Lurrazalaren zimurtasuna, hau da, lurraren azalak nolako gorabeherak dituen, funtsezko elementua da Alejandro Martínez de Agirre ingeniariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako tesian ikertu dituen alderdi batzuetan. Jesús Álvarez Mozosek zuzendu du ikerketa, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du tesiak.
Tesiaren egileak dioenez, ikergaia garrantzitsua da lurrazalaren zimurtasunak prozesu hidrologiko bati baino gehiagori eragiten dielako, besteak beste, lurrazaleko metaketari, infiltrazioari, ur-jariatzeari eta lurraren higadurari. Horretaz gainera, sateliteek radar sentsore bidez egiten dituzten behaketetan ere badu eragina. “Lurrazalaren zimurtasuna karakterizatzea eta kuantifikatzea oso garrantzitsua da arlo zientifiko batzuetan, esaterako, hidrologian eta radar bidezko teledetekzioan. Nekazaritzako lurrak, gainera, landu egiten direnez, aldatu egiten da azalaren zimurtasuna”, esplikatu du Martínez de Agirrek. “Espero dut tesiaren emaitzak lagungarriak izatea nekazaritzako lurren azalaren zimurtasunaren fenomenoa hobeto ulertzeko”.
Doktoretza-tesian, Nafarroan ohikoak diren tratamendu jakin batzuk jasan dizuten alorretan egin da esperimentazioa, “zenbait alderdi analizatzeko, hala nola zimurtasun parametro batzuen karakterizazioa, neurtzeko eskalen eragina eta radar bidezko teledetekzioan karakterizatzeko laginaren tamaina”, azaldu du ikertzaileak. Bestalde, neurtzeko teknika berri batzuk ebaluatu dira, besteak beste, lurreko laser eskanerra (TLS) eta “Structure from Motion” (SfM) delako teknika.
Ikertzeko prozesuaren xehetasunak
Lehenik eta behin, literatura zientifikoan zimurtasuna neurtzeko gehien erabiltzen diren parametroak ebaluatu dira zehatz-mehatz, jakiteko gauza ba ote diren landutako lurretan ohikoak diren zimurtasun motak bereizteko. “Ondorioa da lurra lantzeko moduak bereizteko zimurtasun parametro onenak LD parametro bertikala eta MUD parametro konbinatua direla”, esan du Martínez de Agirrek.
Bigarrenik, “eskala anitzekoa da, argi eta garbi, lurrazalaren zimurtasuna, eta eragin handia du radar sentsoreek behatzen duten erretrodispertsioan”. Horregatik, zenbait alderdi analizatu dira erretrodispertsio prozesuan izaten diren zimurtasun eskalak zehazteko. “Emaitzek baieztatzen dute mendekotasun garbia dagoela zimurtasuna neurtzeko eskalen eta parametroen balioen artean, eta horrek pentsarazten du C bandako erretrodispertsiorako garrantzitsuenak diren zimurtasun osagaiak 5 eta 100 cm artekoak direla”, esan du ikertzaileak. Hirugarrenik, zimurtasun parametroen kalkulu zehatza egiteko zer tamainako lagina behar den ere aztertu da nekazaritzako lurretan radar bidezko aplikazioak erabiltzen direnerako. “Emaitzek diotenez, korrelazioa dago metro batetik beherako zimurtasun eskalen eta C bandako erretrodispertsioaren artean”, dio Martínez de Agirrek.
Azkenik, zimurtasuna neurtzeko 3Dko teknika berriak ebaluatu dira, hots, lurreko laser eskanerra (TLS) eta “Structure from Motion” (SfM) delako teknika, eta nekazaritzako lurren azalaren zimurtasuna karakterizatzeko gehien erabiltzen den 2Dko teknikarekin, hots, laser perfilometroarekin, konparatu dira. “Emaitzek erakutsi dute TLS eta SfM tekniken bidez eta laser perfilometroaren bidez lortutako gorabehera-profilak nahiko antzekoak direla”, esan du ingeniariak.
Horrekin guztiarekin, tesiak jarraibide batzuk ematen ditu nekazaritzako lurren azalaren zimurtasuna karakterizatzeko parametro egokienen inguruan. Gainera, radar erretrodispertsioan kontuan hartzen diren eskalak ikertu dira, eta zer tamainako lagina behar den radar teledetekzioko aplikazioek parametroak zehaztasunez kalkula ditzaten. Azkenik, lurrazalaren zimurtasuna karakterizatzeko 3Dko neurketa teknika zenbaiten bideragarritasuna ere ebaluatu da.
Tesiaren egilearen curriculum laburra
Alejandro Martínez de Agirre Topografiako ingeniari teknikoa da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Geodesiako eta Kartografiako goi mailako ingeniaria Alcala de Henareseko Unibertsitatean (ikasketen amaierako aparteko saria ere irabazi zuen). Gainera, Klimaren, Energiaren eta Ingurumeneko Arriskuen Masterra egin zuen azken unibertsitate horretan.
2013tik 2017ra, tesia egiten ari zela (NUPen), ikertzaile aritu zen “Nafarroako nekazaritzako lurren higadura prozesuen eta faktoreen analisia, esperimentazio, modelatze eta teledetekzio bidez” izeneko proiektuan. Gaur egun, irakasle lankide ari da NUPeko Informazio Geografikoko Sistemen eta Teledetekzioaren Unibertsitate Masterrean eta “Nekazaritzako lurren hezetasuna neurtzea Sentinel-1 behaketa hipertenporaletan oinarrituta: ureztatze sistemaren kudeaketa optimizatzeko aplikatzea” izeneko proiektua lantzen.