Joan eduki nagusira

zoom Mark Beyebach eta Margarita Herrero, eskuliburuaren egileak.

Mark Beyebach eta Margarita Herrero, eskuliburuaren egileak.

Mark Beyebach Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Saileko ikertzaile eta irakasleak eta Margarita Herrero de Vega psikoterapeuta familiarrak “Intervención escolar centrada en soluciones. Conversaciones para el cambio en la escuela” izeneko eskuliburu praktikoa argitaratu dute hezkuntzako profesionalentzat, Herder argitaletxearen bidez (“Eskolako esku-hartzea irtenbideetan oinarritua. Elkarrizketak eskolan aldaketa eragiteko”).

Argitalpenaren ardatza irtenbideak oinarri dituen planteamendua da. Psikoterapiaren arloan sortu zen planteamendu hori, eta irakaskuntzara eraman dute geroago, emaitza onak eta eraginkorrak ematen dituelako. Planteamenduaren abiapuntua esku-hartzeen eredu original bat da, arazoak alde batera utzi eta irtenbideei begiratzen diena: “Hezkuntzaren testuingurua arazoz betea egon ohi da, eta, sarri, baliabidez eskas; horregatik, erakutsi beharra dago nola baliatzen ahal dituzten ikastetxeetan jardunbide kolaboratiboagoak eta erabiltzaileari gehiago begiratzen diotenak, hau da, irtenbideak bilatzen dituzten jarduteko moduak”, diote eskuliburuaren idazleek.

Eskuliburuak oinarri kontzeptualak eta esku hartzeko zenbait estrategia azaltzen ditu, eta adibide praktiko anitz ematen; izan ere, “eskolako errealitateari buruzko bestelako ikuspegi bat eman nahi du, baliabideak eta aukerak proposatzen dituena, patologiak eta gabeziak azpimarratu beharrean”. Argitalpenean, eskolako esku-hartzeen esperientzietan oinarritutako baliabideak proposatzen dira, Haur Hezkuntzatik hasi eta Unibertsitaterainokoak, eta irtenbideak oinarri dituzten aukera anitzetako zenbait azaltzen dira.

Mark Beyebachen curriculum laburra

Mark Beyebach Psikologian doktorea da, eta Psikologia Klinikoan espezialista. Familia Terapiako terapeuta, irakasle eta ikuskatzailearen akreditazioa dauka, Familia Terapiako Espainiar Federazioak emana. Salamancako Eliz Unibertsitateko Psikologia Fakultateko irakaslea izan zen 1992tik 2013ra, eta unibertsitate bereko Familia Terapiako eta Esku-hartze Sistemikoetako Masterraren zuzendaria 1993tik 2011ra. NUPeko irakaslea da 2014az geroztik.

Espainian aitzindaria da irtenbideetan oinarritutako terapian (ingelesez, “solution-focused therapy”), gai horri buruzko hitzaldiak eta mintegiak eman ditu Europan, Estatu Batuetan, Latinoamerikan eta Asian, eta hirurogeita hamar argitalpen zientifiko baino gehiago idatzi ditu irtenbideetan oinarritutako familia terapiaren eta terapia laburraren inguruan. Liburu hauek argitaratu ditu: “Avances en Terapia Familiar Sistémica” (José Navarrorekin, Paidós argitaletxea), “24 ideas para una Psicoterapia Breve”, “200 Tareas en Terapia Breve” (Marga Herrerorekin, Herder argitaletxea), “Changing self-destructive habits. Pathways to solutions with couples and families” (“Cambiando hábitos auto-destructivos. Caminos hacia soluciones con parejas y familias” Matthew Selekmanekin, Routledge argitaletxea) eta “Cómo criar hijos tiranos. Un manual de antiayuda para padres de niños y adolescentes” (Marga Herrerorekin, Herder argitaletxea). 2011tik 2015era,  European Brief Therapy Association terapia laburren elkartearen presidentea izan zen.

Azken hogei urteetan, familia terapia laburreko aldaketa prozesuak, eta, hizkuntzaren erabilera terapeutikoak ikertu ditu batik bat. Gaur egun, ikerketa-lerro hauek lantzen ditu: irtenbideetan oinarritutako ikuspegi sistemikoaren aplikazioa adingabeak babesteko, eta erakundeetako eta eskoletako esku-hartzea.