Carmen Vidaurre Arbizu Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta Navarrabiomedeko Telekomunikazio ingeniariak eta ikertzaileak garuneko interfazeei buruzko artikulu bat argitaratu du Claudia Sannelli ikertzailearekin lankidetzan. Pertsonen garuneko seinaleetatik ateratako informazioaren bidez aplikazio informatikoak kontrolatzea ahalbidetzen duten sistemak dira garuneko interfazeak (siglak ingelesez: BCI). Artikulua “Plos One” aldizkari zientifikoan argitaratu da, eta Klaus-Robert Müller eta Benjamin Blankertz Berlingo Unibertsitate Teknikoko ikertzaile eta irakasleek ere sinatu dute.
Ikertzaileak azaldu duenez, garuneko interfazeek mugimendu espezifiko bat egin nahi denean garunean sortzen den jarduera elektrikoa “irakurtzen” dute garuneko interfazeek (esaterako, esku bat mugitzen denean), eta buruko larruazalean kokatutako sentsore batzuen bidez jasotzen dute, eta sentsore horiek ordenagailu batekin konektatuta daude aldi berean. Informazio hori elektroentzefalograma batean biltzen da, eta makinak eredu batzuk ezartzen ikas dezake. Horrek hainbat aplikazio ditu. Esaterako, mugitzeko problemak dituztenei laguntzea. “Norbaitek garuneko odol-hodietako istripuren bat izan badu eta gorputzaren zati bat paralizatuta badu, bere garunak seinale bat ematen du, baina gorputz adarrak ez du obeditzen. Kasu honetan, ordenagailuak bitartekari lana egin lezake, elementu mekanikoren baten bidez gorputz adar hori mugitzen laguntzeko”, azaldu du ikertzaileak. “Medikuntzaren esparruan ez ezik, beste esparru batzuetan ere baditu aplikazioak teknologia honek, esaterako bideo-jokoetan”, azaldu du.
Ordenagailuak interpretatu ezin dituen pertsonak
Lan bat egiten ari direnean ordenagailuak interpretatu ezin dituen pertsonekin zer gertatzen den ikertu du argitaratutako artikuluak (eskuarekin mugimendu bat egiten denean, aurreko adibidearekin jarraituz). Kalkuluen arabera, erabiltzaileen % 25 dira gutxi gorabehera, eta problemari “BCIen eraginkortasunik eza” esaten zaio. Zehazki, 80 pertsonaren garuneko seinaleak aztertuz ikertu du artikuluak, eta pertsona horiek hiru mailatan sailkatu zituen: espero ziren seinaleak ematen zituztenak eta makina egoki kontrolatzen zutenak; espero ziren seinaleak ematen zituztenak, baina seinale ahulak; eta azkenik lana egin bitartean eta aurretik seinaleak aldakor dituzten gizabanakoak. “Banaketa horrek zenbait abantaila dakarzkie ikertzaileei: alde batetik, erabiltzaileak aukeratu ahal dira analisietan sakontzeko eta paradigma eta algoritmo berriak probatzeko; bestetik, entrenamendurako estrategia pertsonalizatuago bat ahalbidetzen du; azkenik, modu errazagoan alderatu ahal dira ikerketa diferenteak ”, azaldu du Carmen Vidaurrek.
Finean, BCIak “machine learning”aren (makinen ikaskuntza) eta seinale prozesatzearen aplikazio praktiko bat dira “beste batzuekin egokigarria” den sistema batean, zeinean pertsonak eta makinak helburu komun bat baitute xede. “Sistema sinbiotiko bat bezala da”, laburbildu du ikertzaileak.
Carmen Vidaurreren CV laburra
Carmen Vidaurre NUPeko Telekomunikazio ingeniaria da. Han lortu zuen bere doktore titulua 2006an interfaze egokigarri online bat diseinatzea xede zuen tesiaren bidez. Interfazeari esker ordenagailua pentsamenduaren bidez kontrolatu ahal da. Rafael Cabezak zuzendu zuen tesia. Egun Unibertsitateko Estatistika, Informatika eta Matematika Sailean eta Navarrabiomeden ikertzaile lan egiten du Ramón y Cajal kontratu baten bidez. Ekonomia eta Enpresa Ministerioak eman zion kontratua.
Aurretiaz Iruñeko Ikerketa Mediko Aplikaturako Zentroan (CIMA) lan egin zuen urtebetez Maria A. Pastor Muñozekin batera. Gero Alemaniara joan zen Europar Batasuneko Marie Curie doktoretza ondoko kontratu baten bidez, eta bi urte igaro zituen Berlingo Software Teknologiako Fraunhofer Institutuan. Aldi horren ondoren, Klaus-Robert Müller buru zuen Berlingo Unibertsitate Teknikoko makinen ikaskuntzako sailean hasi zen, eta zortzi urte igaro zituen han, harik eta NUPera itzuli zen arte.