Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kirol txartelak (NUP) udaberrirako seihilekorako duen eskaintzaren barruan guztira hogeita lau jarduera daude eta astean hirurogeita hamar saio baino gehiagotan banatzen dira. Jarduera horiek guztiak astelehenetik ostiralera garatuko dira Unibertsitatearen kirol instalazioetan, eta urtarrilaren 14an hasiko dira (astelehena).
Zehazki, hauek dira kirol txartelean seihileko honetarako dauden jarduerak: core, pump, akropilatesa, pilates, gap+core, core+stretching, circuit training, TRX, total body, fitball, aerobika, guztizko entrenamendua, entrenamendu funtzionala, hiit, aqua crosstrain, swimtraining, spinning, pilatesa+hipopresiboak, step, taixia, yoga eta zumba.
Edonork du kirol txartela lortzeko eta jardueretako sarbidea izateko eskubidea. Txartela urtekoa, seihilekoa edo hilekoa izango da, eta Unibertsitatearen webgunearen bidez eska daiteke. Zehazki, udaberriko seihilekorako kirol txartelaren prezioa 60 euro da ikasleentzat, 72 euro unibertsitateko komunitateko gainerako kideentzat, 120 euro Ikasle Ohien eta Adiskideen Elkarteko kideentzat, eta 276 euro unibertsitatetik kanpokoentzat. Gainera, kirol txartela edukiz gero, kirol instalazioak erabil daitezke (igerilekua, rokodromoa, muskulazio aretoa eta abar), eta pilotalekua, kanpoko tenis eta futbol pistak eta Nafarroako Unibertsitate Pabiloia doan erreserbatu.
Unibertsitatearen webgunean daude ikusgai jarduerei buruzko informazioa (ordutegia, deskribapena eta entrenatzaileak), eta txartelaren bidez sarbidea izateko sistema berriari buruzko informazioa, bai eta urte osoko, seihilekoko eta hilabeteko prezioak ere.
Beste jarduera batzuk udaberriko seihilekoan
Udazkeneko seihilekoan, beste hamabi jarduera eskainiko dira: (autobabesa, boxeoa, eskalada, frontenisa, areto futbola, dance fusioa, kick boxing, igeriketa, lasterketetarako entrenamendua, tenisa, triatloia, boleibola eta waterpoloa). Horiek ez dira sartzen txartelak ematen dituen aukeretan: aparte izena eman eta ordaindu behar dira. Jarduera horietarako, izena emateko epea irekita dago unibertsitateko komunitateko kideentzat eta hil honen 21etik aurrera erakundetik kanpokoentzat.
Bestalde, Unibertsitatearen kirol eta kultura eskaintzaren barruan, ireki da epea udaberriko seihilekoan naturan egiteko jardueretan izena emateko (elurretako erraketak, salting, izotz gaineko patinajea, ibilaldiak euskal kostaldean, orientazioa, paintball, Irrisarriland edo bi eguneko irteera Murillo de Gállegora). Jarduera horiek unibertsitateko komunitateko kideei eta kanpokoei zuzenduta daude, eta, kasu horretan ere, eskaintza osoa, ordutegiak eta prezioak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.