Juan Arraiza Irujo (Iruñea, 1974) Informatikan lizentziatuak ikertu du enpresetako zuzendari gorenek nolako prozesua egiten duten enpresetako lanak proiektuka kudeatzeko gaitasunak hobetzearren inbertitu edo ez erabakitzeko. Informatikariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurritako tesiak dioenez, “Litekeena da zuzendariek halako erabakiak hartzeko denbora eta baliabide aski ez erabiltzea, nahiz eta oso garrantzitsuak izan erakundeen estrategia behar bezala hedatzeko”.
Ikerlanak erakusten du lanak proiektuka kudeatzeko gaitasunak hobetzearren inbertitu edo ez erabakitzeko garaian zuzendariek ez dituztela sakon aztertzen horretarako irizpideak edo motibazioa. Arraizaren ustez, zuzendariek erabakiak hartzen dituztenean “satisficing” kontzeptua baliatzen dute, hau da, alternatiba ustez onargarria bilatzeko behar den denbora eta lana hartzen dute, alternatiba onena aukeratzen saiatu beharrean. Kontzeptu hori Herbert A. Simon Ekonomiako Nobel saridunak sortu zuen. “Proiektukako kudeaketa modu eraginkorrean ezartzea erabakigarria da enpresetako helburu estrategikoak bultzatzeko. Horregatik, jakin nahi nuen enpresen bilakaerarentzat hain garrantzitsua den kontu bat ez ote den erabaki behar azterketa sakonagoa eginda eta erabakiak hartzen laguntzeko teknikak eta tresnak erabiliz”, dio Juan Arraizak. Paulino Martínez Landa eta Amaia Pérez Ezcurdia ikertzaileek zuzendu dute tesia.
Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa ikergai
Tesiaren helburua da ulertzea zuzendariek zer-nolako prozesua egiten duten enpresetako lanak proiektuka kudeatzeko gaitasunak hobetzearren inbertitu edo ez erabakitzeko, eta, bestetik, jakitea zer irizpide hartzen dituzten kontuan erabakiak hartzeko. “Zenbait ikerlanen arabera, lanak proiektuka egoki kudeatzeak, hau da, proiektuekin lotutako guztiaren antolaketa osorik kudeatzeko teknikak eta metodoak aplikatuz –baita proiektu zerrendak, proiektu programak eta enpresaren proiektuak ere-– lotura zuzena du erakundearen estrategia behar bezala martxan jartzearekin. Erabakiak nola hartzen diren, zein diren eta horretarako irizpideek zenbateko pisua duten jakinez gero, profesionalek eta ikertzaileek argudio sendoak izango dituzte proiektukako kudeaketan”.
Euskal Autonomia Erkidegoan, batik bat, eta Nafarroan egin du ikerketa Juan Arraizak metodologia kualitatiboa erabiliz. Labur esanda, enpresetako kasu zehatzak ikertu ditu, bost elkarrizketa erdiegituratu egin ditu, eta online inkesta bat betearazi die 70 laguni, dela proiektukako kudeaketan diharduten profesionalei dela enpresetako goi-zuzendariei.
Ikerketaren emaitzek diote halako erabakiak esperientzia eta jakintza aski izan gabe hartzen dituztela seguruenik, eta erabaki horiek hartzeko prozesua intuiziozkoa dela arrazionala edo egituratua baino gehiago. “Nolanahi ere, ikerlanaren emaitzek hipotesi berriak planteatzen dituzte, baina ondorioak ez dira orokortzeko modukoak. Oraingoz, ez dira oinarri nahikoa enpresetako zuzendariak konbentzituko dituen argudio bat definitzeko proiektukako kudeaketarako dituzten gaitasunak hobetzeko komenientziaz. Ikerlan gehiago egin beharko dira orokortzeko moduko ondorioak ateratzeko, erakunde-populazioen segmentu jakin batzuetarako bederen –erakundeen eremu geografikoaren eta kulturalaren, sektorearen, tamainaren eta antzinatasunaren araberako segmentuetarako–”.
Curriculum laburra
Juan Arraiza Informatikan lizentziatua da, eta Softwarearen Ingeniaritzako masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean. Praktikaldia ANIMSA Nafarroako Udal Informatikaren Elkarte publikoan egin zuen, eta, gero, aholkulari lanetan ibili zen PricewaterhouseCooper erakundean, Madrilen eta Londresen. Geroago, Nafarroara bueltatu, eta Thomson Reuters Aranzadi enpresan aritu zen hamahiru urtez.
2005ean, Project Management Professional (PMP®) izateko ziurtagiria eskuratu zuen, eta ANGP Proiektukako Kudeaketako Nafarroako Elkartearen bazkide sortzaileetako bat da 2010az geroztik.
Gaur egun, “senior programme manager” da (programa-kudeatzaile seniorra) Vicomtech ikerketa aplikatuko zentroan (Donostia).