Joan eduki nagusira

zoom DOCTOR PV proiektuan diharduten ikertzaileak Jerónimo de Ayanz Zentroaren aurrean, hots, ikerketa-institutuen egoitzaren aurrean. Ezkerretik eskuinera: Alberto Córdoba, José Javier Astráin, Jesús Villadangos eta José Ramón González de Mendívil.

DOCTOR PV proiektuan diharduten ikertzaileak Jerónimo de Ayanz Zentroaren aurrean, hots, ikerketa-institutuen egoitzaren aurrean. Ezkerretik eskuinera: Alberto Córdoba, José Javier Astráin, Jesús Villadangos eta José Ramón González de Mendívil.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eguzki-instalazio fotovoltaikoen errendimendua hobetzeko ikerketa-proiektu batean parte hartzen du, Espainiako bost enpresarekin eta Valladolideko zein Zaragozako unibertsitateekin batera. Proiekturako eratu duten partzuergoa mantentze-lan prediktiboen metodo berri bat ari da garatzen: energia-iturri berriztagarrien instalazio horien hutsegiteak eta anomaliak goiz eta automatikoki detektatzen dituen teknika bat da, eta arazoak gertatu baino lehen konpontzea du xede. Metodo horri esker, ez atzera ez aurrerako egoerak eta kostuak gutxitzen dira, eta energia-galerak murrizten. Instalazioak ikuskatzeko, droneak erabiltzen dira, eta modu automatikoan detektatzen dituzte gorabeherak. DOCTOR-PV izeneko proiektua Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak, Ikerketarako Estatuko Agentziak eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) finantzatzen dute 1,1 milioi eurorekin, eta bi urte eta erdian egitekoa da.

Partzuergoa osatzen duten entitateak esperientzia luzea dute energia-iturri berriztagarrien instalazioak monitorizatzen eta haien mantentze-lanak egiten, batez ere eguzki-energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioak kontrolatzen. Zehatz-mehatz, Gas Natural Fenosa, Iberdrola Renovables, PARIVER, VISIONA eta MAETEL dira partzuergoako enpresak, eta azken hori da liderra. Enpresez gainera, Valladolideko Unibertsitatea, CIRCE Zaragozako Unibertsitatearen Baliabide eta Kontsumo Energetikoen Ikerketa Zentroa eta NUPen Smart Cities institutua (ISC) daude partzuergoan. NUPeko koordinatzailea Jesús Villadangos Alonso Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko eta ISC institutuko ikertzailea da, eta harekin batera ari dira ikertzaile hauek ere: José Javier Astráin Escola, Alberto Córdoba Izaguirre, Francisco Falcone Lanas, Federico Fariña Figueredo, José Ramón González de Mendívil Moreno eta Sandu Ilco.

Proiektuaren oinarri den teknologia

DOCTOR-PV proiektuan, mantentze-lan prediktiboen etorkizun handiko bi teknika erabiltzen dira: instalazioetako elementu guztien kondizioan oinarritzen dira mantentze-lanak, eta elektrolumineszentziako eta termografia infragorriko neurketetan.

Kamera bereziak baliatzen dira elektrolumineszentzia neurtzeko eta termografia infragorriaren teknikarako. Elektrolumineszentzia neurtzeko tekniken bidez, modulu fotovoltaikoen materialen propietateak probatzen dira – mikropitzadurak ere detektatzen dira–. Modulu fotovoltaikoei tentsioa aplikatzen zaie, korronte-fluxua egokia dela egiaztatzeko. Zelula fotovoltaikoek argi infragorria igortzen dute, eta kamera horietako batek hartzen du. Irudietan, distiratsu ikusten dira behar bezala funtzionatzen duten zelulak; kalteren bat dutenak, aldiz, ilun.

Bestetik, termografia infragorriko kameren bidez, urrunetik neurtzen ahal dira tenperaturak, eta objektuarekin kontaktu fisikorik izan gabe. Gorputzek igortzen duten erradiazio infragorriaren intentsitatea harrapatzen dute, gizon-emakumeon begientzat ikusezina dena, eta, gero, irudi bat sortzen dute, espektro ikusgaiko kolorez osatua, objektuen gainazalaren tenperatura oinarri hartuta.

Bi teknologia batera darabiltzaten droneak

Elektrolumineszentziako eta termografia infragorriko teknika horiek konbinatu, eta droneei ezarriko dizkiete, bi ikuskatze-lanak aldi berean eta hegaldi bakarrean egin ditzaten. Horixe da, hain zuzen, I+G+b-ko proiektu honen alderdi berritzaile nagusietako bat. Gaur egun, egiten dira ikuskapenak termografia infragorria neurtzeko droneen bidez; izan ere, metodo tradizionalek baino ikuskapen “arinagoak, eraginkorragoak eta errentagarriagoak” egiten dituzte, proiektuko ikertzaileen esanean. Beste analisi mota bat gehitu nahi zaio horri, zeren eta termografia infragorriko teknikek eta begizko ikuskapenek ez baitituzte gorabehera-patroi guztiak identifikatzen.

Garatzen ari den teknika bat da elektrolumineszentzia, eta gero eta gehiago erabiltzen da moduluak ikuskatzeko; izan ere, fabrikaziozko eta egiturazko akatsak detektatzen ditu, eta horregatik aukeratzen dute mantentze-lanak egiteko.

Gainera, kondizioan oinarritutako mantentze-lan prediktiboa egiteko, ikaskuntza automatikokoko metodoak erabiliko dira, eguzki-instalazioen osagai nagusietako akatsak gertatu baino lehen detektatzeko.

Azken helburua da sistema berri bat diseinatzea, aukera emango duena instalazio mota batean baino gehiagotan erabiltzeko eta mundu osora esportatzeko eta merkaturatzeko. Hori dela medio, aipatutako teknologien hainbat proba pilotu eta funtzionamendu-frogapen egingo dituzte ingurune errealean, proiektuko kideek planteatu dituzten ikerketa-ildoei erantzuteko.