“Yo quiero ser científica” antzezlana sortu eta antzezten duten irakasleak. Ezkerretik eskuinera: Marisol Gómez Fernández (Emmy Noëther), Silvia Díaz Lucas (Hedy Lamarr), Alicia Martínez Ramírez (Sofia Kovalévskaya), Edurne Barrenechea Tartas (Ada Lovelace), Aránzazu Jurío Munárriz (Klara Von Neumann), Patricia Aranguren Garacochea (Marie Sklodowska-Curie), Gurutze Pérez Artieda (Maria Sibylla Merian), Idoia San Martín Biurrun (Edith Clarke) eta Leyre Catalán Ros (Hipatia Alexandriakoa), publikoarekin hizketan, Iruñeko Planetarioko emanaldi bat bukatu eta gero.
Aurreko mendeetako zenbait emakume zientzialariren lana eta bizitza antzeztuko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bederatzi emakume irakaslek “Yo quiero ser científica” antzezlanean. 2019ko otsailaren 9an izango da, larunbata, Iruñeko Planetarioan, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere. Antzezlana jende guztiarentzat da, eta 19:30ean hasiko da. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena hartu beharra dago, txarteldegian, ordubete lehenago hasita.
Proiektuaren barruan, beste zortzi emanaldi egingo dituzte goizez eta dohainik 8-12 urteko ikasleentzat (LHko 4. mailako eta DBHko 1. mailako ikasleentzat). Planetarioan izango dira horiek ere, otsailean, apirilean eta maiatzean. Hilabete honetako bi emanaldietarako, leku guztiak bete dira. Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean izango dira emanaldiak, otsailaren 11n. Beraz, ikastetxeren batek interesa badu apirilaren 3ko eta maiatzaren 6ko eta 22ko emanaldietara joateko, NUPen webgunean eman behar du izena.
Orain arte, Nafarroako 19 ikastetxetako 1.681 ikasle izan dira 2018ko urriko, azaroko eta abenduko 8 emanaldietan. Ikasleentzako emanaldiez gain, edonork ikusteko moduko beste hiru saio ere egin ziren 2018an, eta Iruñeko Planetarioko Ibn Ezra hitzaldi-aretoa guztiz bete zen hiruretan (ia 700 ikusle guztira).
Ingeniaritzako zenbait titulaziotan eskola ematen duten bederatzi emakume irakasleek berek sortu eta interpretatzen dute antzezlana, batetik, zientziaren historiaren parte ezezagun bat gogora ekartzeko, eta, bestetik, neska gazteak zientziaren eta teknologiaren arloko emakume gailenekin identifika daitezen eta inspirazio iturri gisa har ditzaten.
Parte hartzen duten ikertzaileak
Hauek dira antzezlana prestatzen ibili diren ikertzaileak: Patricia Aranguren Garacochea (doktorea Industria Ingeniaritzan), Edurne Barrenechea Tartas (doktorea Informatika Ingeniaritzan), Leyre Catalán Ros (doktoretzako ikaslea Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak programan Tecomber), Silvia Díaz Lucas (doktorea Telekomunikazio Ingeniaritzan), Marisol Gómez Fernández (doktorea Matematikan), Aránzazu Jurío Munárriz (doktorea Informatika Ingeniaritzan), Alicia Martínez Ramírez (doktorea Telekomunikazio Ingeniaritzan), Gurutze Pérez Artieda (doktorea Industria Ingeniaritzan eta ekimenaren arduraduna) eta Idoia San Martín Biurrun (doktorea Industria Ingeniaritzan). Guztiek NUPeko ikerketa institutuetako bitan egiten dute lan: Smart Cities Institutuan (ISC) eta Material Aurreratuen Institutuan (InaMat).
Antzezle haietako bakoitzak zientzialari hauetako bat antzezten du: Hipatia Alexandriakoa, matematikaria, astronomoa eta filosofoa (IV.-V. mendeak); Maria Sibylla Merian, entomologoa eta margolaria (1647-1717); Ada Lovelace (Ada Byron izenaz ere ezaguna), matematikaria eta lehen informatikaria (1815-1852); Sofia Kovalévskaya, matematikaria eta astronomoa (1850-1891); Marie Sklodowska-Curie, kimikaria eta fisikaria (1867-1934); Emmy Noëther, matematikaria (1882-1935); Edith Clarke, ingeniari elektrikoa (1883-1959); Klara Von Neumann, informatikaria (1911-1963); eta Hedy Lamarr, telekomunikazio ingeniaria (1914-2000).
Honako hauek laguntzaile aritu dira ekimen honetan: Óscar Orzaiz Resano, NUPeko Antzerki Taldeko zuzendaria, antzezlana zuzendu duena; Íñigo Pérez Artieda, soinuaz eta musika zuzendaritzaz arduratu dena; Vicente Galbete Martinicorena, eszenografian; Miguel Eraso Ascunce, bideoen egilea; Raquel Hontañón Vélez, estilismoaz arduratu dena; eta Creanavarra Iruñeko Diseinuaren Goi Mailako Zentroko ikasleak, jantzien arduradun izan direnak.
Proiektuak Nafarroako Gobernuaren babesa jaso du, baita Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioko Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioren (FECYT) finantzaketa ere.