Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikasleen laneratzea errazteko programa aitzindari bat jarri du abian ikasturte honetan. Programa horrek lau ekintza ditu oinarri: zeharkako gaitasunen prestakuntza, lan orientazioa, ekintzailetzaren sustapena eta Mentoretza Seniorraren Plana; azken hori duela gutxi aurkeztu dute. “La Caixa” Gizarte Obrak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak finantzatu dute Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzak bideratutako ekimen hori, beren “Innovasocial” baterako programaren bitartez.
Aste honetan zeharkako gaitasunen prestakuntza ekintza jarri da abian; aurreikusten da graduko bigarren ikasmailako 1.700 ikaslek hartuko dutela parte. Barne hartzen ditu programa ezagutzeko ordu bat, eskola-orduetan, eta test bat egiteko beste ordu bat. Test horren bidez jakin nahi da ikasle bakoitzak zer gaitasun indartzen ahalko dituen horretarako diseinatutako banakako prestakuntza baten bidez; prestakuntza hori datorren ikasturtean emanen da. Hamar orduko sei ikastarok osatzen dute aipatutako prestakuntza programa.
Zeharkako gaitasunak zenbait abilezia, jarrera eta balio nahastearen emaitza dira, eta zeinahi lan profesionali arrakastaz heltzeko gaitzen dute pertsona. Hauek dira NUPeko lantegietan lantzen direnak: berrikuntza eta sormena; autokontrola, estresaren kudeaketa eta ikuspegi positiboa; konfiantza, enpatia eta asertibitatea; lidergoa; arazoen eta gatazken konponbidea; ahozko komunikazioa: nola egin azalpen eta aurkezpen eraginkorrak; eta, azkenik, lankidetza eta kooperazioa: talde lana eta malgutasuna.
Lan orientazioa, mentoretza seniorra eta ekintzailetza
Lan orientaziorako planaren xedea da bana-banako aholkularitza ematea arrakastaz hasteko enplegua bilatzen, eta proiektu profesionala definitzen laguntzeko. Azken ikasturteetako ikasleentzat zuzenduta dago; apiriletik aurrera ematen ahalko dute izena. Urte osoan eskuragarri egonen den online prestakuntzarako sarbidea ematen du. Horrez gain, orientazioko saio pertsonalizatuekin eta marka pertsonalari eta enplegua bilatzeko teknika eta estrategiei buruzko berariazko lantegiekin osatu daiteke prestakuntza. Planak bi orduko bost lantegi eskaintzen ditu, modu presentzialean edo online egin daitezkeenak.
Ekintzailetzari dagokionez, NUPek sortutako I+G+b ekimenak ezagutzera emateko, erakusketa bat egin da indarra hartu eta gaur egun ingurunean enplegua, balioa eta aurrerapena handitzen laguntzen ari diren horiekin. Alegia, Nadetech, Naudit, Movalsys, Eversens, Anteral eta Bioinsectis spin-off enpresekin, eta oinarri teknologikoa duten Fuvex, Uptech Sensing, Tafco metawireless eta Recombina enpresekin. Ohol mugikorren segida batez osatutako erakusketa ibiltari bat da. El Sario eraikinean egon ondoren, orain Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan dago ikusgai. Oholetako informazioa arrakasta izan duten hamar kasurekin osatuko da. Beste hainbeste bideo pieza eginen dira protagonistekin, non beren esperientzia kontatuko duten etorkizuneko ekintzaileek jarraibide eta iturri gisa erabil ditzaten.
Berriki abian jarri den Mentoretza Seniorraren Planari dagokionez, aipatu beharra dago saio orokorrak dagoeneko hasi direla, izena eman duten ia 150 ikasleei zuzenduta. Programa horri esker, aukera izanen dute lan orientazioko ekintzez baliatzeko, Nafarroako sare ekonomiko eta sozialean pisu handia duten erakunde eta enpresetako ehun profesionalen eskutik.