Aplikazioa sortu duten ikasleak, NUPeko campusean. Ezkerretik eskuinera, Edurne Marquínez, Alejandro Jiménez, Andrea Solabre eta Jesús Arellano.
Andrea Solabre Recalde, Edurne Marquínez Legarrea, Alejandro Jiménez Cornago eta Jesús Arellano Usón Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleek Nafarroan kirol eskalada egiteko toki, baldintza eta krokisei buruzko aplikazio bat diseinatu dute Android gailuentzat. Telekomunikazio Teknologietako graduaren laugarren ikasmailako ikasle horiek diseinatu duten aplikazioak “WhereClimb” du izena. Zehazki, Ingeniaritza Telematikoko Proiektuak irakasgaiaren barruko lan bat da, eta Eduardo Magaña Lizarrondo NUPeko irakasleak eman du (Unibertsitateko Institute of Smart Cities ikerketa institutukoa kidea da).
Nafarroako eskalada-eremu nagusiei eta arlo erabilgarriei buruzko informazioa ematen du aplikazioak, bai eta arlo bakoitzari buruzko informazioa ere. Esaterako: harkaitz mota, zailtasun mota, bide-kopurua eta baita ere itxita dagoen edo irekita dagoen orain. Horretaz gainera, eguraldiari buruzko informazioa ere jasotzen du.
Eremuei dagokienez, aplikazioa garatu duten ikasleek azaltzen dutenez, “oraingoz Etxauri, Artederreta eta Untzueko Haitza ageri dira”. “Hasiera batean eremu horietan jarriko dugu arreta, prototipo funtzional bat eskaini ahal izateko, baina proiektuak aurrera egin ahala beste toki batzuk gehitu nahi ditugu”, ziurtatu dute. “Orain jendearen harrera neurtu nahi dugu eta baita ikusi ere erabiltzaileek nola bereganatu nahi dituzten gisa horretako edukiak”, zehaztu dute. Aplikazioaren xedea ez da merkataritza arlokoa bakarrik; izan ere ikasleek trebetasun teknikoak eta talde-lanekoak ere garatu nahi dituzte.
Atzemandako behar bati emandako erantzuna
Egun, proiektuaren ardura duten ikasleek azaltzen dutenez, “Foru Komunitatean eskalada egiteko toki, baldintza edo krokisei buruzko informazioa jasotzen duten gida fisikoetara jo behar dute eskalatzaileek”. “Uste dugu haientzat guztientzat interesgarria dela tresna bat edukitzea, eduki hori jasoko duena, modu erraz eta erabilgarrian aplikazio moduan aurkezten duena”, zehaztu dute.
Telekomunikazio Teknologietako Graduko Telematika Ingeniaritzako Proiektuak irakasgaian ideia berritzaileren bat bilatu nahi da ahal den neurrian edo jada badagoen zerbait hobetu, betiere ikuspegi eta prestakuntza teknologikoaren bidez. Prototipo arin bat nahi da, eskura dauden denborara eta baliabideetara egokitua, baina, aldi berean, emaitza funtzional bat duena.