aldaya biologoa, NUPeko IS-FOOD institutuko ikertzailea, Arrosadiko campusean (Iruñea)

Maite Martínez Aldaya biologoa, NUPeko IS-FOOD institutuko ikertzailea, Arrosadiko campusean (Iruñea)

Maite Martínez Aldaya biologoa (Iruñea, 1978) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuko ikertzailea da (IS-FOOD), eta Espainiako Gazteen Akademia berriaren sortzaileetako bat ere bai. Akademia hori Espainiako Gobernuak sortu du berriki zientzialari gazteak eta, batik bat, zientzia esperimentalen arloko zientzialariak ordezkatzeko eta ikusarazteko. Iruñeko zientzialaria Global Young Academy erakundeko kide aktiboa izan da bost urtez, eta kide emeritua da gaur egun. Erakunde horrek mundu osoko ikertzaile gazte onenetako batzuk biltzen ditu 2010az geroztik. 2014ko urrian, Global Young Academyko bost kide espainiarrek batzorde kudeatzaile bat eratu zuten Espainiako Gazteen Akademia sortzea bultzatzeko, eta haien ekimena orain gauzatu da Ministroen Kontseiluak onetsitako errege dekretu baten bidez.

Espainiako Gazteen Akademia sortzeko errege dekretu horren arabera, erakundeko kideak bost urtez arituko dira jardunean; hala, hurrengo belaunaldietako zientzialari gazteek aukera izango dute akademian sartzeko, eta ziurtatuko da akademiako kideak gazteak direla. Izan ere, akademiako kide izateko, zientzialari gaztea behar da izan, esan nahi baita, heldutasunera ailegatua eta ikerketa-karrera independentea hasten ari dena. Hori dela eta, akademiako kideek 40 urte inguru dituzte batez beste, eta hamabi urteko ibilbidea egin dute doktore titulua eskuratu zutenetik.

Espainiako Gazteen Akademia, gainera, atzerrian diharduten zientzialarien lotune izango da, Espainiatik kanpo ikertzen ari diren gazteek ere bai baitute aukera akademiako kide izateko.

Espainiako Gazteen Akademiaren helburuak hauek dira, besteak beste: zientzialari gazteak ordezkatzea eta haien ahotsa entzunaraztea; politika zientifikoak garatzen parte hartzea; zientzia gazteentzako aukera profesional gisa sustatzea; prestakuntza zientifikoa indartzea; eta ikuspegi berriak garatzea Espainiako nahiz nazioarteko arazo garrantzitsuak konpontzearren.

Zientzia dinamizatzeko modu berriak

Espainiako Gazteen Akademiaren antzeko lehenbiziko erakundea Alemanian sortu zen 2000. urtean, eta, orduz geroztik, haren pareko beste zenbait eratu dira hogeita hamar bat herrialdetan, hala nola Europako Gazteen Akademia 2012an. Zientzialari gazteen erakunde horiek guztiek ikerketa ulertzeko, dinamizatzeko eta komunikatzeko modu berriak proposatzen dituzte.

Global Young Academyren xedea da mundu osoko zientzialari gazteen ahotsari oihartzuna ematea, eta haien arteko lankidetza bultzatzea mundu mailan garrantzitsuak diren zientzia-, hezkuntza- eta ikerketa-gaiak lantzeko. Gaur egun, 58 herrialdetako 200 zientzialari baino gehiago ditu, 35 urte ingurukoak, eta herrialde bakoitzean zientzialari gazteen akademia bat sortzea sustatzen du. Bost urtez erakundeko kide izan ondoren, kide emeritu (“alumni”) bihurtzen dira, NUPeko ikertzaile Maite Martínez Aldaya bezala.

Ura erabiltzeko modu jasangarria

Maite Martínez Aldayak Biologian eta Ingurumenean egin zuen doktoretza Nafarroako Unibertsitatean, eta Europako doktoretzaren aipamena ere badu. Gainera, ingurumen politiken eta arauen inguruko master bat egin zuen London School of Economics and Political Science unibertsitatean (Erresuma Batua). Gaur egun, NUPeko IS-FOOD institutuan ari da lanean, "la Caixa” eta Nafarroa Kutxa fundazioek talentua erakartzeko ematen dituzten laguntzetako bati esker.

IS-FOOD institutuan egiten ari den proiektuaren helburua da Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorean egiten den uraren erabileraren jasangarritasuna zehatz-mehatz analizatzea, erabileraren indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko, eta, hala, uraren erabilerari lotutako arriskuei aurrea hartzeko>. Horrekin batera, sektore horretako uraren erabileraren produktibitate ekonomikoa eta soziala ere aztertzen ditu.