“The Good Gamer” izeneko nazioarteko ekimenak bideo-jokoen bidez balio positiboak transmititzearen aldeko apustua egiten du, eta bideo-jokoen izaera kulturala eta hezteko ahalmena aldarrikatzen. Bideo-jokoen Espainiako Elkarteak (AEVI) jarri du martxan, eta proiektuarekin bat egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP). Gogoratu beharra dago NUPen dagoeneko badela proiektu bat gai horren ingurukoa: “Historia eta Bideo-jokoak”. Proiektu horren liderra Íñigo Mugueta Moreno irakaslea da, NUPen I-Communitas ikerketa-institutuko ikertzailea, eta Unibertsitatean “The Good Gamer” delako filosofia aplikatzeko arduraduna.
“The Good Gamer” ekimenak bideo-jokoen bidez balio positiboak transmititzearen aldeko apustua egiten du, eta bideo-jokoak indarkeriarekin, adikzioarekin eta denbora galtzearekin lotzen dituzten estereotipoak aldendu nahi ditu. “Bideo-jokoak erabiltzen dituztenen, hots, gazteen eta helduen arteko belaunaldi arrakalaren ondorioz, baztertu eta mespretxatu egiten du gizartearen parte batek milioika gaztek eta nerabek aukeratzen eta gozatzen duten zaletasun bat”, esan du Iñigo Muguetak. “Aipatu besterik ez dago komunikabideek nola ezartzen duten zenbaitetan lotura zuzena bideo-jokoen eta indarkeriaren artean –frogatu ez den lotura funsgabea–, Estatu Batuetako zenbait institututan eta unibertsitatetan suzko armak erabiliz egindako eraso ikaragarrietan, esaterako”, azaldu du irakasleak.
“The Good Gamer” ekimenaren helburu nagusia da “bideo-jokoen industriak dituen erantzukizun politikak aldarrikatzea eta kulturan eta berrikuntzan industria hori erreferentea dela azpimarratzea”. Proiektuaren arduradunek gogorarazi dute bideo-jokoen sektorea industria kulturaltzat aitortu zuela Diputatuen Kongresuak 2009an, hau da, kultura-, ondare- edo arte-ondasun, -zerbitzu eta -jarduerak produzitzen, bultzatzen edo zabaltzen dituen sektore gisa.
Bideo-jokoak eta sormena
“Bideo-jokoen industriaren baliabideak eta fakturazioa hazten ari dira; beraz, aldarrika dezakegu industria hori, garapen ekonomikorako eta teknologikorako punta-puntako arloa izateaz gainera, etorkizun handikoa dela, aukera ematen baitie gazte askori bideo-jokoen industriako askotariko lanbideetan lan egiteko”, dio Íñigo Muguetak. “Bideo-jokoen presentzia esponentzialki handitu da komunikabideetan, neurri handi batean ‘e-sports’ delakoen ondorioz. Hori dela eta, azken urteotan zailagoa da bideo-jokoen industriari buruz sinplifikatzea. Egiatan, zera ari da gertatzen: milioika gazte zaletu dira bideo-jokoetara, eta, haien bidez, sormena garatzen ari dira, bai eta beren interes kulturalak aztertzen –profesionalak ere bai– eta ikertzeko gaitasunak eta teknologia berriak erabiltzekoak eskuratzen ere”, nabarmendu du irakasleak.
Interactive Software Federation of Europe (ISFE) izeneko Europako federazioko kide da Bideo-jokoen Espainiako Elkartea, eta enpresa ezagun asko ere bai, besteak beste, Electronic Arts, Game, Koch Media, Microsoft, Nintendo, Sony, Ubisoft, Bideo-jokoen Liga Profesionala eta baita Nafarroako Creanavarra eskola ere. Bideo-jokoen Espainiako Elkarteak, halaber, hezkuntzan bideo-jokoak erabiltzearen inguruan Nafarroako Unibertsitate Publikoak proposatutako zenbait proiektu babestu ditu, gorago aipatutako “Historia eta Bideo-jokoak” izenekoa, adibidez.