Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Alfonso Carlosena NUPeko errektorea, eta Manuel Torres MTorreseko presidentea

Ezkerretik eskuinera, Alfonso Carlosena NUPeko errektorea, eta Manuel Torres MTorreseko presidentea

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta MTorres Diseños Industriales enpresak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute duela gutxi, Manuel Torres Katedra sortzeko eta ezagutza sorrarazten laguntzeko asmoarekin arlo hauetan: datuen analisi konputazionala, datuen zientzia, adimen artifiziala, eta, oro har, 4.0 industriaren barruan software aplikazioekin lotutako teknologia guztiak. Sinadura dela-eta, duela gutxi elkartu ziren Unibertsitatean Alfonso Carlosena, NUPeko errektorea, eta Manuel Torres MTorres Diseños Industriales enpresaren sortzailea eta presidentea.

MTorres Katedrak zenbait helburu ditu, hala nola ezagutza sortzen laguntzea, irakaskuntza eta enpresa munduaren bilakaera egokia eta integrazioa ahalbidetuko dituen ikerketa aurreratuaren sorkuntza bultzatzea katedraren xede diren jakintza-arloetan eta MTorresek lan egiten duen enpresa arloan eta unibertsitateko ikasleen eta enpresa arloko profesionalen  prestakuntza praktikoan laguntzea.

Lankidetza-esparrua

Izenpetutako hitzarmenaren xedea hau da: ikerketa proiektuak, katedrarekin lotutako doktoretza tesiak eta ikasketen amaierako lanak laguntzea eta bultzatzea, MTorresen ikasleen praktikak antolatzeko ekimenei laguntzea, aipatu enpresak produkzio zentroak dituen esparru geografikoko beste unibertsitate batzuekin trukeak egitea bai nazio mailan, bai nazioartean, bai eta komunikazio eta prestakuntza jarduerak sustatzea, diseinatzea eta antolatzea ere.   Horretaz gainera, sariak eta bekak emateko asmoa dute, eta, azkenik, bisitak eta nazioarteko trukeak sustatzea katedraren helburuekin lotutako esparruan.

Hitzarmenaren jarraipena egingo duen bitariko batzorde bat ezarri beharra ere aipatzen da hitzarmenean, eta gutxienez ere urtean behin bilduko da. Batzorde hori NUPeko bi ordezkarik eta MTorreseko beste bik osatuko dute, eta entitate bakoitzak izendatuko ditu. Batzordearen eginkizunak, besteak beste, honako hauek izango dira: jardueren programa eta dagokion aurrekontua prestatzea, betetzearen urteko oroitidazkia egitea eta lankidetza-hitzarmen posibleen onespena proposatzea.