

NUPeko Mikrouhinen Osagaien Taldeko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera: Miguel Ángel Gómez Laso, Iván Arregui, José María Lopetegui eta Israel Arnedo.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) TESLA sarean parte hartuko duten erakundeetako bat da, bere Mikrouhinen Osagaien Taldearen (MCG) bitartez. TESLA sarea (“Europako etorkizuneko sateliteetarako teknologia aurreratuak”, ingelesezko sigletan) Marie Sklodowska-Curie Innovative Training Network (ITN) tresnaren bidez finantzatuko da, Europar Batasunaren Horizon 2020 programaren baitan. Prestakuntza programak aurreikusten du beren ikasketen hasieran dauden hamabost ikasle gaileni, “Early Stage Researchers” direlakoei, TESLA sarera batzeko aukera ematea (horietako biri NUPen), beren doktoretza-tesiak Europa osoko ikerketa-taldeekin eta industria sektorearekin lankidetzan egin ditzaten, sateliteekin loturiko gaietan.
Sarea joan den ostegunean jarri zen abian, otsailaren 28an, Edinburgon (Erresuma Batuan) egin zen bilera batean. Miguel Ángel Gómez Laso NUPeko MCG taldeko zuzendaria joan zen bilera horretara. Horrez gain, ikasle hauek daude TESLA sarean sartuta: José María Lopetegui Beregaña, Israel Arnedo Gil eta Iván Arregui Padilla, denak ere Unibetsitateko Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak.
Sareko taldeen arabera, berrikuntza irekia (“open innovation”), zientzia irekia (“open science”) eta ikuspegi globala (“open to the world”) dira TESLAren printzipio eragileak. Sareak sateliteetarako hardware ekipoen garatzaileen eta sektore horretan sortzeko ahalmena duten ekintzaileen Europako hurrengo belaunaldia prestatu nahi du; prestakuntza osoko ikuspegia emanen zaie, eta zeharkako gaitasunak eskuratuko dituzte, beren karrerak bultzatzeko ikasketen sektorean zein ikasketez kanpokoan. “Hori da TESLA sareak Europako ekonomiari eta Europako sektore giltzarrietako bati eginen dien ekarpena”, azaldu du Miguel Ángel Gómez Lasok.
Europa sateliteen industrian
“Sateliteen zerbitzuen sektoreak lanpostuak sortzen ditu, eta gure ekonomiaren hainbat alorren hazkundea bultzatzen du. Askotariko zerbitzuak hartzen ditu barne, ohiko zerbitzuetatik hasi, hala nola telebistako seinaleen hedapena edo mota orotako datuen komunikazio eraginkorra, beste zerbitzu konplexuagoetara iritsi arte, hala nola nabigazio sistemak, segurtasuna, Lurraren behaketa eta alerta, eta abar”, azaldu du Miguel Ángel Gómez Lasok. “Erronka globalei erantzun ahal izateko, Europak rol garrantzitsua jokatzen jarraitu behar du, bai satelitearen industrian, bai teknologia espazialaren sektorean oro har; izan ere, une honetan munduko beste potentzia batzuk ere ari dira beren gaitasunak garatzen sektore horretan”, esan du.
Irrati frekuentziako eta mikrouhinetako sistemak eta osagaiak funtsezkoak dira sateliteak bere misioko helburuak bete ditzan eta, orobat, Lurrean instalaturik dauden hardware ekipoentzat. Testuinguru horretan, TESLA proiektuan sartutako taldeak teknika eta teknologia berriak garatzen ari dira sateliteen hardwarearen erronkei erantzuteko, bai espazioaren alorrean bai Lurrean.
Sateliteetarako eta beste misio espazial batzuetarako irrati frekuentziako eta mikrouhinetako ekipoen garapenean punta-puntakoak diren Europako taldeetako batzuk TESLA sareko kideak dira. NUPen eta goi mailako hezkuntzako erakunde hauetan daude: Heriot-Watt University (Erresuma Batua) –sareko koordinatzailea-, Universitat Politècnica de Valencia, Christian-Albrechts-Universitaet zu Kiel (Alemania), Kungliga Tekniska Hoegskolan (Suedia), Technische Universitaet Graz (Austria), Universita Degli Studi di Perugia (Italia) eta Université de Limoges (Frantzia). Era berean, Europako enpresa eta erakunde hauek daude sarean sartuta: Spinner, Harp Technologies, SERMS, RFMicrotech, Joanneum Research, Lithoz, Airbus Defence and Space, VAL Space Consortium-European Space Agency, Aurorasat eta CTTC-Limoges.
Prestakuntzako ikertzaileek ikertuko dituzten eremuak
Ikertzaile berriek askotariko eremuei helduko diete, besteak beste: beren ezaugarri teknikoak egokitzeko gai diren sateliteetako ekipoen berrezarpena, haien aplikazioak hala eskatzen badu edo denboran zehar; tamaina eta kostu txikiko sateliteen megakonstelazioetarako sistemak (non fabrikazio gehigarria edo 3D inpresioa erabiltzea eta diseinuaren paradigma aldatzea baloratzen den) Espazioaren Interneta delakorako (“Internet of Space”, IoS), ezagunagoa den Gauzen Internetaren luzapena den horretarako (“Internet of Things”, IoT), “Lurreko komunikazio ekipoei eta sentsoreei konektibitatea emanez espazioan zehar edo, oro har, banda zabaleko sarbide mugikor globala planeta osoan”.
Era berean, sareko doktoregai berriek hardware ekipo berriak ikertuko dituzte, alde batetik, Lurrari behatzeko misioetarako, askotariko erabilerekin, hala nola meteorologia, klima-aldaketa, hondamendi naturalen prebentzioa eta abar, eta, bestetik, gaitasun handiko komunikazio satelite handietarako, informazioaren autobideen alderdi espazialerako.