Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: José Antonio Sanz, Humberto Bustince eta Javier Fernández ikertzaileak, NUPeko campusean.

Ezkerretik eskuinera: José Antonio Sanz, Humberto Bustince eta Javier Fernández ikertzaileak, NUPeko campusean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Smart Cities Institutuko hiru ikertzailek (ISC) algoritmo bat garatu dute adimen artifiziala erabiliz, zeinak hobetu egiten baitu garunaren eta ordenagailuaren arteko komunikazioa. Adimen Artifiziala eta Arrazonamendu Hurbila ikerketa-taldeko kideak ari dira lan horretan (GIARA), Australiako eta Taiwaneko ikerketa-talde batzuetako kideekin batera. Ikertzaileek garatu duten sistema gauza da interpretatzeko zer pentsatzen ari den erabiltzailea une bakoitzean, garunaren jarduera monitorizatzen du, eta garunak bidaltzen dituen seinale jakin batzuk itzultzen ditu gailu batek interpreta ditzan, dela ordenagailuak, dela telefonoak, dela beste edozein gailuk. Sistema adimenduna baliagarria izan liteke mendekotasunen bat edo desgaitasun larriren bat dutenentzat, komunikabide berri bat izango baita haientzat. “IEEE Computational Intelligence Magazine” aldizkariko otsaileko zenbakian argitaratu dute aurrerapena. Ingeniaritza Elektrikoko eta Elektronikoko Institutuaren Adimen Artifizialaren Elkarteak argitaratzen du aldizkari hori, hau da, munduan den ingeniarien elkarte handienak (IEEE, ingelesez). Aldizkariaren editoreek espresuki eskatu zieten ikerlariei lanaren berri emateko, oso garrantzitsua baita aurrerapena eta interes handia piztu baitu komunitate zientifikoan.

Hauek dira algoritmo matematikoa garatu duten ikertzaileak: Humberto Bustince Sola katedraduna eta Javier Fernández Fernández eta José Antonio Sanz Delgado kontratupeko irakasle doktoreak. Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari atxikiak dira, eta Navarrabiomedeko eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuko kideak (Nafarroako Gobernuaren eta NUPen Ikerketa Biomedikoko Zentroa eta IdiSNA, hurrenez hurren). Ikertzaile horiez gainera, Sidneyko Unibertsitate Politeknikoko (Australia) eta Chiao Tung Unibertsitate Nazionaleko (Taiwan) bi ikertzaile aritu dira artikulua idazten.

“Elektroenzefalograma bidez garunaren jarduera monitorizatzea da Australiako, Taiwaneko eta NUPeko ikerketa-taldeen zeregina, sistema darabilenak zer asmo dituen deszifratzeko, pertsona hori gauza izan dadin garunaren jardueraren bidez gailu jakin batzuk kontrolatzeko. Ingelesez, ‘Brain-Computer Interface’ deitzen zaio horri (BCI), hau da, garuna-ordenagailua interfazea —azaldu du Humberto Bustincek—. Ikerketarako lagina boluntario batzuek osatzen dute, eta ikertzaileek eskatzen zieten pentsatzeko ezkerreko eskua edo eskuinekoa mugitzeko asmoa zuten baina deus ere ez esateko. Modu horretan lortutako datuak sailkatu egin zituzten gero”.

Emaitza onak

zoom Garuna eta ordenagailua komunikatzeko NUPeko ikertzaileek proposatutako sistema.

Garuna eta ordenagailua komunikatzeko NUPeko ikertzaileek proposatutako sistema.

Garunaren jarduera erregistratu eta gero, sailkatu egin behar dira datuak haien ezaugarri komunak ateratzeko, eta, hartara, zenbait gailu kontrolatu ahal izateko. “Australiako eta Taiwaneko ikerketa-taldeek datuak sailkatzeko metodo tradizionalak erabiltzen zituzten, eta ez ziren egokiak emaitzetarako —dio Humberto Bustincek—. NUPeko kideok datuak agregatzeko metodo berri bat proposatu genuen, Choqueten eta Sugenoren integral orokortuak baliatzen dituena. Metodo horrek erabiltzaileen asmoen ia % 79 asmatu zituen, hau da, asmatu zuen ea eskuineko eskua edo ezkerrekoa mugitzeko asmoa zuten. Metodo tradizionalen bidez lortutako emaitzena baino portzentaje handiagoa da hori, eta denbora errealean iragartzen du, gainera. Datuen meatzaritzaren problema tipiko bat ebazteko behar diren matematika-eragiketak garatu ditugu Nafarroan”.

Sistemaren erabiltzaileak zer intentzio duen denbora errealean asmatzeko gaitasuna “oso baliagarria da patologia mediko jakin batzuk dituztenentzat, hots, ahotsaren eta keinuen bidez komunikatu ezin dutenentzat”. Ikertzaileek beste galdera baten erantzuna iragarri nahi dute orain: zein hanka mugitzeko asmoa dute boluntarioek? Eskuinekoa ala ezkerrekoa?. “Azken buruan, zehaztasun handiko garuna-ordenagailua interfazeen sistemak sortu nahi ditugu adimen artifizialaren bidez”, esan du azkenik katedradunak.