Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateko 52 ikasle LyDer Programan (Literatura eta Zuzenbidea) parte hartzen ari dira ikasturte honetan. Ekimenak “Zuzenbidea besterik ez dakienak Zuzenbidea ere ez daki” leloa dauka, bai eta lau ikasmailetan banatuta dauden irakurgaien plan bat ere (aipatutako 52 ikasleetatik, 20 sartu berriak dira programan ikasturte honetan). Irakurgaiak mintegietan eztabaidatzen dituzte, eta ikasleen hezkuntza integrala bultzatu nahi da, giza jakintzan eta balioetan oinarritutako prestakuntza emanez.
LyDer programa 2010etik aurrera garatu da, “gozaraziz irakasteko” asmoarekin jarri zen abian, Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoaren hitzetan. Jarduera honek “helburu bat baino gehiago du, baina denak elkarren osagarri dira; laburbilduz, prestakuntza jaso baterako bidea ematea, ikasleari gaitasuna eman diezaion errealitatea kritikoki interpretatzeko eta gizartearen bilakaerara egokitzeko. “Zuzenbidea produktu kultural bat denez eta gizarte jakin batean sortu eta aplikatzen denez, legelariek jakin behar dute zer-nolako oinarriak dituen lan egiten duten sistema kulturalak eta sozialak”, gaineratu zuen.
Hala, irakurgai plan bat prestatu zen (“zeren programa honen helburua ez baita literatura ikastea, liburuak irakurtzea baizik”, dekanoaren arabera), eta gero irakurgai horiek mintegietan eztabaidatzen dituzte. Mintegiak graduko irakaskuntzen erritmoaren arabera antolatzen dira: mintegi bat egiten da seihileko bakoitzaren amaieran, eta beste bat ikasturte hasieran, udan irakurri diren irakurgaiekin. Horretaz gainera, ohiz kanpoko mintegiak antolatzen dira.
Ikasturte honetako promozio berriko 20 ikasleek jada bi mintegi egin dituzte: lehenengoan literaturaren eta Zuzenbidearen arteko harremanak aztertu zituzten Garcilaso de la Vegaren XXXII. Sonetoan oinarrituta. Bigarrenean urrezko mendeko antzerkia aztertu zen, eta “El mejor Alcalde, el Rey” antzezlanean (Lope de Vegarena) eta “Zalameako alkatea” antzezlanean (Calderón de la Barcarena) agertzen diren gai juridikoak aztertu ziren.
Balio literarioa duten hogeita hamar bat lan
Beren eduki juridikoa baino gehiago, beren balio literarioa hartu da kontuan irakurgaiak hautatzeko. Irakurgai planak nahitaezko hogeita hamar bat lan dauzka (aukerako beste lan batzuez gainera): Cervantes, Shakespeare eta Espainiako Urrezko Mendekoak (Calderón de la Barca, Lope de Vega), XIX. mendekoak (Poe, Sthendal, Stevenson, Dostoievsky, Dickens, Balzac, Galdós, Benavente), XX. mendekoak (Camus, Kafka, Golding, Orwell) edota idazle garaikideak (García Márquez, Vargas Llosa, Eduardo Mendoza, Javier Marías, Lorenzo Silva, Juan Manuel de Prada…).
Hain zuzen, azken bi egile horiek (Silva eta Prada) idazleak eta Zuzenbideko lizentziadunak dira, eta aitabitxi izan dira programaren lehenengo bi graduazio-ekitaldietan.