Programan parte hartzen duten gazteek Cristina Bayonarekin eta Banco Santanderren ordezkariekin batera ateratako argazkia.
“Explorer Space Navarra”k Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) dituen “coworking”eko espazioetan hartu ditu 18 eta 31 urte bitarteko 18 ekintzaileak, hurrengo bost hilabeteetan elkarlanean 14 ideia garatuko dituztenak aholkularitza espezializatuaren bidez Explorer ‘Gazte ideiadunak’ izeneko programaren barnean. Banco Santanderrek bultzatu du Santander Universidades-en bidez eta Centro Internacional Santander Emprendimiento-k (CISE) koordinatu du NUPen laguntzarekin.
Proiektuak atzo aurkeztu ziren, asteazkena, otsailak 6, eta hauek parte hartu zuten: Cristina Bayona Sáez Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea; Inés Abendaño Barcos, Banco Santanderreko Nafarroako Erakundeen zuzendaria, eta Paula Anzola Román, “Explorer Space Navarra”ren koordinatzailea.
Prestakuntzako eta proiektuak mamitzeko bost hilabeteak igaro eta gero, “Explorer Space Navarra”ren proiektu baloratuena egin duen pertsonak Silicon Valleyra bidaiatuko du puntako teknologia-enpresetako eskola magistralak jasoko ditu, baita nazioartekotzeko aholkularitza eta inbertitzaileekiko harremanak ere. Horretaz gainera, San Frantziskotik itzulitakoan, hiru sari nazionaletako batera aurkezteko modua izango du bere negozioaren azkarrago garatzeko. Sariak 30.000, 20.000 eta 10.000 eurokoak izango dira.
EY, Explorer Fundazioarekin elkarlanean aritzen denez, batetik Woman Explorer Award saria du. Saria 20.000 eurokoa da, eta emakume ekintzaile bat buru duen proiektu hoberena finantzatzen du. Bestetik Disruptive Technology Explorer Award –INDRAk sustatua-, eta 3.000 euro emango dizkio negozio-proiektu berritzaileenari.
“Explorer Space Navarra”n aukeratutako ideiak
Hurrengo hilabeteetan “Explorer Space Navarra”n garatuko diren ideiak askotarikoak dira bai sustatzen dituen ekintzaileen profilari dagokionez, bai sorburu duten ideiari dagokionez. Hala, proiektu sozialak daude, bai eta talde zaurgarrien edo dibertsitate funtzionala dutenen bizi-baldintzak eta ongizatea hobetzera bideratutakoak ere. Ekimen hauek daude tartean: mendekotasuna dutenen etxeetara aisiarako aukerak eramateko ekimen bat; osasunaren esparruan aholkularitza emateko eta teknologia adimenduna erabiltzeko proposamen bat; eta bidaiarientzat ehunezko produktuak egiteko proiektu bat, zenbait herrialdetan emakumeen ekintzailetza sustatu nahi duena, hala nola Kolonbian, Guatemalan eta Indian.
Halaber, badaude zenbait proiektu honako esparru hauetako problemei irtenbide sortzaileak ematea xede duten aplikazio mugikorren erabilerarekin lotutakoak: arkitektura, turismoa, funtzionalitatea etxean, unibertsitateko ikasketak, errepidean gidatzea, gazteen aisia, fardelen garraioa, elikadura edo kosmetika. Teknologia proiektuak ere aukeratu dituzte. Esaterako, banku txartelaren bidezko ordainketan segurtasun biometrikoko mekanismoak sartzeko proposamen bat edo eskuaren mugimendua detektatzeko teknologia bat ingurune erreal edo simulatuetan aplikatzeko eta garatzeko ekimen bat.
Prestakuntza eta aitorpena
Aukeratutako gazteek hurrengo bost hilabeteetan saio hauetan parte hartzeko aukera izango dute: “design thinking”eko lantegiak eta saio praktikoak, sormena, finantzak, lidergoa, marketina edo komunikazio trebetasunak. “Explorer” programaren sarea osatzen duten adituek ematen dituzte lantegiak eta saioak. Era berean, mentore baten laguntza pertsonalizatua izango dute, eta mentoreak bere esperientzia eta aholkularitza emango ditu musutruk.
Programaren prestakuntza-ibilbideak metodologia bat du, negozio-eredu berriak arintasunez eta eraginkortasunez sortzeko aukera eskaintzen duena, eta berrikuntza jarraituaren eta ikaskuntza balidatuaren printzipioak aplikatzen ditu. Gainera, aurtengo edizioan, eduki digital gehiago ditu programak, eta toki diferenteetako gazteen arteko harremanak eta prestakuntza indartzen ditu.
Santander Universidades eta CISE
Explorer programa Santander X komunitate globalaren barnean dago. Ekimen horrek 5.000 gazte baino gehiagoren ideiak indartu ditu aurreko bederatzi edizioetan eta ehunka enpresa sortu ditu.
Banco Santander oso konprometituta dago goi mailako hezkuntzarekin, eta Santander Universidades nazioarteko ekimenaren bidez gauzatzen du. Munduan hezkuntzaren alde gehien inbertitzen duen enpresa pribatua da Santander (Varkey/UNESCO–Fortune 500 txostena), eta ia 1.200 lankidetza hitzarmen ditu 21 herrialdetako unibertsitateekin eta irakaskuntza erakundeekin. 2002tik aurrera, 1.600 milioi euro baino gehiago erabili ditu irakaskuntza programetan eta ekimenetan.
CISE espiritu ekintzailea sustatu eta herrialde osoan startup-en sorrera bultzatzen duen zentroa da. Banco Santanderren, Kantabriako Unibertsitatearen eta Kantabriako Gobernuaren laguntzarekin prestakuntza-programak garatzen ditu, pertsonen sormena akuilatu eta berrikuntza sustatzen dutenak.