2013tik indarrean dagoen Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoak xedatu zuen (LOMCE) Lehen Hezkuntzan heziketa artistiko-musikala ez zela gehiago enborreko irakasgaia izango. Neurri hori jakintzagaiaren balioarekiko “gutxiespen sozialaren” erakusgarri da. Balio galera horrek “eragina du ikasgelan”, eta, estresa nozitzeaz gainera, “hain bakartuak sentitzen dira Musikako irakasleak beren lanpostuan, non ez baitute erreakzio probetxugarririk jasotzen beren kidekoen eta zuzendaritzakoen aldetik, heziketako eta ebaluazioko prozesu pedagogikoak hobetzeko”. Hala egiaztatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza-tesian Rolando Angel-Alvarado Musika Hezkuntzako irakasle txiletarrak. Bere ikerketan, egileak honen alde egiten du: “hezkuntza-administrazioek inbertitu dezatela beren irakasle taldeen prestakuntza jarraituan musikaren didaktikarekin lotutako arloetan, eskoletako praktikan eta espirituan eragin zuzena izango duten diziplinarteko proiektuei ekiteko asmoarekin”.
LOMCEk ezartzen du Lehen Hezkuntzako curriculuma hiru irakasgai motatan banatzen dela. Autonomia erkidego guztietako ikasleek ikasi behar dituzte enborreko irakasgaiak (Naturaren Zientziak, Gizarte Zientziak, Gaztelania eta Literatura, Matematika eta Atzerriko Lehen Hizkuntza). Autonomia erkidegoen osaera librekoak ere badaude (esaterako, autonomia erkidegoaren berezko hizkuntza). Azkenik, irakasgai espezifikoen talde bat dago: Gorputz Hezkuntza, Erlijioa edo Balio Sozialak eta Zibikoak (gurasoen hautatu beharrekoak bi horien artean) eta beste hirugarren bat hauen artean aukera daitekeena: Hezkuntza Artistikoa (Musika eta Plastika), Atzerriko Bigarren Hizkuntza edo Erlijioa eta Balio Sozialak eta Zibikoak (kasua zein den). Araudi horrekin bat etorriz, gerta daiteke Hezkuntza Artistikoko ordurik ez duten ikastetxeak egotea, esaterako, atzerriko bigarren hezkuntza bat ematen delako.
“Arreta galarazten” duten irakasgaiak
“Badaude irakasgaiak arreta galarazten dutenak”, esan zien hedabideei orain urte batzuk José Ignacio Wert Hezkuntzako ministro ohiak, hezkuntza artistikoa LOMCEk ezartzen duen enborreko irakasgaien curriculumaren esparrutik kentzeko erabakia justifikatzeko asmoarekin”, gogoratu du Rolando Angel-Alvaradok.Txileko Errepublikako Ikerketa Zientifikorako eta Teknologikorako Batzorde Nazionalaren (CONICYT) finantzaketari esker egin du bere doktoretza tesia. NUPeko Olga Belletich Ruiz eta Miguel Rodríguez Wilhelmi NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasleen zuzendaritzapean egin du tesia, eta bikain kalifikazioa lortu zuen. Rolando Angel-Alvaradok Nazioarteko Aipamena ere lortu du bere tesian, eta ikerketarako egonaldi bat egin zuen Helsinkiko Sibelius Akademian (Finlandia) eta gorabidean dagoen ikertzailearen saria eman zion Hezkuntza Ikerketako Europar Elkarteak (siglak ingelesez: EERA).
Zenbait hezkuntza politika ezarri dituzte autonomia-erkidegoek, Hezkuntza Artistikoa Lehen Hezkuntzako curriculumean sartzearen auzia konponbidean jartzeko. Europar Batasunak ezartzen duen kultura prestakuntzarako eta prestakuntza artistikorako eskubidea eta hezkuntza ekitatearen oinarrizko printzipioa urratzen du horrek, zeren autonomia erkidego guztiek ezin baitute bermatu beren ikasle guztiek gai honetako eskoletan parte hartzen dutela”, ziurtatu du.
Bere iritzian, hezkuntza politiken dibertsitate honek “eragina dauka Lehen Hezkuntzako ikastetxeen hezkuntza proiektuetan, eta irakasleen artean laneko estresa eragiten du”. “Zehazki, Hezkuntza Artistiko-musikaleko irakasleek lan karga txikiagoa dute, eta kasu batzuetan beste irakasgai batzuk eman behar izaten dituzte ordutegia betetzeko —azaldu du—. Ikasleen jokabide txarrak ere laneko estresa areagotzen du, zeren, ikasgelako giroa zapuzten bada, irakasleak presiopean sentitzen dira ikasgelako helburuak ez betetzeko arriskua ikusita. Izan ere, kasurik hoberenean, soilik 45 minutu dituzte astean batez beste 24 ikasleri eskolak emateko, hots, bi minuturen azpitik dagoen denbora tartea ikasle bakoitzeko. Azkenik, ikerketaren aurkikuntzek erakusten dute beste irakasgai batzuetako irakasleek eta zuzendaritza-taldeek Hezkuntza Artistiko-musikalaren balioa gutxiesten dutela, eta horrek eragina daukala laneko estresean”.
Ikertzailearen iritzian, Hezkuntza Artistikoak Espainian duen egoera “ezohikoa da nazioartean”, eta egoera hori lehengoratzeko “nahitaezkoa da politikariek neurriak hartzea irakasgai hori berriz ere nahitaezkoa izan dadin enborreko curriculumean, Lehen Hezkuntzako ikasle guztien kultura prestakuntzarako eta prestakuntza artistikorako eskubidea babesteko”. Hala, irakasle taldeen prestakuntza jarraituan inbertitzeko asmoa du. “Prestakuntza jarraitu horri esker Musikako irakasleak, beren kidekoen taldekoa sentitzeaz gainera, gizabanakoen eta taldeen garapen kritiko, sortzaile eta afektiboan musikak duen garrantzia balioetsiko du hezkuntza komunitateak. Laburbilduz, arteak zerbitzu publiko bat direla ulertu behar du gizarteak, eta edonork duela zerbitzu horretarako sarbide librea”, ondorioztatu du.
Curriculum laburra
NUPen doktoretza egin baino lehen, Rolando Angel-Alvaradok Musika Hezkuntzako Pedagogiako Lizentziatura eta Hezkuntza Administrazioko Master bat lortu zuen, baita Hezkuntza Sistemen Kudeaketako Maisutza bat ere, Playa Anchako Unibertsitatean, Valparaison (Txile), eta Gitarra Klasikoko titulua lortu zuen Valparaisoko Pontifize Unibertsitate Katolikoan.
Horretaz gainera, irakaskuntza lanetan aritu da Txileko Unibertsitatean eta NUPen. Egun, Musika Hezkuntzako Nazioarteko Elkartearen (siglak ingelesez: ISME) Revista Internacional de Educación Musical aldizkariaren Argitalpen Batzordeko kidea da, “Arkitektura Holistikoa Hezkuntza Musikarako” ikerketa metodoa zabaltzen du eta ikerketa proiektuak zuzentzen ditu zenbait herrialdetan.