C hepatitis kronikoa zuten gaixo batzuei eragin zuzeneko antibiralen tratamendua eman zitzaien 2015etik 2017ra, eta “oso emaitza onak izan ditu gaixoen osasunean eta haien egiazko bizi kalitatean; izan ere, Nafarroan tratatutako gaixoen % 97 sendatu da”. Eragin zuzeneko antibiralak oso eraginkorrak izan dira (gaixoen % 95 baino gehiago sendatu dira), baita betidanik tratatzen zailak izan diren populazioetan ere, esaterako GIBa edo zirrosi hepatikoa duten gaixoen populazioetan. Ondorio horiek jasotzen dira Regina Juanbeltz Zurbano ospitaletako farmazialariak (Iruñea, 1986) Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu duen doktoretza-tesian. Bikain “cum laude” kalifikazioa eman diote tesiari.
“Antibiral berriek praktika klinikoan segurtasun profil ona dutela egiaztatu dugu. Gaixoak terapian dauden bitartean, sinpleagoa da haien monitorizazioa, eta osasun baliabide gutxiago kontsumitzen da —esan du Regina Juanbeltzek—. C hepatitisaren birusak infektatutako gaixoei tratamendu hori emateak eragin positiboa izan du haien bizi kalitatean. Gaixotasunaren fase arinenetan dauden pazienteen kasuan, gainera, sexu eta adin bereko Espainiako gainerako biztanleen pareko bizimodua izatea lortu dute”.
Doktoretza-tesia ikerketa-proiektu baten barruan egin du Regina Juanbeltzek, hots, C Hepatitisari aurre egiteko Espainiako Plan Estrategikoaren baitan Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioak finantzatutako proiektu batean. Nafarroako Foru Komunitatean egindako proiektu horretan, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuaren CIBERESP partzuergoko ikertzaileak izan dira gidariak (Epidemiologiaren eta Osasun Publikoaren Sareko Ikerketa Biomedikoko Partzuergoa), eta Nafarroako Ospitaleguneko Farmaziako, Mikrobiologiako, Digestio Aparatuko eta Gaixotasun Infekziosoetako zerbitzuekin aritu dira elkarlanean. Doktoretza-tesiaren zuzendariak Ramón San Miguel Elcano eta Jesús Castilla Catalán izan dira. Lehenbizikoa Nafarroako Ospitaleguneko Farmaziako Zerbitzuko farmazialari ondokoa da,eta bigarrena, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko mediku (ISPLN) eta Navarrabiomedeko Gaixotasun Kutsakorretarako eta Txertoak Ebaluatzeko Taldeko ikertzailea (Nafarroako Gobernuren eta NUPen Ikerketa Biomedikoko Zentroa).
Osasun publikoko arazoa
“2015ean, osasun publikoko arazo handia zen C hepatitis kronikoa, Espainiako 500.000 bat lagunek baitzuten gaixotasun hori —azaldu du Regina Juanbeltzek—. C hepatitis kronikoaren konplikazioak larriak izan daitezke, minbizi hepatikoa eta zirrosia, adibidez. Hori dela eta, gaixotasun hori zutenei egiten zitzaien gibel transplante gehien Espainian. Osasuneko arazo horri aurre egiteko, garrantzitsua da terapia efikaz bat izatea”.
Antibiral berrien tratamenduaren helburua C hepatitisaren birusak eragindako infekzioa desagerraraztea da, gaixotasunak eta haren konplikazioek aurrera egin dezaten eragozteko. “2015era arte, interferonean oinarritutako tratamendua ematen zitzaien gaixoei, emaitzak ez ziren oso onak eta albo ondorio asko zituen —dio farmazialariak—. Urte horretatik aurrera, ordea, birusaren kontrako eragin zuzeneko zenbait antibiralen konbinazioak merkaturatu ziren Espainian, eta horrek asko aldatu du gaixotasuna tratatzeko modua”. Hasieran, kostu handia zuten farmakoek, eta, beraz, zaila zen paziente guztiek aldi berean tratamendua jasotzea. Hortaz, gaixotasunaren fase aurreratuenetan zeuden pazienteei eman zitzaien lehentasuna. Gerora, farmakoen kostua txikitzen joan da pixkanaka-pixkanaka, eta, orain, C hepatitisa duten paziente guztiek jaso dezakete tratamendua.
“Farmako berriekin egindako entsegu klinikoek emaitza onak eman zituzten, eta oso eraginkorrak ziruditen infekzioa sendatzeko. Alabaina, medikamentu berriak gaixoen egiazko bizi kalitatean ebaluatu beharra zegoen; izan ere, baliteke praktika klinikoko emaitza terapeutikoak okerragoak izatea entsegu klinikoetakoak baino”, nabarmendu du doktore berriak.
Hori dela medio, hiru aztergai hartu zituen ardatz Regina Juanbeltzek ikerlanean: batetik, antibiral berriek zenbat sendatzen duten; bestetik, nola jokatzen duten (seguruak ote diren); eta, azkenik, nola eragiten dioten gaixoen bizimoduari. “Azken alderdi hori berria zen, azaletik ebaluatu baitzen entsegu klinikoetan”. Farmazialariak Nafarroako Ospitalegunean eragin zuzeneko antibiralekin tratatutako gaixoak analizatu zituen 2015etik 2017ra. “Tratamendua eraginkorra zela jo genuen, baldin eta tratamendua bukatu eta hamabi astera gaixoen odolean birusa detektatzen ez bazen. Tratamenduaren emaitzek erakutsi dute eragin zuzeneko antibiralekin tratatutako Nafarroako gaixoen % 97 sendatu direla, praktika klinikoan segurtasun profil ona dutela antibiralek, eta C hepatitisaren birusak eragindako infekzioa sendatzeak eragin positiboa duela pazienteen bizi kalitatean”, esan du Regina Juanbeltzek.
Curriculum laburra
Regina Juanbeltzek Farmaziako lizentziatura eta Giza Nutrizioa eta Dietetika diplomatura egin zituen Nafarroako Unibertsitatean. Gero, Ospitaletako Farmazian espezializatu zen Nafarroako Ospitalegunean, eta Osasun Zientzietako Ikerketako Unibertsitate Masterra eta doktoretza egin zituen NUPen.
Gaur egun, Ospitaletako Farmaziako mediku espezialista ondoko dihardu Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuan, Karlos III.a Osasun Institutuak 2017an emandako Río Hortega kontratu bati esker. Gainera, Ospitaletako Farmaziako Espainiako Elkartearen Hepatopatia Birikoen Taldearen beka bat lortu zuen 2018an.
Sei ikerketa-artikulu idatzi ditu egile nagusi gisa, eta zenbait komunikazio eta hitzaldi aurkeztu ditu biltzar zientifikoetan. Espainiako bi ikerketa-proiektutan hartu du parte, baita nazioarteko beste hirutan ere. Bestalde, finalista izan zen Campus Iberusen “Tesiak 3 minutuan” lehiaketaren azken edizioan, hots, 2018ko azaroan Lleidako Unibertsitatean egin zen finalean.