Joan eduki nagusira

zoom Unai Belintxon, liburuaren idazlea eta NUPeko Zuzenbide Saileko irakasle eta ikertzailea.

Unai Belintxon, liburuaren idazlea eta NUPeko Zuzenbide Saileko irakasle eta ikertzailea.

Unai Belintxon Martin Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbide Saileko irakasle eta ikertzaileak ikerketa juridiko bat egin du Europar Batasuneko eskualde mugakideen arteko lankidetzari buruz, eta berriki argitaratu du liburu batean. Adituaren ustez, EBko mugen bi aldeetako eskualdeen arteko elkarlana bultzatzen duen politika “EBko estatuen interesen eta nahien” mende dago oraindik ere, eta horrek zaildu egiten du “Europar Batasunak politika koherente, eraginkor eta behin betiko bat antolatzea erantzun bateratu bat emateko”. Ikertzailearen aburuz, mugaz bi aldeetako lankidetza bultzatzeko, Europako Batzordearen egiturazko funtsak eta programak ez ezik, figura juridikoak ere erabili beharko lirateke; izan ere, figura horiek gehiago dagozkio Europako sozietate-zuzenbideari, eta aukera handiagoa ematen dute jarduera pribatuak gauzatzeko.

“Sektore batean baino gehiagotan eta mota askotakotan sor daiteke eskualde mugakideen arteko elkarlana —dio Unai Belintxonek “Cooperación, seguro y actividades deportivas transfronterizas. Un estudio jurídico” izeneko liburuan—. Thomson Reuters Aranzadik argitaratu du, NUPen, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuaren laguntzaz. Eskualde mugakideek politika bateratua izan lezakete turismoari eta lurralde-garapenari dagokienez, hondakinak elkarrekin kudea litzakete, mugaren bi aldeetan kirol-jarduerak egin, unibertsitate publikoek kirol-ekitaldiak bi aldeetan antolatu, eta sozietate publikoak eta agentziak eratu eta sustatu mugako eskualdeak eta haien ekonomia garatzeko eta enplegua sortzeko”.

Unai Belintxonen esanean, eskualde mugakideen arteko elkarlanari aplikatu beharreko esparru juridikoak “arau-egitura korapilatsua du: arau-bloke bat baino gehiago elkartzen dira, publikoak zein pribatuak, eta nazioarteko, Europako, estatuetako, erkidegoetako eta tokiko arauek osatzen dituzte”. “Europako erakundeek egonean egon dira denbora luzez, eta ez diote irtenbide juridiko-normatiborik eman Europako mugen errealitate horri. Are gehiago, EBko estatu bakoitzaren interesek mugatu edo estutu dute haien politika”, esan du ikertzaileak. Liburuaren hitzaurrea Juan José Álvarez Rubio Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Pribatuko katedradunak egin du (UPV-EHU).

Ikuspegi kritikoa EBren programei buruz

Ildo horretatik, Europar Batasuneko programak, adibidez, Interreg programak (eskualde mugakideen lankidetza bultzatzeko finantzabidea ematen du) “lagungarriak badira ere, ez diete konponbiderik ematen mugako arazoei, eta ez dira –eta ez dute izan nahi– halako eskualdeak egituratzeko elementu”, Unai Belintxonen ustez.

Horregatik, ikertzaileak dio mugaz bi aldeetako lankidetza bultzatzeko ez liratekeela Europako Batzordearen egiturazko funtsak eta programak bakarrik erabili behar; aitzitik, Europako sozietate-zuzenbideari dagozkion figura juridikoak baliatu beharko liratekeela, sektore publikoak eta pribatuak etekina atera diezaieten. Ekonomia Intereseko Europako Taldea aipatu du ikertzaileak, zeren eta pertsona juridiko eta fisiko askori harremanak egiteko aukera ematen baitie jarduera ekonomikoak lankidetzan egiteko mugen bi aldeetan. Beste baliabide bat Europako sozietate anonimoak dira: enpresa-arloko esperientzietara bideratuta daude, baina baliagarriak izan litezke administrazio publikoentzat, entitate pribatuek ematen dituzten zerbitzu publikoak kudea ditzaten.

Egilearen biografia laburra

Unai Belintxon Zuzenbidean lizentziatua eta doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Enpresaren Zuzenbideko Masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean. Hauek izan ditu ikergai nagusiak: Europako eta nazioarteko errepide bidezko garraioaren zuzenbidea, salgaien eta bidaiarien modalitateetan; itsasoko garraioaren zuzenbidea; nazioarteko merkataritza zuzenbidea; nazioarteko prozesu-zuzenbide zibila; garraio-sektoreko konkurrentziaren zuzenbidea; adingabeen babes juridikoa; giza eskubideak eta nazioarteko negozioak.

Ikerketa-egonaldiak egin ditu erakunde hauetan: Lausanako ISDCn (Zuzenbide Konparatuko Suitzar Institutua) eta UNIDROITen (Zuzenbide Pribatua Bateratzeko Nazioarteko Institutua), Erroman egoitza duen gobernuarteko erakunde independente batean. Horretaz gainera, “Revista de Derecho del Transporte Terrestre, Marítimo, Aéreo y Multimodal” aldizkariaren kolaboratzailea eta ebaluatzailea da, bai eta “Anuario Español de Derecho Internacional Privado” (AEDIPr) aldizkariarena ere.