María Napal Fraile eta María Isabel Zudaire Ripa Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzien Saileko Zientzia Esperimentalen Didaktikaren arloko irakasleak “STEM, La enseñanza de las ciencias en la actualidad” liburuaren egileak dira. DEXTRA argitaletxeak berriki argitaratu duen liburu horren asmoa da arlo horien irakaskuntza hobetzea Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan. Egileen esanetan, liburuak, alde batetik, herritarren alfabetatze zientifikoa lortu nahi du, zientziarekin konpromisoa har dezaten, eta, bestetik, gazteek zientzien eta teknologiaren ikasketekin erakusten duten interes gero eta txikiagoari erantzun nahi dio. Eta horrek erakutsi du ikasleak eta batez ere emakumeak erakarri behar direla STEM karreretara (STEM Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikaren akronimoa da, ingelesezko sigletan).
“STEM ikuspegiak lau diziplina horien trataera integratua proposatzen du, haien arteko harremana hobetzeko, eta, orobat, erabilgarria da gertakariak interpretatzeko eta bizitza errealeko arazoak konpontzeko”, esan du María Napalek. Bere hitzetan, “herrialde askok aspaldi dituzte finkatuak STEM hezkuntzara bideraturiko gobernu-politikak eta, horrez gain, hezitzaileei eta kudeatzaileei zuzenduriko deialdiak egiten dira testuinguru horretako jardunbideak trukatzeko”. “Aztertu beharra dago STEM hezkuntza nolako egoeran dagoen, zer etorkizun duen eta benetan erantzuten ote dien zientziak eta hezkuntza zientifikoak gaur egun aurrean dituzten erronkei”, amaitu du.
Liburuak bost ardatz tematiko ditu, jardunbide egokien adibideak erakusten ditu, eta zenbait jarraibide ematen ditu Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan STEM ikuspegia ezartzeko. Hala, argitalpenak herritarren alfabetatze zientifiko eta teknologikoaren beharra justifikatzen du, eta azaltzen du zeintzuk izan beharko liratekeen STEM hezkuntzaren erreferente etikoak, nolakoa den STEMetik STEAMerako biraketa, zientzia eta teknologiaren hezkuntzan arteak ere sartuz, zein estrategia metodologiko behar diren araketa bidezko ikaskuntza txertatzeko eta zein teknologia berri erabiltzen diren diziplina horien irakaskuntzan.
Egileen curriculum laburra
Gaur egun, María Napal eta María Isabel Zudaire NUPeko Zientzia Esperimentalen Didaktikaren arloko KIMUA ikerketa-taldeko kide dira. Gainera, irakasleak dira Haur Hezkuntzako Irakasletzako Graduan eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Graduan, baita Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterrean ere.
KIMUA taldeko ikerketa-lerroak hauek dira: genetikaren irakaskuntza eta ikaskuntza Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, teknologia berrien erabilera zientzia irakasteko, eta beste alderdi batzuk, Haur eta Lehen Hezkuntzako Natura Zientzien Didaktikarekin eta gaitasun zientifiko eta digitalen garapenarekin loturik. KIMUA taldeak zenbait gairi buruzko lan akademikoak bultzatu ditu, hala nola araketa bidezko ikaskuntza, teknologia bidezko zientzien irakaskuntza eta zientzia-teknologia-gizartea ikuspegia.