

Monjardín Lizeoko Batxilergoko ikasleak, NUPen. Haiekin Gerardo Pisabarro katedraduna (5.a ezkerretik) eta Eva Armendáriz (1.a eskuinetik).
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Iruñeko Monjardín Lizeoarekin lankidetzan dihardu “Use science to STEAM up your school / Erabili zientzia STEAMa indartzeko zure ikastetxean” izeneko proiektuan. Erasmus + europar programak finantzatu du proiektua, eta Antonio Gerardo Pisabarro de Lucas Mikrobiologiako katedradunak eta unibertsitateko Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketarako Institutuaren zuzendariak (IMAB) eta Eva Armendáriz Ruiz Bigarren Hezkuntzako irakasleak koordinatu dute. Ikasleek STEAM metodologiaren bidez jarduera zientifikoak egitea da ekimenaren helburuetako bat. Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika hitzen ingelesezko akronimoa da STEAM.
Hala, Batxilergoko 2. ikasmailako hamaika ikaslek NUPeko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko laborategiak bisitatu dituzte astebetez, mikroorganismoen bakartzeari, tindaketei eta DNA ateratzeari buruzko zenbait esperimentutan lan egiteko. Manuel Alfaro Sánchez Unibertsitateko Genetikako eta Mikrobiologiako Ikerketa Taldeko ikertzaile doktoreak gainbegiratu du proiektuaren parte hau. Lucía Ramírez Nasto Landare Ekoizpeneko katedraduna da proiektuaren zuzendaria (Genetika eta Landare Hobekuntza).
Horretaz gainera, Monjardín Lizeoko ikasleek NUPeko zenbait ikertzailerekin hitz egiteko aukera izan dute. Esaterako, irakasle hauekin: Roberto Aguado Jiménez, Humberto Bustince Sola, Esther González García, Joaquín Sevilla Moróder eta lehen aipatutako Antonio Gerardo Pisabarro. Ikasturte honetan unibertsitatean ezarri nahi diren Psikologiako eta Medikuntzako graduak eta jada ezarrita dauden lau gradu berriak aurkeztu zizkieten irakasleek (Bioteknologia, Zientziak, Datuen Zientzia eta Ingeniaritza Biomedikoa).
Parte hartzen duten ikasleak
Alfabetoaren hurrenkeraren arabera, honako hauek dira Iruñeko ikastetxe itunduko gazteak, ekimenean parte hartu dutenak: Iván Aldunate Martín, Ángela Chocarro Álvarez, Ángela Galilea Martínez, Leyre Huarte Ormazábal, Leyre Lorente Casanellas, Ana M.ª Martínez Casares, Juliana Sanmiguel González, Helena San Miguel Mina, Álvaro Sarnago Olagüe, Carmen Tabuenca Gómez eta Daniel Varela Atienza. Esperientzia honetan lagun izan dute Eva Armendáriz Ruiz Biologia irakaslea eta Monjardín Lizeoko Zientzietako koordinatzailea.
Monjardín Lizeoari emandako Erasmus+ proiektu honetan parte hartzen dute, halaber, Bigarren Hezkuntzako beste bost ikastetxe hauek: Insula College, Dordrecht (Herbehereak); Fridagymnasiet, Vänersborg (Suedia); Kildegaard School, Hellerup (Danimarka); Obrtnicka Skola, Split (Kroazia); eta WoBoGe, Recklinghausen (Alemania).