Joan eduki nagusira

zoom Truke programetako ikasle atzerritar batzuk Nafarroako Unibertsitate Publikora iristean.

Truke programetako ikasle atzerritar batzuk Nafarroako Unibertsitate Publikora iristean.

Guztira, 25 herrialdetako 116 ikaslek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egingo dute 2018-2019 ikasturteko bigarren seihilekoa Unibertsitateak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko bost programen bidez. Gazte atzerritarrak ongi egokitu daitezen Nafarroan, beste ehun bat ikaslek hartzen dute parte Nafarroako Unibertsitateko boluntario gisa Buddy Programan, hots, Nazioartekotze Errektoreordetzak sustatutako harrera-ekimen batean.

Programa horretan, NUPeko ikasleen egitekoa da atzerritarrei laguntzea Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzen eta beste zenbait kontutan, hala nola bizilekua bilatzen eta zenbait tramite egiten.

Kanpo Harremanetarako Atalak eta Unibertsitate Arretarako Unitateak kudeatzen dute ekimen hori, ikasle atzerritarrei seihileko bakoitzean ongietorria egiteko. Harrera egiteko beste zerbitzu bat da espainierako doako ikastaro trinko bat astebetez Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian. Horretaz gainera, bisita gidatua eskaini zaie Unibertsitatean eta Iruñean barrena, bai eta NUPen egin daitezkeen ikasketei eta kultura- eta kirol-jarduerei buruzko informazio hitzaldiak ere.

Nondik etorri dira ikasleak?

Ikasleak (65 emakumezko eta 51 gizonezko) 25 herrialdetatik etorri dira, gehienak Europako herrialdeetatik, baina baita Afrikako, Amerikako eta Asiakoetatik ere.

Europarrak bederatzi herrialde hauetakoak dira: Frantzia (3), Italia (9), Turkia (4), Polonia (3), Herbehereeak (4), Txekiar Errepublika (2), Portugal (1) eta Belgika (1).

Amerikako ikasleei dagokienez, Mexikotik etorri dira gehienak (32), eta ondoren Estatu Batuetatik (15), Txiletik (10), Kolonbiatik (6), Perutik (2), Argentinatik (1), Brasildik (1), Paraguaitik (1), Uruguaitik (1) eta Venezuelatik (1).

Asiatik ere etorri dira ikasleak: hiru Txinatik eta bi Taiwandik. Azkenik, Marokoko lau ikasle ditugu gurean, bai eta Egiptoko, Australiako eta Kazajstango ikasle bana ere.

Ikasleetako batzuek NUP aukeratzeko kontuan izandako arrazoiak bideo honetan azaltzen dituzte, Unibertsitatearen YouTubeko kanalean. 

Nazioarteko eta Espainiako truke programak

Erasmus+ programako 42 ikasle daude (Europar Batasuneko eta beste herrialde batzuetako ikasleekin trukea egiteko). Gainerakoak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bi programa berekitakoak dira: Palafox Latinoamerikako herrialdeekin trukatzeko programakoak 48 ikasle; Martín de Rada Asia eta Ozeano Bareko herrialdeekin trukatzeko programakoak, berriz, 5. Bestalde, ISEP programaren bidez (Estatu Batuekin eta munduko gainerako herrialdeekin trukeak egitekoa) eta aldebiko hitzarmenen bidez ere etorri dira beste zenbait. Bestalde, nazioarteko beste 26 ikasle ari dira NUPen ikasten Carolina Fundazioaren bekei, AUIP elkartearenei eta Nazioarteko Talentuak Erakartzekoei esker, eta beste zenbait ikasle ikasturte hasieran etorri ziren urte osoa hemen egiteko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 50 herrialdetako goi-mailako hezkuntzako 300 erakunderekin hitzarmenak egin dituelako daude martxan truke programak. Bestalde, gogoan izatekoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Espainia osoko emaitza kualitatiborik onenak lortu dituela berriki Europar Batasuneko kide ez diren herrialdeekiko mugikortasun deialdian, 2018-2020 aldirako Erasmus+ programaren esparruan.