Joan eduki nagusira

zoom NUP.

NUP.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Mentoretza Seniorraren Plan bat jarri du abian. Nafarroako ehun ekonomiko eta sozialean pisu handia duten enpresa eta erakundeetan postu garrantzitsuak dituzten edo NUPekin lotura izan duten esperientzia handiko profesionalek etorkizun profesionaleko aukerei buruz aholku emango diete azken kurtsoetako ikasleei, masterreko ikasleei eta gradua egin berri duten pertsonei, laneratzeko prozesua hobetzeko asmoarekin.  

Mentorizatuak izan nahi dutenek otsailaren 22ra arteko epea dute programan izena emateko, eta eskaera Unibertsitatearen webgunearen bidez tramitatzeko aukera dago. Orain arte, Nafarroako ehundik gora profesional agertu dira prest NUPeko ikasleak orientatzeko. Ikasketa-espedientearen arabera aukeratuko dira ikasleak.

Parte bakoitzaren konpromisoak

Programaren arabera, gehienez ere hiru ikaslerekin bilduko da mentorea. Gutxienez ere bitan elkartuko dira martxotik maiatzera bitartean, eta lan orientazioa emango die beren lan aukerak hobetzeko, beren trebetasunak bultzatu eta sustatuko ditu, eta “networking” egiteko aukera egongo da, hots, enpresekin eta pertsonekin harremanak egiteko eta sarean lan egitekoa. 

Mentorizatutako pertsonek, bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoan bi orduko prestakuntza presentziala eta zortzi orduko on line prestakuntza egiteko konpromisoa hartuko dute. Doakoa da, eta “coaching”ean, lan orientazioan eta adimen emozionalean esperientzia eta prestakuntza egiaztatua duten profesionalek emango dute. Halaber, gutxienez ere bi bilera egingo dituzte izendatutako pertsonarekin, enplegu aktibo lagunduaren bilaketa egingo dute eta mentoreak eskainitako zerbitzuak baliatuko dituzte.

Mentoretzako beste programa batzuk Unibertsitatean

Mentoretza Seniorraren Planak Unibertsitatean esparru horretan dagoen eskaintza osatzen du, lehendik baititu “Mentoretza parekoen artean”, “Buddy” eta “Urrentxindorra” programak. Lehen programan ikasleek beraiek beste kide batzuk orientatzen dituzte. Programa honetan, NUPeko goiko kurtsoetako hogeita hamar bat ikaslek parte hartzen dute, eta lehen ikasmailako beste ehuni laguntzen diete. 

Bestalde, “Buddy” programan, NUPeko ikasleek zenbait herrialdetako kideei laguntzen diete unibertsitatera eta Iruñeko bizitzara egokitzen. Ikasturte honetan, berrogeitik gora ikaslek parte hartzen dute.

Azkenik, “Urretxindorra” programaren bidez, NUPeko ikasleak pertsona helduaren eredu positibo gisa erabiltzen dituzte Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako neska-mutilentzat. Ikasturte honetan, Unibertsitateko hamabost bat ikaslek parte hartuko dute. Azaldutako programak Unibertsitateko webgunearen “mentoretza” atalean daude.