Amado Alonso Literatur Kritikako Nazioarteko XVI. Sariaren epaimahaiak Marco Perilliri eman dio 2018ko saria aho batez “Dante” lanagatik. Marco Perilli idazle mexikarra da, sortzez italiarra. Saria 5.000 €-koa da, eta ikerketa-lana argitaratu egingo dute Valentziako Pre-textos argitaletxean. Sariketarako deialdia Amado Alonso Fundazioak egiten du, hots, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Leringo Udalak osatutako entitateak. 2018ko edizioan, 20 lan aurkeztu dituzte, Espainiatik eta Iberoamerikatik ailegatuak.
Epaimahaikideek esan dutenez, “‘Jainkotiar komedia’ lanari buruzko planteamendu kritiko dotorea eta testu-analisi zorrotza egiten duelako eman diogu saria, eta planteamendu horretan argi ikusten delako bikain ezagutzen duela obra. Ikerlana estilo zehatz eta garbian dago idatzia, eta irakurlea erakartzeko moduan. Gainera, gaurkotasun handiko klasiko bat ematen digu ezagutzera”.
Epaimahaia hauek osatu dute: María Isabel López Martínez (Literaturaren Teorian katedraduna), mahaiburua; José Luis Martín Nogales (literatura-kritikaria), Manuel Borrás Arana (editorea), Emilio Echavarren Urtasun (Literatura-irakaslea) eta Ricardo Pita Macaya (editorea), epaimahaikideak; eta Tomás Yerro Villanueva (Literatura-irakaslea), idazkaria.
Irabazlearen curriculum laburra
Marco Perilli Trenton sortu zen 1964an (Italia), eta Mexikon bizi da 2003az geroztik. Letra Ederrak ikasi zituen Florentziako Unibertsitatean. Zenbait narratiba-liburu eta saiakera argitaratu ditu, besteak beste, “El carrusel de los dioses niños” (2004), Roberto Rébora pintorearekin elkarlanean, “El artesano de la verdad” (2008) eta “Diario del mar” (2013), Nicola Lorusso argazkilariarekin batera. Arte Sortzaileen Sistema Nazionaleko kide da.
1998an, Auieo argitaletxea sortu zuen Italian; 2011n, berriz, Auieo Ediciones izenekoa Mexikon, zeina 2015era arte zuzendu baitzuen. 2016an, literatura eta artea uztartzen dituen argitaletxe bat inauguratu zuen, “anDante”.
Amado Alonso Fundazioa
Epaimahaikideak, NUPen. Ezkerretik eskuinera, zutik: Ricardo Pita Macaya, María Isabel López Martínez, Manuel Borrás eta José Luis Martín. Ezkerretik eskuinera, eserita: Tomás Yerro eta Emilio Echavarren.
Amado Alonso Fundazioa 2001ean sortu zen, Amadeo Alonsoren bizitza ezagutzera emateko, bai eta Nafarroako, Espainiako eta beste herrialde batzuetako arlo akademikoan eta sozialean hark izandako testuinguru historikoa ezagutarazteko ere. Amado Alonso nafar literatura-kritikaria Hizkuntzako eta Literaturako irakasle aritu zen Harvardeko Unibertsitatean (Estatu Batuak). Beste helburu batzuk ere baditu fundazioak: Espainiar Filologiaren, Espainieraren Didaktikaren eta Literatura-teoriaren eta -kritikaren esparruan Amadeo Alonsok egindako ekarpen zientifikoen gaurkotasuna aldarrikatzea; Amado Alonsoren eta haren lankide eta ikasleen lan ildoak eta espiritua ikertzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea; eta idazleari buruzko dokumentazioa biltzea sustatzea.
Sariketa 2002an hasi zenetik, hauek izan dira orain arteko irabazleak: Mª. Isabel López Martínez (2002), Gloria Estela González-Zenteno (2003), Ángel Pérez Martínez (2004), Miguel Zugasti Zugasti (2005), Josep María Rodríguez Cabrera (2006), Alberto Santamaría Fernández (2007), Magda Beatriz Lahoz de Klins (2009), Alejandro Bekes (2010), Mario Martín Gijón (2011), Toni Montesinos Gilbert (2012), Gabriel Insausti Herrero-Velarde (2014), Walter Cassara (2015), Álex Matas (2016) eta Miriam Moreno (2017).